Garai bateko maitasun istorioa
Jaime Valverde
Gara, 2015-12-07
“Eskutitzak”

San Agustin Antzokia. Durango, 2015-12-07. Sorkuntza: Izaskun Arandia eta Itziar Elias. Aktoreak: Itziar Elias, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengoetxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedano.

      Etxean topatutako eskutitz zahar batzuei esker Itziar Eliasek aiton-amonen maitasun istorioaren nondik-norakoak ezagutu ahal izan zituen. 80 urte aurrerago bizitako pasadizo horiek liluratu eta beraietan oinarrituz fikziozko istorio bat sortzea deliberatu zuen, Izaskun Arandiarekin batera.

      Mugalariak laguntza bekaren irabazleetako bat daukagu hasiera batean zinemarako pentsatua zen proiektu hau. Izan ere, zinemaren presentziak blaitzen du sorkuntza osoa: istorioaren zenbait eszena filmatuak izan dira eta proiektore baten bidez tartekatzen dira antzeztutakoekin. Horrez gain, zinemaren narratzeko moduak dira istorioa jorratzeko erabiltzen direnak. Gertakariak zehaztasun handiarekin erakusten dira, eszena asko sortuta hala nola beraiei dagozkien trantsizioak.

      Tonu biziki errealista darabil antzezlanak, Gerra Zibilaren garaiko errealitatea ahalik eta fidelen erakutsi nahian. Pertsonaien trataeran ere nabaria da fideltasun horri eusteko nahia, garai hartako inozentziarekin bizitzen baitute, adibidez, maitaleek beren artekoa.

      Aktore guztiek lan txukuna egiten dute, zinemaren eremutik datorren Izaskun Arandia zuzendariak ofizioz eta zuzentasunez gidatua. Orotara, maitasun debekatuaren kontaketa klasikoa osatzen du obrak, edukiaz nahiz formaz, publiko helduagoentzat bereziki gomendagarria izanik.