Liburua: Burdindenda
Egilea: Karlos Linazasoro
Argitaletxea: Euskaltzaindia - BBK
Urtea: 1998
Karlos Linazasorok “Toribio Altzaga” antzerki-saria irabazi zuen 1997.ean lan honekin. Antzezpenaren ikuspuntutik konplikazio gutxiko antzerkia da hau: ekitaldi bakar bat, dekoratu bakar bat, eta bi pertsonaia, burdindendako saltzailea eta bertara hurbildu den erosle gaztea, hizketan. Absurdoaren antzerkiaren parametroetan koka daiteke lan hau. Pertsonaiak hizketan pasatzen dute denbora guztia, gai batetik bestera salto eginez, inolako koherentziarik gabe. Funtsezkoena hitz egitea da, hizketaldi horrek esanahirik ez badu ere. Honez gainera, beraien artean planteatzen den egoera, askotan erabiltzen dituzten hitz jokoak edo txiste inozoak, ezer esaten ez duen pertsonaia bitxi baten agerpen laburra, edota antzerki-lanari berari egiten dizkioten erreferentziak ere absurdoaren arauen barruan mugitzen dira. Eta absurdo honen osagarri gisa, umorea-edo izan nahi lukeena. Honelako lan bat irakurri ondoren, duda asko sortzen zaizkit: Idazleak helbururik izan ote du berrogeita hamar orrialde bete eta sari bat irabazteaz aparte? Garai honetan eta euskal antzerkiaren egoera ikusita, zentzurik ba ote du honelako lanak idazteak? Edo agian arazorik larriena: Euskaraz idatzi eta antzeztutako antzerkiak berezko esparrurik ba ote du gurean?