Maitasunaren legea
Jaime Valverde
Gara, 2015-11-18
“Etxekoak”

Arriaga antzokia, 2015-11-18. Zuzendaria: Ander Lipus. Testua: Jon Gerediaga. Aktoreak: Kristiane Etxaluz, Javier Barandiaran, Maika Etxekopar eta Lipus bera.

      Etxekoakek kanpokotasuna du mintzagai, eta horretaz jarduteko etxearen barnekaldea, fisikoki nahiz sinbolikoki, hautatu da eszenariotzat. Esango nuke kutsu retro bat dagoela estetikan, espazio itxia sublimatu egiten dela, euskal nortasunaren itxikeriari erreferentzia egiteko, nonbait.

      Maddi gaztea etxera bueltatu da Afrikatik Mamadou izeneko beltz batekin maiteminduta. Mundu aberatsetik ez datorren bikotekidea Euskal Herrira ekartzeko topatuko dituen zailtasun legalak izango dira heroiak gainditu beharreko erronka. Lipusen obretan ohikoa den moduan, poloen arteko talkak ematen dio egitura antzezlanari: etxea/atzerria, legea/askatasuna, zuhurtzia/txoriburutasuna, etab. Zuzenbidearen horma gaindiezinaren kontra egingo du Maddiren maitasun garbiak, Kafka idazlea eta Antigona obra gogoraraziz.

      Burokraziaren estruktura gupidagabea irudikatzen da absurdora eramanez, Lipus bere jokatze gaitasun itzela zenbait erregistro desberdinetan erakusten duelarik. Bere parean, eszenaren animalia den Barandiaranek gozatu eta gozarazten du egokitu zaion pertsonaia ederrarekin; alegia, tuntun jakintsua, erregea biluzik dagoela salatzen duena. Halaber, plazer izugarria da gure teatroaren historia bizia den Kristiane Etxaluz taula gainean ikustea; hala nola Maika Etxekoparren pasioa bere pertsonaia jokatzeko.

      Eta horien guztien ahotsetan, Gerediaga poetaren hitz zoragarriak publikoa oilo azalarekin uzteko. Esan beharra dago oso gutxitan ikusten dela antzerkian Lipus/Gerediaga bikote artistikoak lortzen duen oreka alor bisualaren eta testualaren artean. Lipusek darabilen ekintzaren poetika Gerediagaren hitzezko poetikan bermatzen da eta aldrebes, bata bestearen ondoan biderkatuz baina inoiz ez behar baino gehiago nabarmenduz. Hori dela eta, lan aparta dugu Etxekoak, umoretsu, engaiatu eta samurtasun handikoa.