Egilea: Piarres Larzabal. Aitzin solasa: Antton Luku, Ander Lipus. Zuzendaria: Ander Lipus. Musika-sortzailea: Jean-Christian Irigoien. Ekoizpena: Haize Berri, Artedrama. Antzezleak: Oztibarreko Antzerkiko, Hiru Punttuko eta Kitzikatzan/k-eko kideak. Lekua: Miarritzeko Plaza Berri pilotalekua. Eguna: Martxoak 22.
Urtero bezala, eta udaberria etorri dela iragarriz, euskarak bultzada polita jaso du Miarritzeko plaza eta antzokietan, Bi harriz lau xori ekimenarekin. Aurten Ertza taldearen Bihar jaio nintzen dantza emanaldi zoragarria eta Ikuska dokumentaletariko atal batzuen proiekzioa ikusi ditut besteak beste. Lehena Hegoaldeko dantza garaikideak urteetan eman duen onena da eta Ikuska haiek berriro ikustea hunkigarria izan zen, are gehiago Antton Ezeizak berak aurkeztu zituelako.
Baina, dudarik gabe, Ibaņeta zen antzerki zale euskaldunok gehien espero genuena, alde batetik behe-behetik sortua izan delako, Iparraldeko herri-antzerkia bultzatzen dutenen ekimenez, eta bestetik, oraingo eszenaratzearekin testu baliotsu bat biziberritu delako.
Larzabalen hitzek esanguratsu izaten jarraitzen dute idatzi zirenetik berrogei urte igaro direlarik, eta ez bakarrik Euskal Herriaren kondizioak bere horretan dirauelako. Izan ere, egileak ausart jokatu zuen denborarekin, Karlomagnoren tropak, nazien demasiak eta frankistak plano berean jarriz, eta berak planteaturiko egoerak eta paralelismoak zerbait handiago baten isla dira. Gainera, pasarte batzuek sakontasun handia dute, eta haien artean benetan aipagarriak dira apaizaren gogoeta —Larzabalen irudikapena litekeena— eta balizko garaipen armatu baten ondorioei buruzkoa.
Ander Lipusek sorturiko muntaian asko indartu dira jatorrizko testuaren alde metaforikoak, eta indartze horren bilaketan erabateko soiltasunera jo du zuzendari bizkaitarrak. Eszenatokia, esate baterako, luzeran antolatua dago eta ondo bereizten ditu batzuen eta besteen eremuak eta ibilbideak, eta testua errejent baten makilaren hotsarekin hasten da, pastoralei erreferentzia urruna eginez. Baina hautu eszeniko nabariena antzezleen zurruntasuna da. Hain zuzen ere, esku artifizialak daramatzate guztiek eta bakoitzaren besoak geldi-geldirik daude emanaldi osoan zehar. Horrek, harrigarriki, adierazkortasuna areagotu du, aurpegietara eta ahotsetara bideratuz pertsonaia bakoitzaren barne-indarra eta agerian utziz haien guztien kemena eta engaiamendua.
Ibaņeta gaurkotu honek bide berri bat zabalduko ahal du klasikoak berreskuratzeko eta molde estetikoak berritzeko!