Konpainia: Le petit théâtre de pain. Antzezlanak: “Tartean”, “Juglarea, puta eta eroa”, “Aulki hutsa”. Lekuak: Miarritzeko Les découvertes, Colisée eta Gaztetxea. Egunak: Martxoak 19 eta 20.
Urtero bezala euskarazko zenbait ekitaldi antolatu dira Miarritzen Bi harriz lau xori ekimenaren harira, eta urtero bezala aukera politak sortu dira bertako euskaldunen arteko giroa biziberritzeko. Gainera, hasierako lehen bi egunetan Le petit théâtre de pain izan da protagonista, eta aurkeztu dituzten hiru antzezlanek aukera eman digute Nafarroa Behereko konpainia gaztearen bikaintasuna ezagutzeko.
Dudarik gabe, hiruretan inpaktu gehien sortu digun proposamena Faffiole Palassiok zuzendu eta antzeztutako Tartean izan da. Testuak Michel Azamaren Le sas eleberrian du jatorria, eta bertan bere gogoetak eta sentipenak plazaratzen ditu presondegitik aske irteteko zorian dagoen emakume batek. Testua bera indar handikoa da —are gehiago jakin ostean egileak hainbat presoren kontakizunak jaso zituela idazketa-tailer batean—, baina haren indarraren gainetik Miren Artetxe eta Iñaki Etxelekuren euskaratzeak benetako zirrara sortzen du, bere maila literario jasoarengatik.
Palassioren antzezpena testuaren zerbitzura jarri zen denbora guztian, deklamazio perfektu, gorputz jarrera zehatz eta begirada kementsuarekin azpimarratuz presoaren gogorapen gogorrak eta etorkizunari begirako beldurrak. Bestetik, harrigarria izan zen antzezleak erakutsitako gaitasuna testuko pertsonaia guztiei sinesgarritasuna emateko eta rol batetik bestera di-da batean igarotzeko. Azkenik, argien zehaztasun monokromoa eta eremu eszenikoaren zorroztasun beltza laguntza handikoak izan ziren emakumearen barne-giro itogarria sortzen.
Bigarren antzezlana —Mariya Anevak zuzendutako Juglarea, puta eta eroa— aukera bikaina izan zen euskararen doinu eta kalitate desberdinekin gozatzeko, Dario Foren hiru testuok itzultzaile banaren euskaratze berezia jaso dutelako. Antton Lukuk baxenafarrera aukeratu du Juglarea euskaratzeko, Artzea Lopez Aranak hiri-gipuzkeran eman du Puta izeneko atala, eta Eroa zuberera ederrera itzuli du Allande Etxartek. Hiru kontakizunetan Ximun Fuchs izan zen antzezle bakarra, eta antzezteko duen gaitasun ederra frogatu zuen hiruretan, muturreko pertsonaiei bizi sendoa emanez eta gure aurrean gauzatuz haietariko bakoitzaren karakterizazioa.
Bigarren pieza hau ikusi ostean argi izan genuen konpainiaren ezaugarri nagusia dela elementu gutxi baina esanguratsu batzuekin ahalik eta produktu eszeniko ahalmentsuenak sortzea, inspirazioa, barne-prestakuntza eta testu garaikideen indarra ezin hobeto baliatuz.
Azkenik, Sarrionandiaren Aulki hutsa eszenaratu zuen Manex Fuchsek, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Beste bietan bezala, zoragarria eta erabat indartsua izan zen antzezpena, eta kasu honetan, gainera, Iurretakoaren poetika soil eta sakona ederto azpimarratua zetorren, bozgorailu handia irudikatzen zuen eszenografiarekin, argiztapen tenebristarekin, gogorapenei begira jarritako soinu-banda samurrarekin eta elementu eszenikoen erabilera sinbolikoarekin.