Absurdo zentzuduna
Arantzazu Fernandez
Gara, 2018-05-22
“Oxido. Umore garratza”

 

      Euskarazko antzerki programaziorik onena Euskal Herriko hiriburuetan ez dela izaten gogoan dugularik, Niesseneko (Errenteria) programazioa goraipatu nahi dugu hemendik gaurko kritikan. Gainera, batzuetan, ikuskizunaren ondoren “Atarikoa” deitzen den ekimena abian jarri dute, eta hortxe ibiltzen gara, ardo bat eskuan dugula, aktoreekin solasaldian.

      Orain “Oxido. Umore garratza” lana eskaini digute bertan, gertakizun teatroko obra, hau da, ikusle gutxirentzako oholtzarik gabe areto txikietan antzeztu ohi den lan mota. Hurbiltasun hori benetan erakargarria suertatzen zaio publikoari, batik bat Begoņa Martin, Ainhoa Alberdi, Aitor Perez eta Eduardo Hernando aktoreen lana hain ederra denean.

      Hiru pieza txikik osatzen dute “Oxido”, umore absurdoa ardatz dutela. Atalek kokagune ezberdina dute eraikinean, eta, ondorioz, ikusleak toki batetik bestera mugitzen dira. Horrenbestez, antzezlanak —haren soiltasunean handia— ez du antzokirik eskatzen antzeztua izan ahal izateko, txoko asko izan baitaitezkeelako “Oxido” lanaren antzezleku.

      Pitonisaren eta bezeroaren arteko elkarrizketa zoroa, preso baten gizarteratzerako ebaluazio eroa zein hurrengo egunean agian gauzatuko den maitasun enkontru baten simulazioa jatetxe batean antzezten dizkigu Pez Linbok. Barre sano egitearekin batera, atal bakoitzean bi aktorek haragitzen duten eszenaren epaile konplize bihurtuko da ikuslea. Absurdoa, bai, baina soilik gure normaltasuna muturreraino eramaten dutelako, guztiz neurtua den antzezpen histrioniko baten bidez. Pertsonaiek gure garaikidetasunaren gaitzak besterik ez dituzte islatzen, hala nola, nortasunaren zapalkuntza, auzokideen elkartasunik eza eta bakardadea, besteak beste.

      Egia esan, ikusleok, gure bizitzaren aurrean gaudela konturatuta, algaren artean, distantzia gutxira dagoen ispilu distortsionatu baten aurrean sentitzen gara.