“Aztia” ikuskizuna taularatuko dute gaur Loraldian, kontzertu baten eta antzezlan baten arteko fusioa
Amaia Jimenez Larrea
Berria, 2025-03-19

Don Inorrez taldeak eta Metrokoadroka sormen laborategiak ondu dute diziplina anitzeko ikuskizun hori. Emanaldia Bilboko Kafe Antzokian izango da, 19:30ean. Berria saioaren babeslea da, eta Berrialagunek deskontua izango dute sarrerak eskuratzeko orduan.

      Musika, antzerkia, dantza eta literatura. Adar horiek guztiak uztartuko ditu Aztia ikuskizunak. Urtarrilean Don Inorrez taldeak —Imanol Ubedak eta Karlos Aranzegik— kaleratutako izen bereko diskoan oinarritutako pieza eszenikoa da. Don Inorrez-eko kideak arduratuko dira musika jartzeaz; Metrokoadroka sormen laborategiko Oier Guillan antzerkigileak hitzak jarriko ditu, eta Ainhoa Alberdi dantzariak, berriz, gorputza. Loraldia jaialdia dela-eta emanaldia egingo dute gaur, Bilboko Kafe Antzokian, 19:30ean. Berria emanaldiaren babeslea da, eta, horrexegatik, Berrialagunek deskontua izango dute sarrerak erosteko. Sarrerak Loraldiaren webgunean daude eskuragarri.

      Guillanen Mr. Señora (Txalaparta, 2016) liburua irakurtzen ari zela etorri zitzaion Ubedari diskoa sortzeko inspirazioa. Bereziki gustatu zitzaion testuaren tonua, pasarte batzuk “musikagarriak” iruditu baitzitzaizkion, eta antzerkigilearekin harremanetan jarri zen halako zerbait sortu zezakeen proposatzeko. “Ez genuen nahi hari hamar doinu emanda hark hitzez janztea. Guillan bere lengoaian aritzea nahi genuen”, aipatu zuen musikariak proiektuaren aurkezpenean. Proposamenari helduta, pandemia osteko kultur kudeaketa izan zuen ardatz Guillanek testua ontzeko.

      “Bakarrizketa zabal bat” izan zen testu horretatik abiatuta, kantuak egiten hasi zen Ubeda. Lehen idazki hark Aztia zuen izena, eta hortik dator proiektuaren izena. Denborak aurrera egin ahala, antzerkigilea testu hori moldatuz joan zen, eta musikariak, kantuak sortu zituen.

 

      “Presentzia deserosoa”

      Diskoko kantuak eta testuak batuta osatu dute pieza eszenikoa. Patrika Zabalegi da protagonista, eta Ainhoa Alberdik jokatzen du haren rola. “Zoriona hasiera besterik ez da”, da Zabalegiren leloa; zoriontasuna lortu ondorengo egunarekin amesten duten horietakoa da. Hala ere, ironiaz begiratzen dio inguruari. Gaur egun pil-pilean dauden gaiak eramango ditu oholtzara: bakardadea, besteen beharra, euskal kultura, erakundeen kultur politikak, desilusioari buelta emateko beharra… Ikusleekin hartu-emana sortzea ere bada helburuetako bat; Guillan: “Egoera ezerosoak bilatzen ditu, eta presentzia deserosoa da bere buruarentzat ere”.

      Dantzariak inprobisazioaren bidez ekin zion Zabalegi sortzeari, zertan ari zen “oso ondo” jakin gabe. Butoh dantza erabili zuen horretarako —Japoniako dantza garaikide bat da—. Bestalde, Idoia Beratarbide marrazkilaria izan du lagun protagonistarena egiteko prozesuan; izan ere, hura arduratu da proiektuaren iruditeria eta zuzendaritza artistikoa gidatzeaz. Emanaldiak hasi bitarte etengabe aritu dira pertsonaia moldatzen. Alberdik Aztia-n egindako talde lana azpimarratu nahi izan zuen aurkezpenaren egunean.

 

      Bakarrizketa eta elkarrizketa

      Pieza eszenikoa sortzeko, Guillanek “etengabe” moldatu du jatorrizko lana. Uste zuen baino erronka handiagoa izan da: “Nahiz eta bakarrizketa bat den, elkarrizketa bat da: musikaren eta hitzen, hitzen eta gorputzaren, musikaren eta irudiaren, eta musikaren eta gorputzaren artekoa”. Etengabe aldatuz joan denez, ikuskizunaren muina zein den azaltzea zaila egiten zaio antzerkigileari, baina, hala ere, hau aipatu zuen aurkezpenean: “Des-deslilulari buruzko antzezlan bat da Aztia”.

      Don Inorrez-ek eta Metrokoadroka taldeak sortutako tandemak bigarren emanaldia izango du gaurkoa —otsailaren 8an izan zuten lehena, Donostian—, eta makina bat dauzkate hitzartuta: datorren ostiralean Gasteizko Baratza aretoan arituko dira, apirilaren 6an Usurbilgo Sutegin (Gipuzkoa), maiatzaren 9an Zizurkilen (Gipuzkoa), maiatzaren 16an Andoaingo Basteron (Gipuzkoa), eta maiatzaren 30ean Tolosako Topic-en (Gipuzkoa), besteak beste. Emanaldi gehiagoren berri jakin nahi izanez gero, Metrokoadrokaren webgunea kontsultatu daiteke.