Liburua: Ankerki
Egilea: Xabier Mendiguren Elizegi
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 1993
Euskal idazle garaikideen artean antzezlan gehien idatzi duena dugu, dudarik gabe, Xabier Mendiguren beasaindarra. Liburu honek egileak bolada jakin batean —orain dela sei edo zazpi urte inguru— ankerkiaren antzerkia deitutakoaren bidetik egindako lati lan agertzen dizkigu. Besterik ez balute ere, euskal literaturan parekorik ez izateko meritua aitortu behar genieke “Ankerki” izeneko liburu honetan bildutako lau antzezlan anker, basati eta oldarkor hauei, urriak izan baitira gurean Antonin Artauden jarraitzaileak.
Liburuko lau antzezlanen artean, “Publikoari gorroto” da, nire ustez, liburuaren izenburuari eta Mendigurenek garai hartan egin nahi izan zuenari ondoen erantzuten diona, eta baita lanik trinko eta mamitsuena ere seguru asko. Lanaren oinarrizko ideia bikaina da eta, gainera, ideia horrek antzezlanean zehar duen bilakaera oso ondo zaindua eta eramana dago, ideia nagusiari estu-estu lotutako in crescendo bizi-bizian egiten baita hasieratik amaierarainoko bidea. Lan sinplea, adierazkorra eta aberatsa iruditu zait, biribila hitz batean. Lan honen bidez, bene-benetako astinaldi eder eta plastikoa ematen dio Xabier Mendigurenek antzerkigintzaren ikuspegi tradizionalari. Benetako ankerkia da “Publikoari gorroto”.
“Zabortegia” eta “Horren maite zaitut” obrak ere ideia nagusi baten inguruan antolatuak dira, baina obrak aurrera egin ahala ideia tiori errepikatu egiten zaiola sentitzen da, harritu gabe, asperduratik gertu antzean. Eta pentsatzekoa da, antzekoa gerta lekiokeela balizko antzezpenera joandako ikusleari.
“Hiru jolas gaizto”, berriz, horixe dira jolasak, jolas hutsak. Hobe zukeen Mendigurenek jolas hauek, orain artean kaxoi batean gorderik barik, bere garaian Tele5-ko arduradunei aurkeztu izan balizkie, gaztelerara itzulita noski, gaur egun kanal horretan ikus daitezkeen hainbat lehiaketa, erakusketa eta txapelketa txororen aitzindaritzat hartzeko modukoak baitira Xabierrek lan horetan proposatutakoak.