Zuzendaria: Jean-Marie Broucaret. Lekua: Luhusoko Harri Xuri aretoa. Eguna: Abenduak 4.
Zoroetxe bateko gaixoak balira bezala aurkitu ditugu Chimeres konpainiako antzezleak hasiera batean, haietariko bakoitza bere baitan galduta ibiliko balitz bezala, baina une jakin batean gure aurrean elkartu dira guztiak, melodia labur bat abesteko. Brechten estiloko efektu bitxi horrekin hasi da Oncle Vania / Osaba Vania-ren emanaldia, eta Pascal Gaignek konposaturiko kanta apal horrekin eta beste batzuekin banatu dira Txekhoven obrako lau ekitaldiak.
Agertokiko behegainak xake-taula handi baten itxura hartu du, protagonisten artean jokatzen zen partida irudikatzeko, eta zenbait momentutan elementu eskematiko batzuk erabili dira, hala nola horma zatia, leiho mugikorra eta kafea egiteko makina elektrikoa. Bi funtzio bete dituzte haiek guztiek, dramaturgiarako osagarriak izateaz gain umore kolpe batzuekin zipriztindu dutelako argumentuaren garapena, pertsonaien gainbehera saihestezinari groteskotasun ukitua emanez.
Izenburuak dioen bezala, frantsesez eta euskaraz eman dira solasaldiak, hizkuntza bakoitzaren itzulpena atzeko paretan proiektatzen zela. Euskarazko hitzak Txomin Hegik itzuli ditu, zehaztasun handiz itzuli ere, eta hizkuntz banaketa Txekhoven obrako pertsonaien maila sozialaren arabera gauzatu da, euskara nekazari giroko jendearentzat utziz eta frantsesa hiritik etorritakoen ahotan jarriz, nahiz eta gaur egun diskutigarriak diren banaketa horrek dituen konnotazioak. Bestalde, itzulpen proiektatuek arazo bat dakarte, zeren eta, printzipioz, lagungarriak baitira, baina askotan ikuslearen arreta desbideratzen dute, etengabeko hautua egin behar delako eszenaren eta testu idatziaren artean.
Chimeresen betiko estiloari jarraiki, sendotasun osoz defendatu dituzte beren rolak antzezleek, eta ikusleen aurrean egon dira uneoro, ezkutalekurik gabe. Hala ere, nik uste dut argumentua dentsitate nahikorik gabe igaro dela Vaniaren ilobak azken eszenako bakarrizketa zirraragarria esan duen arte, orduan hartu baitu Txekhoven testuak bere benetako sakontasuna.