Liburua: Gernika
Egilea: Luis Haranburu Altuna
Argitaletxea: Luis Haranburu
Urtea: 1977
Lan honen aurrean izan dudan lehenengo inpresioa hauxe izan da: zahartuta dagoela. 1977ko Urrian argitaratua izan arren ere, 1980. urterarte ez dut irakurri eta denborak aurrera egin dionaren susmoa gainditu zait. Agian, idatzi zen urtean aurkitu behar genuke arrazoia, eta ez argitaratu zen urtean. Haranburuk kontraazalean jartzen duenez, lana 1974. urterako idatzita zegoen.
Eta komentario hau hasterakoan kontutan hartzen dugu hurrengo hau: dramak errepresentatzeko egiten badira ere, guk irakurri egin dugula, drama ikusteko aukerarik ez bait dugu izan. Ohar hau garrantzizkoa iruditzen zaigu. Gaur ez dakigu eszenario baten gainean lanak inpresio berdina egingo ligukeen ala ez.
Horrela, ba, izan dugun inpresioa gordin-gordinik aztertzen eta irakurketa, gure irakurketa azaltzen saiatuko gara. Eta lanari buruz zerbait jakiteko has gaitezen liburuaren azalean esaten zaigunetik: “Drama eskematiko honetan Euskal Herriaren egoera represiboa tankeratzen da. Hain gertu diren denboretako zoritxarrak nekez gerta daitezke entretenigarri edo teatrogai ba dira beren trajedi kutsuagatik da. Gernika antzerki hau euskal teatro berriaren kontexto formalean finkatzen da”
Firma gabe datorkigu iritzi hau eta, agian, editorearen iritzia izango dugu. Baina ez dugu ahaztu behar, kasu konkretu honetan, editorea eta idazlea pertsona bera direla. Eta guk uste lan hau deskribatzeko (definitzeko (? ), agian) hainbat izenondoko agertzen zaigu. Labur-labur esanda, hauxe dateke Gernika: drama historiko, eskematiko, didaktiko, trajiko, eta, forma aldetik, berria.
Esaldi laburra, “Euskal Herriaren egoera represiboa” adierazten saiatu den obra batentzat. Represioa esaldiak baino luzeago izan bait da. Eta honekin ezaugarri bakoitza pixka bat ager dezagun.
1. – Lana eskematikoa da
Eta ez da nik jarritako ezaugarria, idazleak bere buruari ezarritakoa baizik. Eta “eskema” hitzak zentzu nabari bi ditu; bata restriktiboa: oraindik proiektu mailan dagoena, hots, desarroilo gabea, bere izaera guztia hartzera heldu ez den proiektua. Bigarrena, zentzu zabalagoa: adorno gaberik, muin hutsean datorkigun drama, adorno eta gehiegikeria guztiak alde batera utzirik komunikagintza zuzen zuzena lortu nahi duen testua.
Hitza bigarren zentzu honetan erabili nahi izan dela uste arren ere, lana jadanik kontradikzio batetan aurkitzen dugula pentsatzen dut. Kontradikzioa hauxe dateke: egoera konplexu bat (Euskal Herriaren trajeria) eskema baten bidez adierazi nahi izatea. Baina, presupostu hau teoria mailan argi egon arren ere gai, forma eta egitura aldetik eskematismoa gainditzen saiatu dela Haranburu Altuna esan beharra dago.
Gai aldetik ez delako era bateko errepresioan bakarrik fijatu. Idazlearen pentsakera aztertzeko era bihurtzen zaigu puntu hau, baina horretarako bibliografia eta sakontasun bat behar mango ditugulakoan, aipatu egingo ditugu lan honetan agertzen diren errepresioak: poliziala, turismoaren bitartekoa, politikoa, kulturala, kapitalarena. Hain ezagunak diren kiase opresio eta opresio nazionala ardatzetan batu genitzakeenak.
