Liburua: Jon gurea, Parisen hatzana
Egilea: Juan Karlos del Olmo
Argitaletxea: Euskaltzaindia - BBK
Urtea: 1999
Juan Karlos del Olmok Jon gurea, Parisen hatzana izeneko teatro lan honetan, Jon Miranderen pertsonalitatean sakondu nahi izan du, honetarako Mirandek bere burua hil omen zuen egun hartan kokaturiko eldarnio moduko batez baliatuz. Mirandez gain teatro honetan agertzen diren pertsonaiek (eta Mirandek berak neurri handi batean) ez dute pisurik. Nolabait esateko, eskema hutsak dira, ideia batzuen errepresentazio lauak eta zurrunak, pertsonen itxurapean. Psikiatra, apaiza, pentsalaria… honelaxe agertzen dira definituta, eta izenak emandako funtzio hori baino ez dute betetzen. Irudi eskematiko hauekiko harremanetan Mirande izeneko beste pertsonaia horrek bere iritzien, kezken, duden eta etsipenen jakitun egingo gaitu. Bestaldetik, abangoardiako teatrotik hurbilago dago, ohiko teatro tradizionaletik baino. Eszenan, gertatu ere, ez da ezer gertatzen, zeren taularatzen dena pertsonaiek elkarri botatzen dizkioten hitzaldiak baitira, bakarrizketak, elkarrizketak bainoago. Beste arazo bat, agian larriena zeren idazlan bati barik genero osoari baitagokio, antzezpenarena da. Euskarazko teatroaren egoera ikusita, mundu honetako jendeak zertan ari den oso ondo aztertu behar duelakoan nago, ezerezaren gainean eraikinik altxatu nahi izan ezean.