Liburua: Antzerkiola Imaginarioa
Egilea: Askoren artean
Argitaletxea: Artezblai
Urtea: 2007
Asko hitz egin, ikusi eta idatzi da FTI-Antzerkiola Imaginarioak krisi sakon bat iragarri zuenetik. Horren erakusgarri da BAD’07 Bilboko IX. Antzerki eta Dantza Garaikidearen barruan sortu berri den PRE-BAD espazioan Antzerkiola Imaginarioari eskainitako monografikoa (taldearen hamar urteko ibilbideko lau antzezlan “esanguratsuenak” taularatu ziren). Eta horren erakusgarri dira Artezblaik bi liburukitan bildu berri dituen Antzerkiola Imaginarioaren lau antzezlan dramatikoren testuak: 8 Olivetti poetiko / Mundopolski, erreboltaren ziaboga eta Yuri Sam.Otoitza / Au revoir, triunfadoreak!
Bi liburuetan “agur usaineko” hitzaurre bera sinatzen dute Antzerkiolako taldekideek. Eta irakurlearentzat derrigorrezko ohar bat: “Ez dago liburu hauetan antzezlanik (…) Aktoreak, musika, argiak, jantziak, eszenografia, atrezzoa eta publikoa kendu eta geratzen diren antzerkiaren errautsak baino ez dira testuok”. Antzerki irakurleentzat (irakurle, eta ez ikusle diren neurrian) antzua dirudien ohar honek, ordea, erabateko esanahia hartzen du Antzerkiola Imaginarioak betidanik antzerkia egiteko osagai dramatiko guztien elkarlana aldarrikatu izan duela kontuan izanda. Aldarrikatu, eta publikoari eskaini.
Izan ere, “publikoaren esku geratzen da —publikoa irakurle-demiurgo bilakatuta— hitzoi bizitza emateko aukera”. Irakurleak hitzetatik sortu behar ditu orain beste elementu guztien kolorea, zarata, mugimendua, ahotsen tonua, isiluneak… Ziurrenik, inoiz FTI-ren antzezlanen bat ikusteko aukera izan dutenentzat lan errazagoa izango da antzezlan hauek irudikatzea. Inoiz testuaren pisuagatik (gehiegikeriez edo ateraldi absurduez despistatuta) oholtzan zerbait galdu uste zuenak berriz, hemen ditu testuok lasai eta, Yuri Samek errezatu bezala, “astiro” irakurtzeko. Edo besterik gabe, antzezlanok “berriro bizitzeko”. Era berean, testu hauen bidez lehenengoz Antzerkiolaren lanen berri izaten duena ere ohartu beharko litzateke erabilitako lengoaiagatik, pertsonaien berezitasunengatik edo zernahi txikitasunengatik testuotan asko dagoela hitzen atzean (eta aurrean, eta azpian, eta gainean). Paperean aurkezten diren hitz herdoildu hauek talde-lan dinamika baten ondorio diren heinean, nekez bildu ditzakete sorkuntza prozesuan edota emanaldi bakoitzean izandako eraldaketak.
Hitzaurrean esaten denez, bi liburutan kronologikoki aurkezten diren formatu handian taularaturiko lau antzezlanen testuak Antzerkiola Imaginarioaren ibilbidea modu egokian islatzeko gai dira. Olivettien eta Triunfadoreen lanak antzezlan koralak dira, pertsonaia guztiak etengabe nahasten dira kaosaren eta ukoaren estetika bere eginez. Freskotasun eta bat-batekotasun handiko lana da 8 Olivetti poetiko eta Au revoir, Triunfadoreak! lanaren Garai berrietako komedia tristea azpitutuluak ezin hobeki biltzen du obraren muina. Aldiz, beste bi lanetan hiru pertsonaia aurkezten dira. Yuri Sam-ek otoitz unibertsal bezain original bat eskaintzen du tribu erritu baten bidez. Itxuraz xumeagoa gerta daiteke Mundopolski, erreboltaren ziaboga. Baina utopiaren eta desenkantuaren arteko dialektika biziak norbanakoaren gatazka (handi zein txiki) kontaezinak bildu nahi ditu bere baitan.
Argitarapen hauek ere tragikomedia baten erakusgarri baitira. Benetan pozgarria delako Antzerkiolaren lau antzezlanen testuak (behintzat) argitaratzea. Penagarria dena zera da, antzerki talde esanguratsu bat krisi sakonean murgildu behar izatea honelako lanek argia ikus dezaten. Teatrum mortis et gloriae! Gora bihotzak!