Liburua: Eskola antzerkia
Egilea: Askoren artean
Argitaletxea: Eusko Jaurlaritza
Urtea: 1993
Orri honetan bertan —Agustin Aranzabalen eskutik— aipagai dugun Urruzuno literatur lehiaketaren bidez euskal idazle gazteak lanera bultzatzeaz gain, bestelako ahaleginik ere egiten du Eusko Jaurlaritzak. Oraingo kasu honetan, antzerkiaren inguruko emaitza bat da komentatzea dagokiguna, argitaratu berri diren “Eskola Antzerkia” liburu saileko azken bi aleak hain zuzen ere. EAEko (Gipuzkoa eta Bizkaiko batipat) hainbat ikastetxetan landutako antzezlanak jasotzen dituzte “Eskola Antzerkia” izeneko bi liburu argitaratu berri hauek.
Euskal literaturan, eta mundu literaturan ere oro har, generorik baztertu eta zokoratuena dugu antzerkia, eta horregatik baino ez balitz ere, merezia izango luke liburu honek aipamen berezia. Beste aipamen berezia izango luke, merezimenduz, antzezlan hauek landu dituzten gaztetxoek beraiek emandako antzerkia liburu batean argitaratuta ikustean sentituko duten pozari erreparatzen badiogu.
Hirugarren merezimendua, liburu bakoitzak duen apailatzailearen hitzaurrearen bidetik dator. Lukax Dorronsoro eta Yolanda Arrieta euskal antzerkiaren munduan zer esan handia duten pertsonaiak dira, lanari inoiz inolako beldurrik erakutsi ez diotenak, eta euren lanek jazkera dotorea ematen diete liburuei.