Liburua: Candida
Egilea: Bernard Shaw
Euskaratzailea: Jon Agirre Garai
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2002
Bernard Shaw (1856-1950), jaiotzez irlandarra eta hizkuntzaz ingelesa izan zen teatro egile ezagunaren lan bat agertu da euskaraz, Jon Agirre Garairen itzulpenean. Candida deitzen da antzerki hori. Idazlan honetan kontatzen zaigu nola konpontzen den maitasunezko triangelu bitxi bat dei litekeena. Alde batetik, Candida dugu, emakume maitagarria. Candida James Morell erretorearekin zoriontsu ezkonduta dago. Hirugarren erpinean Eugen Marchbanks dago, Candidarekin maitemintzen den gizon gaztea.
Antzerkia Morell eta Marchbanks-en arteko lehia balitz bezala aurkezten da, Candidaren amodioa lortzeko ahaleginetan. Bata, Morell predikari eta hizlari trebea da eta bere ahalmenetan uste osoa dauka. Besteak, lotsatia eta beldurtia dirudi. Hauexek dira bakoitzak plazaratzen dituen armak. Baina aukera Candidak berak egin beharko du eta ahulena hautatuko. Bere garaian, XIX. mendearen azken urteetan eta Ingalaterrako gizarte estuan, antzerki hau probokatzailea izan zitekeen. Nago, ordea, gaur egungo irakurle-ikusleentzat ingenuo samarra izango dela. Askotan ez da nahikoa idazlan bat ona izatea, denboran zehar irauteko: berari dagokion erreferentzia-mundua pisuegia izan daiteke, kontatzen denarekin lotura sendoak sortzeko.