Liburua: Desio izeneko tranbia
Egilea: Tennessee Willians
Euskaratzailea: Xabier Payá
Argitaletxea: Alberdania-Elkar
Urtea: 2005
Antzezlan bat irakurtzea ez da taulan edo zinemako pantaila batean ikustea. Desio izeneko tranbia, askoontzat, Vivian Leighen lana da, Marlon Brando gaztearekin, Kim Hunter eta Karl Maldenekin batera, Eliza Kazanen zuzendaritzapean. Hiru Oscar irabazi zituen pelikulak. Vivian Leight zoragarri zegoen Blanche Duboisen paperean, Hegoaldeko dama bat ahizpa bisitatzera etorria. Baina, ikuspegi partikularra, bera bezain zen Marlon Brando. Dena dela, filmeko bukaera eta testuak erakusten duena ez datoz bat. Indar handiagoa du testuak oraindik, hotzean.
Blanche aristokratak topo egiten du New Orleanseko auzune tipikoko eta erdipurdiko jendearekin, haren fineziak topo egiten du auzunean bizi den jendearen zakartasunarekin, emakumeak gizonarekin topo egiten du (Stanley Kowalskirekin/ Marlon Brando filmean). Bien arteko tirabira agerikoak ezkutuan dagoen indar aspaldiko eta bortitz bat askatuko du, ez da soilik emakumearen eta gizonaren arteko borroka edo gerra; zerbait sakonagoa da, berriagoa, lehergarriagoa: desioa. Bi klase ezberdinen arteko leizea dago bien artean, bi mundu urrutikoko partaide balira bezala. Blanchek eta Stanleyk elkar gorrotatzen dute, elkar ezagutu aurretik ere. Horri historia deitzen zaio. Emakumea janzten dituen soinekoak bezain amets arinetan bizi da; gizona, izerditan daraman elastikoa bezain gogorra. Emakumeak iraganeko mundu bat du buruan, eta orainari bizkarra eman dio. Gizonak, etorkina izaki, iraganari eman dio bizkarra eta oraina du gogoan.
Tennessee Williamsen lan onenetakoa da. New Orleanseko bizimodu klase bat ederki adierazten du. Liburua irakurtzen hiriko usainak aditzen dira, janari minarena, zerbezarena, kalekoa, tranbian dabilen jendearena, eta entzun ere entzuten da hiriko musika, polka eta jazza. Tennessee Williamsen ikuspegi zinikoak irtenbide gutxi ematen dio ametsari. Blanchek garesti ordainduko du den bezalako izatea. Desioak suntsitu egiten du desioa duena.