Egitura aldetik lan honi, desarroilo dialektikoa eman nahi izan zaio: praxis eta teoria, herri xehe eta jigantearen artekoa. Egia esan, ez dakigu puntu honetan lanak asmatu duen ala ez, egitura arloan agertzen bait zaigu lan hau eskematikoen.
Izenburuan esaten denez, drama hau “Bi partetan berezia” agertzen da. Eta parte bakoitzean lau eszena. Eszenok, nolabait esateko, “soituak” dira, ez dute arteko batasun argumentalik. Irakurle/ikusleen giroak emanda dator lotura. Lanak duen inguru errepresiboan oinarriturik. Baina lanean barna, Brachten espresibismoaren teknika jarraitu da. Baina interesatzen zaiguna hauxe da: irakurle/ikusle erreferenteak (idazle eta irakurle/ikusleen kontestua, giroa, esperientzi mundua, mundu errealak daukan garrantzia). Hain zuzen, lana giro errepresibo bat (eta agian, bakarra) sofritutakoei zuzendua al dago? Eta erreferentea aldatzen denean, inpakto berdina egingo al du lanak?
Nik nire erantzuna dut. Eta gorago esaten nuenez, niri behintzat, lana zahar kutsuarekin agertu zait. Baina, jakina, hemen norberaren gustuz eta subjetibitatez hitz egiten ari garenez, goazen gauza konprobagarriagoak zehaztera.
Dialektika esan dugu; herri xehe eta jigantearen arteko dialektika. Halaxe da. Eta eskematismoa guk uste, batez ere puntu honetantxe agertzen zaigunez, hona hemen eszenaz eszena obraren egitura:
Lehenengo aldea
I. – Errepresio ekintza. Jigantea: teoria. Errepresio poliziala. Teoria.
II. – Opresio nazionala. Jigantea: teoria. Turismoa: opresioa. Teoria.
III. – Opresio ekonomikoa. Jigantea: teoria. Langileen errepresioa. Teoria.
IV. – Kartzela. Jigantea: teoria. Askatasunaren errepresioa. Teoria.
Bigarren aldea
V. – Gernika. Jigantea: teoria. “Gernikako Arbola”.
VI. – Madril. Jigantea: teoria. Jigantea erori beharko.
VII. – Errepresio ekintza. Jigantea: teoria. “Gurea da Euskal Herria”.
VIII. – Iraultza. Jigantea. Askatasuna.
Guk jarritako izenak direnez, azalpen eta sistematizazio apur bat behar dutelakoan gaude.
1) Lehenengo eta bigarren aldeak eszena kopuru berdina badute ere, lehenengo aldekoek atal bat gehiago dute: 4 atal, lehenengo aldean eta 3 bigarrenean. Hain zuzen, lehenengo aldean praxis/teoria arteko dialektika bitan agertzen zaigun artean, obrara bigarren aldean tesis/antitesis/sintesis antzeko egitura bat jarraitzen da.
2) Bigarren aldeko teknika, beraz, desberdina da. Eszenaka hiru atal emanez aparte, ez du jiganteak eszenarik bukatuko. Herriaren praktikaren aldeko den koruak bukatuko ditu, askatasunerantz daraman bidea ibilirik.
3) Eskematismoaren ondoriorik garrantzitsuena, nik uste, desarroilo baten falta da. Ekintzek badute progresio bat, baina ez da tentsioz eta klimaxez sortutakoa, elementu txikiez (abestiez…) sortutakoa baizik. Beste era batez adieraziz: eszenen arteko lotura argumentalik, gai aldetiko progresiorik ez egoteak beste era bateko progresio bat eraikitzera bultzatu du lana: elementuen pilaketa edo matizazioak sortutako progresioa.
