Liburua: Teatro Laburreko Saria, Cafe Bar Bilbao 2001-2010
Egilea: Askoren artean
Euskaratzailea: Jon Muņoz
Argitaletxea: Artezblai
Urtea: 2011
Izen bereko hirian dagoen Bilbao kafetegiak 2001etik darama euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzitako antzezlan laburren saria antolatzen. Aurten ehun urte betetzen ditu kafetegiak, eta, besteak beste, orain arte saritutako lanak argitaratu dituzte Artezblai argitaletxearekin, liburu bat euskarazko lanentzat eta beste bat gaztelaniaz idatzitakoentzat. Euskarazkoan, lanen bat lehenago ere argitaratuta zegoen paperean, baina beste batzuek edizio digitala baino ez dute ezagutu orain arte (www.teatro-testuak.com webgunean irakur daitezke batzuk).
Artezblaik berak argitaratzen dituenak kenduta, antzezlan oso gutxi kaleratzen da euskaraz. Hortaz, Cafe Bar Bilbao sariak bide bat eskaini du azken hamarkadan teatro testuak irakurri eta baloratu daitezen. Aretoetatik kanpo eta argitaratutako testu apurretatik kanpo euskaraz antzerkiaren arloan zer idazten ari den ikusteko aukera ona izango zela pentsatuta hasi nintzen irakurtzen liburua, baina onartu behar dut zapore gazi-gozoarekin bukatu nuela irakurketa. Testu batzuek antzeztuta nahikoa irabaziko dutela onartzen dut, eta antzezlanak taularatzeko idazten dira, baina antzezlan handiek testu moduan ere funtzionatzen dute, eta, kasu honetan, lan batzuek ez didate testu moduan funtzionatu. Liburua hamar obraz osatuta dago, estilo eta antzerki barruko hainbat generotakoak. Zaila da hainbeste lanen kritika sakona egitea, eta sailkapen dudazkoetatik ihes egitea; beraz, aldez aurretik onartzen dut kritika hau azalean geratuko dela, lan bakoitzak sortu didan iritzi hutsean.
Absurdua, umorea eta kritika soziala-politikoa uztartzen dira Galder Perezen Eztenbako trikuak eta Krotos 2.0 nahiz Oier Guillanen Herio heroi lanetan. Hiru obretan ohiko errealitatetik kanpoko egoerak kontatzen zaizkigu, eta umorea erabiltzen da gizarteko zenbait gauza kritikatzeko. Hirurak iruditu zaizkit interesgarri, bereziki aipatutako azken biak, umorea eta kritika sotilagoak iruditu baitzaizkit Eztenbako trikuak lanean baino. Pako Aristiren Azken neuronen heriotza-k kritika politiko zuzenagoa egiten du, eta erraz identifika dezakegun errealitatetik abiatzen da horretarako. Nahiko gustura irakurri dut, baina berritasun handirik eskaintzen ez duela iruditu zait. Bestelako umorea jorratzen dute Kepa Gallegoren Sexua.org.asmoa, Aizpea Goenagaren Joetuta eta Jon Urraza Intxaustiren Morritson eta Gartzia: Kultoko antzezlana lanek, baina aurreneko bi testuetan topikoegia eta barre erraza bilatzen duena iruditu zait umore hori niri behintzat, eta hirugarrenak ere akats bera du obraren zati batzuetan, interesgarriagoa iruditu zaidan arren. Atentzioa eman dit hiru lanotan gaztelaniak duen presentzia, umore mota bat egiteko oraindik haren mendekotasun handiegia izango bagenu bezala. Javier Cilleroren Xake-jokalariak eta Patricia Muņozen Auzoa lanek amaierako harridura txikia bilatzen dute, eta ondo ebatzita daude, lehena gai aldetik bigarrena baino interesgarriagoa iruditu zaidan arren. Bukatzeko, Xabier Lopez Askasibarren Piztu gabeko zigarroak lanak elkarrizketarik gabeko obra eskaintzen digu, eta forma aldetik ezberdinena bada ere, Ediporen istorioaren eguneraketa topikoa egin zait.
Beraz, lanak hainbat antzerki molde biltzen ditu, eta zenbait obra gustura irakurri ditut, baina, komedia egiteko orduan bereziki, testu hobeak sumatu ditut faltan. Horrez gainera, forma eta gai aldetik ausartagoak diren testuak beharko genituzkeela uste dut. Dena dela, horrelako argitalpenak beharrezkoak dira antzerkiaren arloan zer egiten ari garen ikusteko.