Liburua: Ander Lipusen antzerkigintza
Egilea: Jaime Valverde Rodriguez
Argitaletxea: Arabako Foru Aldundia
Urtea: 2013
Antzerkiaren egoera, orokorrean, eta euskal antzerkiarena bereziki (nola esan hau, inor ofendituta sentitu gabe?), ez da oso pozik egoteko modukoa. Orokorrean hori gertatzeko arrazoiak antzerkiaren ondoan dauden beste ikuskizun mota batzuekiko lehian ikus daitezke, baina gure kasuan euskal kulturak hiritartzeko eta burgesteko izan dituen arazoetan ere antzeman daitezke. Testuinguru hau kontuan hartuta, interes berezia hartzen du Jaime Valverde Rodriguezek eskaintzen digun saiakerak, “Ander Lipusen antzerkigintza: errituala, kultura eta ikuskizuna” izenburua duenak eta Becerro de Bengoa saria irabazi zuenak. Izenburuan ikus daitekeenez, saiakera honetan Ander Lipus ezizenez ezaguna den antzerkigilearen ibilbidea aztertzen da. Valverderen liburuaren izenburuan agertzen diren hitz horiez gain (errituala, kultura, ikuskizuna), bertan aipatzen diren beste hiru kontzeptu hauek ere hartzen dute berebiziko garrantzia antzerki hau azaltzean: espiritualtasunak, tradizioak eta komunitateak. Honelako antzerki batera doana ez doa ikuskizun bat ikustera, baizik-eta zeremonia batean parte hartzera. Antzerkiak, beraz, kutsu erlijiosoa hartzen du eta bertara hurbiltzen dena komunitatearekiko loturak sendotuko dituen erritu bat berritzera doa. Horregatik, honelako antzerkiak interes handia erakusten du burgestu aurreko forma tradizionalak berpizteko. Eta antzerkiak ikuskizun moduan beste ikuskizun mota batzuekin lehiatzeko dituen eragozpen materialak ikusita, badirudi horixe izan beharko litzatekeela bere esparru naturala.
Baina nago agian honetan ere ez ote garen berandu heldu, inon ez dauden espazio postgeografikoak (William Gibson nobelagilearen hitzetan esatearren) nagusitzen ari zaizkigularik.