Elementu progresioak lirateke, batez ere, hurrengo biok: Jigantearen loa, eta kantuen progresioa. “Gernikako Arbola” gurari foralen ezaugarri badugu, “Gurea da Euskal Herria” beste gurari radikalagoena bezala agertu nahi izan da. Hautapena diskutigarria iruditu arren ere, abestien kalitate estetikoari begiratuz, ez dago dudarik horrela egin nahi izan dela.
Lanaren eskematismoa gainditzeko hirugarren maila, arlo bat bazegoela esan dugu. Forma aldetikoa, hair zuzen. Konplexitatea sinbolismoaren bitartez lortu nahi izan da arlo honetan. Sinbolismoa ez da agertzen Jigantearen eta txapelen bitartez egiten den irudietan bakarrik. Irakurle-ikusleak arintasunez interpreta ditzakeen beste hainbat elementu ere aurki genezake. Pertsonaien kontzeptzio eskematiko eta arruntean ere badago topifikaziorantzako joera orokor bat. Labur-labur esanda, forma aldetiko eskematismo lana “kontexto formal” berrian taiutuz lortzen dela esan genezake. Puntu hau, dena dela, geroxeago izango dugu aztergai.
2. – Lana drama historiko eta trajikoa da
Eta esan beharko, ez dela esaldia osoz egia. Lana antzerkia da, zalantzarik gabe, eta historikoa delakoaren puntuan ere duda guti ditugu. Dudagarriagoa egiten zaiguna “trajedia” hitza da. Eta hitz hau erabiltzerakoan, guk uste, elementu bi nahastu dira: Errealitatea eta Fikzioa. Errealitatea izan dugu urteotan trajikoa. Baina lan honetan distantzia bilatu nahi izan da, eta ekintza zatikatuen bitartez dramatismo gutti aurki dezakegula uste dut, eta trajeriaren arrastorik are guttiago. Berriro esanda, ekintza, planteamentu eta hitzaren arteko desoreka dago (praxis eta teoria izendatu ditugu beste toki batetan). Hain zuzen, pertsonaien despertsonalizazioak, sinbolizazioak, orokortasunaren alde jokatu badu (oso teknika ezaguna bestalde, literatura didaktikoa egin nahi denean, eta euskal literaturan, norbait aipatzekotan, T. Agirrek jadanik erabilia, hainbat eskematismo gabe), obraren barne tentsioaren aurka doala uste dut, bere kontzepzio lar intelektualean. Ez dezagun ahaztu Jiganteak asperraldiz ahoa zabaltzen duela obraren hainbat pasartetan.
3. – Lana drama didaktiko bat da
Eta orain bai, hitza geurea da, eta ez idazleak berak jarria. Lanarekin “Euskal Herriaren egoera errepresiboa tankeratzen da”. Baina lanaren helburua ez da geratzen egoera baten erakusketan bakarrik: irakurle-ikuslearen erantzuna eskatzen du, eta herri xehearen aldetik parte hartze bat. Egoera erakutsi bakarrik ez, mezua ere (ideologikoa, agian) erakutsi nahi du. Eta lanak tono didaktikoa duela ez da, ordea, hipotesis mailan bakarrik agertzen.
Tonotik hasi baino ez dago. Tono zuzen-zuzena erabiltzen du Haranburuk. Irakurle-ikusleari hainbat konplizitate kinu eginik. Pertsonai eta Jiganteak erabiltzen dituen lditxe ugariok ditugu kinuok:
“Gora heriotza” (16. or.)
“Ordena lortzeko
Beharrezkoak dira gartzelak” (20. or.)
“NO PASARAN!!!
Kanpoan denak komunista eta masoi dira” (24. or.)
“Lanak plusbalia produzitzen du” (39, or.)
Tono zuzen horren ezaugarririk nabarmenena joskeran daukagu. Normalean esaldiak xinpleak dira, eta laburrak, argiak. Mezua zuzena, borobila, matizaziorik gabea. Horrela, didaktismo joera indartu egin du Haranburuk, xepika kutsu bat lortuz, nik uste.
