To! Troiako zaldia
Arantzazu Fernandez Iglesias
Berria, 2025-03-22
“Arizona”

Zuzendaritza: Esteban Roel, Kepa Errasti. Aktoreak: Aitziber Garmendia Mendizabal, Jon Plazaola Larrañaga. Testua: Juan Carlos Rubio. Itzulpena: Kepa Errasti. Argiak: Juan Alberto Gonzalez Vega. Soinua: David Rodriguez. Jantziak: Natalia Mora-Gil. Musika: Jorge Magaz. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: martxoak 20.

      Arizona antzezlana ezagututa, interesgarria iruditzen zitzaigun berriro ikustea, Trump aro berri honen itzalean eta gainera euskarara ekarria. Juan Carlos Rubioren testuak beti izaten dira erakargarriak, eta primeran funtzionatzen dute; gainera, Kepa Errasti maisua izaten da piezak euskaratzen. Koktela ez zen, berez, makala, baina Txalokoek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola bikote garaiezina gehitu dute eta, hara! hortxe dugu Troiako zaldia unikornio maleziagabeaz mozorrotuta.

      Komedia honetan, Margaret eta George basamortuan daude hegoaldeko muga zelatatzen. Migranteen igarotzea trabatzen duten boluntarioen sareko partaideak dira. Senar-emazte horiek Ameriketako Estatu Batuetako muturreko eskuindarraren balioen defendatzaile amorratuak ditugu. Paramilitarren edo parapolizien lanak egiteko largabista bat eta etzaulki pare bat baino ez dute behar. Margaretek arandano tarta bat eta puntua eraman ditu desertura; Georgek, berriz, bere fusila. Orduak kontu-kontari, eleketan emango dituzte, eta hitz horiei esker antzemango ditugu zeintzuk diren beren usteak eta sineskeriak, beren morala edo etika zein parametrotan oinarritzen duten.

      Eta to! Hara non jakin dugun bikotekideak odolkideak direla eta, gure sorpresarako, euskaldun jatorrizkoak, eta hartara, migraziozko iragana ere badutela. Eta to! Hara non bikotearen arteko harremanetako zirrikituak gero eta nabarmenagoak ikusten ditugun, eta horra hor norberaren izaeraren ezberdintasunak azaleratzen diren, harik eta ulertzen dugun arte arraildura hori badela Arizona honen beste ildo nagusia.

      Barre-algaretan egiten du aurrera antzezlanak, nahiz eta gai mingarriak oholtzaratzen dituen. Eta hara non ikuslea konturatzen den Arizona-k barnean duen ezkutuko kargaz, hori baita gidoi honetako merituetako bat. Komediaz baliaturik, AEBetako eta Mexikoko muga arteko migrazio tragediaz mintzo zaigu, eta hizpide horretan bildua dator kritika honetan konta ezin daitekeen beste gai potolo bat ere.

      Ni aspaldian nago Aitziber Garmendia Euskal Herriko Lucille Ball dela. Jon Plazaolarekin osatzen duen bikotea ikustera doaz ikusleak. Biak elkarren osagarriak direla askotan erakutsi dute, baina emanaldian berriro ere mahaigaineratu zen publikoak Garmendia maite duela mundu guztiaren gainetik. Berak, ordea, ez du abantaila hori profitatzen lankidearen lana menosteko, kontrara. Atzokoan erritmoari hausnartzen utzi zion, ez zuen makineria estutu, neurrian aritu zen, errazkerietan sartu gabe, eta hori asko eskertzekoa da. Itzela da emakume horren talentua, benetan.

      Ball-en erreferenteaz gain, komiko klasikoen genealogian beste ama batzuk ditu Garmendiakoak. Moms Mabley, Belle Barth, Phyllis Ada Diller, Carol Burnett, Gilda Radner nahiz Mary Santpere bezalakoen alaba dugu. Eta nolako zura, halako ezpala. Ameriketan eta Euskal Herrian, zeren George eta Margaret hemengoak ere badira.

      Irteeran, ikasle ohi batzuk topatu eta “Aitziber jefea da” esanez agurtu naute eta nik literalki errepikatzen dizuet.