Liburua: Tu quoque fili
Egilea: Antton Luku
Argitaletxea: Kutxa Fundazioa
Urtea: 1996
Hauxe da Ipar Euskal Herriko antzerkigileen iazko bigarren erasoa. Mattin Irigoienek idatziriko “Hautsi da kristala!” lehena zela. Ez da kasualitatea izango lan hauek biak antzerkigintzan euskaraz antolatzen diren sari nagusiak jasotzea, batek Donostia Hiria eta besteak Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga. Era berean, esanguratsua da kontuan hartzea orain arte Ipar Euskal Herritik etorritako lanen artean, pastoralak bakarrik saritzen zirela eta orain antzerkigintza garaikideak eutsi diola erronkari. Txalo bat beraz.
Lan trinkoa da honakoa, egungo hainbat arazo planteatzen dituena belaunaldien arteko ikuspegi ezberdinetatik abiatuta: ama joera zaharrekoa eta seme-alabak joera berriari heltzen diotenak. Hortik abiatuta, esan bezala, egungo gizartean gaurkotasun handia duten gaien aurreko jokaerak erakutsiko dizkigu: Baiona Tipiko bizitza, gazteen jarrera politikoak, kaleko borroka. Baionatik beraz, bertako ikuspegitik ematen zaigu horren guztiaren berri, ohituta ez gauden modu batean, ohituta ez gauden joera batzuen bidez.
Batzuetan narratiboegia gerta liteke, solasaldi luzeak eta sakonak planteatzen ditu eta horrek ekar dezake arazorik antzeztua izateko, kontuan harturik zeintzuk diren egungo joerak. Baina ona litzateke Pirinioen bi aldetara lanean ari den edozein antzerki taldek taularatzeko erabakia hartzea, ikuspegi eta plantemendu aldetik haize berria ekartzen baitu euskal antzerkiaren mundura.
Euskara maila bikainekoa, Ipar Euskal Herriko euskalkiak ezagutzen ez dituenarentzat zaila izan daiteke irakurketari lotzea, baina eredu ederra da, batua bakarra izanda, euskalki ezberdinen ekarria gipuzkeraren mugak gaindi ditzakeela egiaztatzeko.