Baina matizazio falta honetan, nik behintzat, arrisku bat aurkitzen dut. Egia esan, eta nik ikusten dudan ikuspegitik, obra mezuari begira, mezuari zuzendua dago. “Sozial” kutsu batekin. Eta guzti honek, arrisku bat seinalatzen du: obra inguru sozialari begira badago, gizarteari begira, urgentzizko gai bat bezala, erreferente hori aldatzen denean, obrarekin zer?
4. – Euskal teatro berriaren kontextu formalean finkatua
Forma kontzeptua era bitan ulertu beharrean aurkitzen gara kasu honetan. Alde batetik, antzerki moldatzearen formari dagokion bezala, eta bestetik, estilo bezala bereziki ulertua. Tratamendu ezberdina izan dituela lan honetan uste dut, eta lehenengoa, moldaketa, desarroilo pentsatu baten bitartez indartua irten bada, bigarrena askoz ere ahulago ikusten dugu.
Kontestu berri horren elementuak ditugu hain zuzen aipatu ditugun pertsonaien despertsonalizazioa, adierazgarri xinpleen erabilera, eszenatokitik desagertzerik ez izatea aktoreek, pantomima eta gorputz espresioaren erabilera, maskaren jartzea, eta Jigante, musika, eta dantzen agerpena, eta baita, pertsonaiak publikoari zuzenki zuzentzea:
“Jaun andreak:
Ikusgarria da abioien indarra” (57, or.)
“Publikoratz joanaz
6 eta 4
Historiak eskatzen du. Gizonek nahi dute.
Denboraren legea da”. (71. or.)
Elementuen bilketa hau Haranburuk eszenak hasi aurretik agintzen dituen oharretik hartua dago. Guk aipatuak izan ez arren, beste elementu teatral batzuekin osotu dugu zerrenda.
Elementuen desberdintasuna oso nabaria denez, ez dugu puntu honetan beste aipamenik egingo. Gure ustetan garrantzitsuenak direnei azpimarkatze ttipi bat eginez bukatuko dugu.
a) Pertsonaiak funtzio bihurtzen dira eta ez dute nortasunik agertzen. Haragi gabekoak ditugu. Funtzio hitza eszena aurreko oharretan aipatutakoa dugu (9. or.). Horrela, pertsonaiek funtzio ezberdinak osotzeko bidea zabalik dute. Pertsonai batek obrak behar dituen papel guztiak joka ditzake. Pertsonaien funtzionalitatea dugu, ba, lanean ikuspuntu garrantzitsuenetarikoa.
b) Ezaugarri txikien zentzu sinbolikoa. Sinbolismo edo interpretaketa zabal bateranzko bidea pertsonaien multiplizitatez lortua dago. Baina adierazgarria iruditzen zaigu beste esalditxo hau ere: “Funtzioaren aldaketa adierazteko aski izanen dute adierazgarri xinpieren bat erabiltzea” (9. or.). Sinboloak adierazgarri xinpleak dira. Detaile txikiak nahiko dira. Inportantea iruditzen zaigu, honek lanaren errepresentaziorako suposatzen duen erreztasunagatik. Ekonomia aldetik ez du gastu handirik eskatzen eta talde amateurrak antzezteko aproposa dateke. Eta gainera, indartua agertzen da funtzio didaktikoa. Zentzu berean eta lanaren forma “ausartia” azpimarkatzeko, edo bere kontestuan jartzeko begira dezagun akotazio hau: “(maskarak, agian)” (9. or.). Ez al da kontestu formalean pausu handirik eman nahi, oagian” horrek salatzen duenez? Dena dela, maskarak sinbolizaziorako bide dira.
d) Obraren modernutasunarekin jarraituz, azpimarkagarriak ditugu aktoreen pantomima eta gorputz-espresabideak. Argi dago, ezaugarri hau izan dugula, Grotowskiri esker, teatro moderno guztiaren iraultz puntu bat.
e) Sinbolismoarekin oso lotuta dugu eszenarioaren taiuera, alde batetik, eszenak espazio huts bat adierazten du, edozein toki izan daiteke eszena, Pastoraleen tradizioaren barnean bezala. Eta bestetik, espazio horretan elementu adierazgarri eta sinboliko bakar bat agertzen da: “Gernikako arbola adieraz daiteke pinturaz edo benetako arbola baten bitartez” (10, or.).
