Liburua: Abeslari burusoila
Egilea: Eugene Ionesco
Euskaratzailea: Jon Muņoz Otaegi
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2001
Eugene Ionesco (1909-1994), jatorri errumaniarreko idazle frantsesa XX. mendeko antzerkiaren berritzaileetako bat da. Orain bere lanik ezagunena euskaraz agertu da “Abeslari burusoila’ izenarekin. Bere planteamenduak ez dauka sekretu handirik. Antzerki konbentzionalean ohikoak diren osagaiak (pertsonaia, elkarrizketak, eszenografia) hartu eta koherentzia narratiboa dei litekeena kendu die. Pertsonaiak, beraz, topikoak izango dira, kasu honetan, ohiko ingelesak, ongi hezitako burgesiaren ordezkariak, baina hain topiko bihurtzen dira, non parodia baino ezin baitira izan.
Elkarrizketak, itxuraz, zeharo arruntak dira, baina funts gabeak, berez ez baitira ezertaz ere aritzen. Hitz jarioak dira azken finean. Eszenatokietan agertu ohi diren elementuak erabiltzen dira, adibidez momentu dramatikoenak bere soinuarekin azpimarratu behar zituen erlojua. Lan honetan, hala ere, erloju hori pixka bat burutik jota dagoela dirudi, eta ez dago batere argi zerbait azpimarratu nahi duen ala pertsonaien lepotik barre egin nahi duen. Lan hau absurdoaren antzerkiaren oinarrizko lan bat da. Beraz, itxurazko zentzugabekeria horren guztiaren atzean zerbait gordetzen du: hizkuntzak gizakien arteko komunikazioa sortzeko ezintasuna duelako ustea.