Iratiko oihanean, amua
Agus Perez
Berria, 2021-11-05
“Amua”

Konpainia: Axut!. Testuak: Arantxa Hirigoien, Maite Larburu, Manex eta Ximun Fuchs. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Musika: Maite Larburu. Eszenografia eta jantziak: Fran Dussourd. Argiak: Aitz Amilibia. Bideo-sorkuntza: Eņaut Castagnet. Antzezleak: Maite Larburu, Manex Fuchs, Ximun Fuchs. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Urriak 30.

      Denbora darama Axut! konpainiaren Amua-k Euskal Herri osotik bueltaka, eta urriaren hasieran Bilboko Arriaga antzokian ikusi ostean, berriz ere ikusi dut Barakaldo antzokian.

      Zalantzarik gabe, Maite Larburu da produktu eszeniko bikain honen erakargarri nagusia, gutariko askorengan jakingura sortu duelako nola moldatuko zen biolinista eta abeslari bikainak Fuchs anaiak bezalako erraldoi eszenikoen alboan. Beste kontu zilegi bat ere bazen ea Larbururen hautaketa nolabaiteko marketin kontua edo bere presentzia apaingarri musikal hutsa ote zitekeen. Urrutiko intxaur ustelak hamalau, ordea, eta gerturatu orduko intxaurrik ez, urrea izan delako Larbururen parte-hartzea, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean eta lantalde osoaren jardun kolektiboaren ondorioz.

      Beraz, eta atariko kontuak ebatzi ostean, goazen harira behingoz: Iratiko oihaneko etxola batean elkartu ditu Anak aspaldiko erdi lagun erdi maitaleak izan diren Aitor eta Txolarre, baina azken horiek ez dute elkarren berririk eta ez dute Anaren asmoa ezagutzen. Aurrean dugu, beraz, endredo-komedia klasiko baten eskema gaindiezina, eta bide horretatik garatuko dira argumentuan zeharreko eszena asko. Baina, aldi berean, gure gaurkotasunaren eredu bilakatuko dira hiru pertsonaiak, komedia mota horretako aspaldiko molde ustelduetatik guztiz urrun eta geure bizipenen eta nahien interpretazioan bete-betean eta hutsik egin gabe jotzen.

      Egia esan, eremu eszenikoaren edertasunak txunditu gaitu aretora sartu bezain laster. Aitortzen dut emanaldia hasi aurretiko lehen minutuak eman ditudala haren deskribapena gauzatuko lukeen hitzaren bila. Eskematikoa izan da, baina aldi berean dotorea, egurra nabarmendu da beste ezeren gainetik, eta garbitasuna eta arintasuna ere bai. Argia nonahi egon da hasieratik, bere burua inoiz ere nabarmendu barik, baina egoera eszeniko eta animikoei subliminalki eusten bere kolore eta intentsitate leun eta diskretuen bidez. Mila esker, Amilibia. Eta gero, zuhaitz batek presiditu du guztia, erdi-erdian kokatuta era sinbolikoan, etxolatik kanpo ala barrualdean ote geunden une oro zalantzan jartzen.

      Esandako elementu horien eraginez izan da posible une batzuetan mendiko arrokak, belar-gune txikiak, basoa eta erreka atoan irudikatzea eta beste batzuetan, barrualdea, sukaldea, logelak; zuzenean jotako hari zein haize instrumentuek markatu dituzte eszenen arteko trantsizio emozionalak; Eņaut Castagneten bideo-proiekzio onirikoek Anaren barne-munduraino eraman gaituzte; hiruren arteko solasaldiak gaurkotasun betekoak izan dira —ez naiz ari telebistako gaurkotasun merkeaz— eta hiruren lan eszeniko bikaina Larbururen ahots poetikoarekin osatu da emanaldian zehar izandako abesti pare batekin eta, batez ere, akabuko minutu miresgarrietan.