“Sutan”
Agus Perez
ehaze.eus, 2022-05-25
“Sutan”

Ekoizpena: Jaso Fundazioa. Zuzendaritza taldea: Imanol Janices, Irantzu Zabalza, Eva Lopez de Lahoz, Idoia Asiron, Dabid Albira. Iruņeko Gazte Orkestra zuzentzen: Martin Zulaika. Musika-moldaketak: Gorka Pastor, Koldo Pastor, Eneko Aranguren. Lekua: Baraņaingo auditorioa. Eguna: Maiatzak 6.

      Non amaitzen da ikasturte amaierako emanaldi baten tankera eta non hasi ikuskizun zeharo profesionalaren izaera? Nola zehaztu arlo baten eta bestearen arteko muga? Zerk egiten du arrakastatsu proiektu eszeniko bat, betiko maitasun-istorio txatxu batek ala giza balioen aldeko konpromisoak? Egin al daitezke musikalak euskaraz ala beti izan behar dira ingelesez eta, Madrildik igaro ostean, gaztelaniazko bertsioan?

      Honezkero, Iruņeko Jaso ikastolak hamar urte darama esandako itaunei erantzuten erabakimenez, determinazioz, inspirazioz, fedez eta pozez. Non eta Nafarroan, non eta Iruņeko Baluarten, Baraņaingo auditorioan, Tuterako Gaztanbide antzokian eta baita ere Euskal Herriko beste leku handi batzuetan, hala nola Baionako Michel Portalen (antzoki nagusia), Donostiako Kursaalen edota Bilboko Arriagan. Aurten, gainera, Reykjaviken izango den IDEA kongresuan (International Drama Education Association) hartuko dute parte Sutan-en bi emanaldirekin.

      Demagun ez zaizkigula musikalak gustatzen. Benetan? Ze musikal klase ikusi dugu orain arte? Espektakuluaren multinazionalek etengabe promozionatzen dituzten produktu hiper-edulkoratu horietako bat ikusiz gero ez da harritzekoa estilo horrekin betiko nazkatuta irten izana. Gogora dezagun, esate baterako, Kamikaz kolektibokoek Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lan demasekoan salatzen zutela gehien kontsumitzen den fikzioa gizonek sortutako estereotipo merkeetatik sortua dela. Gogora ditzagun, kontrako erara, Bertolt Brechten eta Kurt Weillen antzerki musikatuak, non kabaret izaerako produktuen pean eta saio musikaletan bilduta kritika sozial eta politiko gupidagabea egiten zen.

      Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago aurtengo edizioan Iruņeko Gazte Orkestra aritu dela beraiekin zuzenean, Martin Zulaikaren zuzendaritzapean —hogei urte ditu eta zuzendari ikasketak egiten ari da— eta lehen konpasetatik nagusitu direla musikaren kemena, distira ongi neurtua eta soinu guztien arteko kohesioa. Era berean, aipatzekoak dira musika-moldaketak: nagusiki Gorka Pastorrek egin ditu —Zetak musika taldeko piano-jolea— aita duen Koldo Pastor musikagilearen laguntzaz, eta bi kantetakoak Eneko Arangurenenak izan dira. Bestetik, eta betiko eran, ikasleek beraiek sortu dituzte emanaldirako behar ziren arlo guztiak —testuak, argiak, dekoratuak, attrezzoa, musiken hautaketa…— irakasleek edo espezialistek gidatutako zenbait tailerretan. Taula gainean DBHko berrogeita hamar bat antzezle egon dira eta aurten hiru irakaslek ere hartu dute parte, Triangle lantegiko jabeen eta liburutegiko arduradunaren roletan.

      Ezaguna denez —zoritxarrez ezaguna— New Yorkeko Triangle lantegiari su eman zioten jabeek 1911ko martxoaren 25ean, 123 emakumeren eta 23 gizonen heriotza krudela eraginez, ehungintzako sindikatuak hartzen ari ziren indarra moztu nahian. Oraingo musikalaren protagonistak Clara du izena, Europa ekialdetik dator orduko New Yorkeko migratzaile asko bezala, eta emakumeen lan eskubideen alde jarduten du. Horra hor Jaso musikalak aurten hartutako gaia: emakumeen lan-eskubideak eta generoen arteko berdintasuna. Gai potoloa, zinez, erromantizismotik gutxi daukana baina aurreko urteetako konpromiso sozialaren ildotik doana. Hortik abiatuta, Clarak informazioa bilatuko du babesle baten bibliotekan eta han aurkituko ditu historian zehar izandako hiru emakume indartsuren adibideak: Wang Zhenyi XVIII. mendeko zientzialari eta poeta, aurkezpenik behar ez duen Kleopatra eta Marie Coulon frantziar feminista, Clararen garaiko Euskal Herriko emakumeez idatzi zuena.

      Esandako hiru emakumeak kontuan izanda, New Yorkeko giro langileaz gain, Txina, antzinako Egipto eta garai bateko Euskal Herria bisitatu ditugu, eta horrek parada eman die hainbat eszena gauzatzeko —mundiala, benetan, Egiptokoa— eta emanaldiari barietatea eta ikusgarritasuna emateko, tartean euskal dantzak eta, sutearen unean, akrobazia ikusgarriak izan direla.

      Zenbat kontu tekniko, sozial eta artistiko ikasi dute gazteok! Hona hemen haietariko batek esku-programan adierazten duena: “Jaso musikala opari bat eta inspirazio iturri bat izan da. Arlo pertsonalean asko lagundu nauen proiektua da eta arlo profesionalean, berriz, ate ugari ireki dizkidan proiektua”.