Altsasu
Maddi Sara Goikoetxea Juanena
ehaze.eus, 2021-12-14
“Altsasu”

Ideia: “La dramática errante” konpainia. Zuzendaritza: María Goricelaya. Antzezleak: Ane Pikaza, Egoiz Sánchez, Nagore González, Aitor Borobia. Eguna: Azaroaren 28an. Lekua: Donostian, Gazteszena aretoan.

      Igande euritsua eta bereziki zakarra izan arren, Gazteszenako aretoa bete egin da, gutxitan ikusten den legez: antzezlana bost minutu beranduago hasi da, sarreran ilara luzea pilatu baita, eta kosta egin zaigu jarlekuetan egokitzea. Bitartean, eszenografiari geratu naiz so: zuria lurra, zuria fondoa, hiru aulki altu eta burdinazkoa dirudien tramankulu bat zoruan zintzilik, argi urdinarekin. Minutu erdira ohartu naiz partikularrak diren aulki horiek tabernetako barretan egon ohi direnak direla, eta Altsasuko tabernara eraman naute. Orduan, zentzua hartu diot. Zuriak ere nire atentzioa bereganatu du: zuria erabiliko den eszenatokiaren partea, zuria aktoreek uki dezaketen oro… zuria, zuria, zuria. Neutraltasuna adierazi nahi dute? Izan daiteke inpartziala?

      Esango nuke etorri garen guztiok badakigula zer ikustera etorri garen, kasua ezin mediatikoagoa izan. Antzezlanak erritmoa hartu duenerako, argi izan dut gidoiaren parte handi bat testigantza errealek osatzen dutela, eta nahikoa fidel zaizkiela. Halako lasaitasun bat sentitu dut, lan hau ikusten duenak egia entzungo duelako, bai orain eta bai etorkizunean ere. Ez dut lasaitasun hori izan “kontakizunaren gatazka” deritzogunaz azken denboraldi honetan. Aldiz, urduritasuna, amorrua eta tristura eragin didate ahoz-aho dabiltzan zenbait pelikulak eta seriek.

      Gorputz, hots eta jantzi-aldaketetan nabarmena den trebeziaz dihardute aktoreek, tarteka, publikoari zuzentzen zaizkigu gertatutakoa sendo ahoskatuz. Antzerkiak berez interpelatzen badu, laugarren pareta hautsita are gordinkiago ukitzen, zeharkatzen gaituela uste dut, eta bere sakoneko asmoari men egiten. Estrategia bera irudikatu nuen nik ere historia erreal batean oinarritutako gidoi batean.

      Musika indartsua da oso, doinu elektronikoz lagundutako albokak eta txalapartak eztanda egiten dute lagun eta maitaleen algara, besarkada eta muxu artean. Dantzek, kantuek, koloreek, pertsonaia mitologiko eta inguru onirikoek herri baten iruditegia sortzen dute. Bizi-bizirik zegoena nola zapaltzen, isiltzen eta estaltzen duten testigu gara. Plazerra ematen dit epaileak azken sententzia irakurri ahala, akusatuei literalki ematen dizkien zartakoak ikusteak. Ez da horren paradoxikoa: zauriak sendatzeko mina aitortu beharra dago, zauriari begiratu eta zauria aitortu, hau da, mingarria dela onartu. Onartu, esan, jakin. Hala adierazi eta hala zabaldu. Ez dut nik asmatu: Egia, Justizia eta Erreparazioa. Euskal Herrian badugu lanik lehenengo horretatik hasita.

      Zartakoen ondoren kartzelara egin dugu salto: gau bat, egunak, hilabeteak… gazte baten amak mila eta piko egun kontatzen ditu. Senideen bisitak, ziega bakartia, patioa zeharkatu behin eta berriro, egunak joan egunak etorri, pausoz-pauso, ibiliz edo korrika. Kartzelan denbora nola kontatzen den galdetzen diot neure buruari, eta kalkulatzen saiatzen naiz. Aitak pasa zituen 5 urteak datozkit gogora: 1, 2, 3, 4, 5. Baina ez dut lortzen: 1, 2, 3… urte batek 12 hilabete, hilabeteak 4 aste… eta gero badira astebete diruditen egunak, edo hiru egun diruditen hilabeteak… baina kosta egiten zait horrelakorik imajinatzea kartzelan. Zer egingo nukeen pentsatzen dut, ia instintiboki, ia ohituraz, edozein momentutan niri tokatu ahalko balitzait bezala. Kaletik polizia ikuste hutsarekin esnatzen zaidan alarmarekin gertatzen zaidan moduan, tente eta urduri jartzen nauen hori: ezer ilegala egiten ez naizela ari errepikatu behar izaten diot neure buruari, ez dudala ezer ezkutatzeko, ez daudela niri begira eta haiek ez dutela nigan nik haiengan bezala erreparatzen. Baina ez nau gehiegi lasaitzen. Nola azaldu… ulertuko al du inork?

      Eszenografiara bueltatu naiz une batez, eta orduan ikusi dut: zorutik zintzilik dagoen burdinazko “tramankulu” hura, argiak eusten dituena, orain gorri dagoena… barroteak dira. Harritu egin naiz: nolatan ez ditut lehenago ikusi?

      Antzezlana amaitu eta publikoak txalo zaparradaz erantzun du, batzuk zutik jarri dira. Aktoreen emozioa agerikoa eta gardena da, bereziki negar-malkotan dagoen aktoresa batena, eta ispilu egin die oraindik isuri ez ditudan baina begi gorrituetan pilaturik dauzkadan nireei. Horregatik, ni ere zutitu egin naiz.

      Etxera bueltan, autobuseko leihotik begira noala, negar-malkotan zegoen aktoresaren irudia oroitu eta aintzat eman dudan zerbait etorri zait burura: gauza berdinengatik egiten dugu negar? Negar batek besteari deitu eta halabeharrez guardia zibilaren eszena ikusi dut, etxean orkatila hautsita, errehabilitazioa zein gogorra izan zen kontatuz. Aretoan entzun diren barre ironikoek ene gorputzean eta airean sumatzen nuena adierazi dute.

      Gerora, María Goricelayari egindako elkarrizketetan irakurri dut alde banatako minak adieraztea, epaiaren neurrigabetasuna eta bidegabekeria salatzea eta elkarbizitza izan dituela helburu, besteak beste. Sarritan entzun ditugun hitzak, baina esaldi batek “klik” berezi bat egin dit barrenean: los relatos son múltiples y, muchas veces en relación a la violencia, irreconciliables. Azken hitza begiratu dut hiztegian, esanahia ulertzen dudan arren, beste “klik” bat aurkituko dudalakoan. Alde batetik, “ezin adiskidetuzko”, “etsai amorratu” jartzen du, eta bestetik, “bateraezin”, “elkarrezin”. Bigarren hauek nahiago ditudala pentsatu dut, eta zentzu horretan, ados nagoela Mariarekin.

      Autobuseko leihotik begira gauza berdinengatik negar egiten dugun zalantzan jarri nuenean, errealitate puntu batez buruan bueltaka zebilkidan ideia lurreratu zait eta Egiatik Errenteriara iritsi baino lehen… jakin dut ezetz: torturatuak izan ziren nire gurasoen historia hori, nik ere publikoari zuzen-zuzen begira kontatzen irudikatu nuen hori… ez dela taularatuko. Ez oraindik behintzat.

      Barroteak begi bistan ditugun arren, ez garelako beti ikusteko gai.