Liburua: Josafat
Egilea: Luis Haranburu Altuna
Argitaletxea: Kutxa
Urtea: 2007
Urriak dira urtean zehar euskaraz argitaratzen diren antzerti lanak. Zazpi original zenbatzen ditu Juan Luis Zabalak 2004. urtean bere urteroko kontaketa eskergarrian, 2005ean, aldiz, hiru izan ziren eta iazkoan lau eman ditu bere zerrendan.
Luis Haranburu Altunak (Alegia, 1947), baina, maitasun berezia dio generoari eta euskal kulturaren barnean egin duen ibilbide luzean agertu izan ditu maiz antzerti lanak. Josafat deituriko honekin lotura duten hauek gogoratuko ditugu: Sabino (1986), Loiola (1986), St. Cyran (1986), Zumalakarregi (1986), Lancre (1987). Ikusten denez, euskal historiako pertsonaia nagusiak erabiltzen ditu lanen oinarritzat eta euskal identitatearen eztabaida ematen du bere lanean.
2007ko Donostia Antzerki saria irabazi du Josafat lanarekin Luis Haranburu Altunak eta berriro jarri gaitu euskal historian nortasun handikoak diren pertsonaien artean.
Heldu da Judizio eguna eta San Migel goiaingeruak zenbait euskaldun nagusi deitu ditu Josafateko zelaira: Garibai, Loiola, Larramendi, Santakrutz, Munibe, Chao, Sabino, eta idazleak ere bai: Unamuno, Aresti, Mirande, egoera politikoaren adierazlea den ETAkidea eta mitologiako hiru izaki: Hiriko, Mari eta Nartziso. Ekintza aurrera dola, baina, poeten taldea, gudarien taldea, abertzaleen taldea, eta mitologiaren taldea osatuko ditu San Migelek, eta bakoitzari berea eman.
Material hauekin Haranburu Altunak ideien eztabaidarako lan bat aurkeztu du. Gure gai nagusi bihurtu zaigun nazionalismoari buruzko eztabaida. Eta maila horretan pertsonaia bakoitzari —eta Arestiren kasuan ongi moldatua agertzen da— bere hitz egiteko modua atondu zaio. Baina ezin uka pixka bat kartoi itxurakoak geratu zaizkiola, edo alegoriatik hurbilekoak, beste era batera esanda. Pasarte ironikoek pizten dute estiloaren joera (San Migel eta Danteren arteko elkarrizketa, Barandiaranek Mari ezagutzen duenean bezala), edo identitateari buruzko eztabaidek (Unamuno eta San Migelen artekoak) nahiz eta irakurle honek ezin izan duen didaktismo kutsua burutik kendu. 53. orrialdean adibidez, testuaren mamia laburtzen da, gizakiaren eta organizazioaren arteko oposaketa egiten denean.