Liburua: Antzerki eta poemak
Egilea: Jon Iruretagoiena
Argitaletxea: Olerti Etxea
Urtea: 2002
Iruretagoine’tar Jon (1899-1982) XX. mendeko euskal literaturaren idazle ahaztuetako bat da. Horreegatik iruditzen zait interesgarria “Antzerki eta poemak” izenburuarekin argitaratu den liburu hau, non idazle ezezagunak literaturaren alorrean burututako lan apurrak biltzen diren. Gutxi idatzi baitzuen Iruretagoiena’tar Jonek, poema pare bat eta hiruzpalau antzerki labur, ia esketxak baino ez direnak. Honez gain, eta liburu honen hitzaurrean esasten denaren arabera, erlijiozko idazki batzuk eta zenbait itzulpen. Gazteleraz, etnologiazko lanen bat ere argitaratu zuen, Barandiaranen kolaboratzailea izan baitzen. Liburu honetan, beraz, literatur lanak agertzen dira. Gaiek, kasurik gehienetan, guztietan ez esateagatik, erlijioarekin zerikusi dute. Liburuan agertzen diren testuetatik luzeenean, “Gau-ostatua” izeneko antzerkian, adibidez, pertsonaiak ia ez dira pasatzen erlijioarekin zerikusia duten ideia batzuen sinbolizazioak izatetik: damua, barkamena…. Gaur egungo irakurleei ziur aski liburu honetan agertzen dena zaharkitua irudituko zaie. Hain zuzen ere, hauxe da liburuak duen baliorik handiena: aipagarria den edizio zainduaz gain, XX. mendearen lehen hamarkadetan egiten zen literaturaren adibidea eskaintzea.