Jigantearen irudia aipagarria dugu halere. Bere marka sinbolikoak ezagunak ditugu. Baina kointzidentzi bat aipatu nahi nuke. Kilikilariak ere beren Tripontzi Jauna obran horrelako zerbait erabiltzen dute. Agian, Haranburuk eta Kilikilariek gure herrietako jaietan hain ugariak diren Jiganteen tradiziora joko zuten pertsonai honen forma taiutzerakoan.
f) Azkenerako utzi dugu teatro berrian hainbat aztarna utzi duen teatro herrikoi zaharra. Pastoralek obra honetan duen influentzia nabaria dela uste dugu. Bai espazio hutsari bagagozkio, bai musikaren tokiari gagozkiolarik. “Trikitixa bat edo txistulariak agerian egonen dira eszenaren albo batetan… Egokia litzake, pastoraletan bezala estrado batetan musikoak jartzea”. (10. or.).
Tradizioarekin jarraituz, Jigantearen kasuan ere iturburua herrietako jaietan egotea, ez dut uste hipotesi ausarta denik.
Bigarren lekuan aipatu dugun estiloari buruz, berriro aipatuko ditugu gorago jarritako ezaugarriak: Tono epikoa, esaldi xinple eta laburrak, topikoranzko joera.
Tono epikoen froga ditugu, nik uste, lana bertsoz idaztea, librea dugu bertsoa, enkabalgamenturik gabe —bertsolarien eskola tradizionalari jarraituz—, esaldiak soilak eta baiezkoak izatea. Guzti honek, obrari zalantza gabeko tono epikoa ematen dio. Gorago esan dugunez, pertsonaiek diotena hartu edo utzi beharko dugu. Eta hau, hain borobil, arriskutsua da, manikeismora eta mitinismora bide gutti geratzen da hortik jarraituz gero. Manikeismoaren ideia honi pixka bat eustearren, seinalatu nahi nuke klitxe eta topiko gehienak Jigantearen ahoan jarrita ditugula, Jigantearen irudiarekin karikatura bat egiteraino. Bai, zalantzarik gabe, zorioneko eskematismo hori hautsi egin da Jigantearen kasuan, karikaturan jausteko. Dena dela, tono epikoak indar berezi bat lortzen du estilo mailan, zihurtasunak ematen duen inpresioa, hain zuzen. Tono epiko berbera damaiote eszenek. Eszenaren kontzepzioa, esan dugunez, eszenen zatiketan oinarrituta dago, agian Brecht-en expresionismoaren aztarnak jarraiturik.
5. – Laburpen gisa
Bukatzeko, laburpen bezala, Gernika teatro lana desorekatua ikusten dut, zahartua ere bai, eta xinplekeriari emana pasarte bat baino gehiagotan. Desoreka garrantzitsuak egon amen ere, bat seinalatuko nuke garrantzizko bezala:
Itxura berri eta gai aldetiko manikeismo zaharraren arteko desoreka. Mezu ideologiko bat emateko forma berriak aukeratzeak ez du obra salbatzen. Eta nahiz eta itxura, egitura, sinbolizazio eta estilo mailan azertuak egon, eskematismoak kalte larregi egin dio lanari. Gure herriko egoera ezin izango dugu inoiz eskema baton bitartez azaldu, nahiz eta eskema horretan klase borroka eta nazio arazoa baturik egon.