Gora igogailuak!
Agus Perez
Berria, 2011-06-07
“Izarretako bitakora” + “Hura ez da lekua”

Lekua: Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea. Eguna: Ekainak 5.

      Aurtengo Literaturiaren edizioan parte-hartze berezia eduki du EHAZEk eta zenbait ekitaldi prestatu dira antzerki zaletasunaren harira. Igande goizean, antzerki liburuen gaineko mahai-inguru aberasgarri bat antolatu da, eta arratsaldean, besteak beste, bi antzerki emanaldi izan dira Hori Bai gaztetxean.

      Literatura eta antzerkia uztartzearen bidetik, Mikel Martinezek bere aspaldiko harribitxietariko bat oparitu digu, zientzia fikzioaren esparruko ipuin ezagun baten moldaketarekin eta eszenaratze soil baina eraginkor batekin. Kontakizuna dibertigarria da zinez, baina artegagarria ere bada, zeren eta Izarretako bitakora-ko protagonistak bere iraganeko eta etorkizuneko niaren klonak aurkitzen ditu, galaxia artean galduta dabilela, eta horrek areagotu egiten du espazioaz eta denboraz dugun pertzepzio nahasia.

      Bitxia bada ere, barne bidaia batean dabil Hura ez da lekua-ko protagonista bakartia, beraren niaren bila bera ere, munduak eskaintzen dizkion estimulu zentzugabeen artean eta unean uneko zoriontasun txinpartak galtzearen beldur dagoela. ­Metrokoadroka sormen laborategitik irtendako proposamen indartsu honek hainbat esparrutako lengoaiak batzen ditu ­—poesia, musika, antzerkia eta pintura— baina eszenikoki bat egiten dute haiek guztiek eta azken emaitza oso produktu koherentea da, eta helmen handikoa gainera, lokala betetzen zuten adin guztietako ikusleek sentitu duten bezala.

      Ekimen literariotzat hartu ahal dugu emanaldi hau ere, dramaturgia eta elementu eszenikoen diseinu eta erabilera zehatza garrantzi handikoak izan direlako Oier Guillan eta Asier Sarasolaren testuak irudi bihurtzerakoan. Bide horretatik, Ander Fernandezen nota miresgarriak ­—gitarra, klarinetea eta mandolina jo ditu besteak beste—, Iņigo Ortegaren pertsonaia enigmatiko eta erakargarria eta Idoia Beretarbidek klarionez egindako marrazki delikatuak osotasun horren ezinbesteko elementuak izan dira. Ni behintzat ez naiz inor estilo literarioak definitzen hasteko, baina emanaldiaren une batzuetan euskal surrealismo garaikidearen sorrera ekitaldian nengoela pentsatu dut. Beraz, beraiekin batera oihukatu dezagun: Gora igogailuak!