Jon Kepa Zumalde: “Galdutzat eman dezakegu antzerkia kulturarekin lotzea”
Xole Aramendi
Gara, 2025-01-03

Ez dira asko lau hamarkadako bidea jorratu duten antzerki konpainiak Euskal Herrian. “Zepo Zapo”, “Mambrú” antzezlan arrakastatsuaren egokitzapena, oholtzara eramanez ospatuko du Markeliñek gaur Zornotzan. 36 urteko bidea egin du Jon Kepa Zumaldek agertoki gainean. Ofizioak eta antzerkiak gurean bizi duen egoera ditu hizpide elkarrizketan.

      Bi emakume (edo neskato) gerrara soldadu bidali ditu bakoitzaren bandoak. Gudu-zelaian elkartu dira. Elkarren aurka ezer ez dutela ondorioztatuko dute. Gerra, heriotza eta adiskidetasuna. Horiexek, obra ardaztu duten gaiak; konpainiak ohikoa duenez, bizi dugun jendarteari hausnarketarako bidea ematen diotenak.

      Konpainiak 2000. urtean arrakastaz estreinatutako “Mambrú” ikuskizunaren bertsio berrikusia da. Gaur estreinatuko da “Zepo Zapo” Zornotza Aretoan. Euskal Herrian zehar ibiliko da datozen hilabeteetan. Gijonen otsailaren 16tik 21era egingo den Feten haur eta familientzako arte eszenikoen nazioarteko azokan parte hartzeko hautatu dute.

      Istorioak berak ez du aldaketarik. Itziar Fragua eta Nerea Martinez aktoreak ditu protagonista “Zepo Zapo”-k. Lehenak ondo ezagutzen du bere pertsonaia, “Mambrú”-n ere aritu baitzen eta bigarrena, dantzaria, lehen aldiz igoko da oholtzara. Aipatzekoa da Jim Pinchen konpositoreak propio sortutako musika originala duela orain obrak. Argiztapenaz Paco Trujillo arduratu da, eta jantziez, Marieta Soul.

      “Zepo Zapo” ikuskizunak ez du testurik. “Horrek ez du esan nahi ahotsik ez duenik”, zehaztu du. Antzezleek keinu bidez adierazten diote ikusleari kontakizuna. Estetika bisual zaindua dute bereizgarri Markeliñeren lanek eta obra hau ildo horri jarraiki eraiki dute. Gaiaren gaurkotasuna ezin da ukatu. “Zoritxarrez, gaia oso egungoa da. Eta hori ere izan da obra gaur egunera ekartzeko arrazoietako bat”, kontatu du Jon Kepa Zumaldek, konpainiako kideak.

      Minbizia eta dolua gaiak ere landu dituzte beste lanetan konpainiako kideek. “Dramaturgia sakonak egin ditugu, testurik erabili gabe. Meritua du guretzat horrek. Testurik gabe esateak beste puntutxo bat ematen dio. Hau da Markeliñeren zigilua”.

      Mimo talde gisa ekin zion bideari Markeliñek. Aurpegi zuria eta objekturik gabeko antzerkia. “Istorioak kontatzerakoan berehala txiker geratu zitzaigun. Segituan antzerki jestuala egiten hasi ginen, gustukoa izan dugu eta horri eutsi diogu. Objektuak erabiltzea eta aurpegia ez margotzea izan zen lehen aldaketa. Musika zuzenean, dantza, eszenografia, argiztapena, ikus-entzunezkoak… etorri ziren gero. Dantza eta zirkua ere sartu izan dugu. Aukerak zabaltzen zaizkizu sortzeko unean. Hainbat ate zabaldu ditugu eta denak izan dira onak. Max saria irabazi izanagatik ez gara konformatu eta berritzen joan gara”, esan du. Inprobisazioen bidez eraikitzen dute obra. Elkarlanean. Jolasean. “Objektuak eta ekintzak dira abiapuntua”, kontatu du Zumaldek. “Kasu batzuetan jolasen bidez zehazten dugu lanaren norabidea eta beste batzuetan ideia zehaztuta daukagu aurrez. Hau izan da ‘Zepo Zapo’ren kasua. Inprobisazioak istorioaren eszenetara bideratzen ditugu. Gehienetan prozesua oso luzea izaten da. Hasieran tunela bezalakoa da -guk ‘gela iluna’ deitzen diogu-. Izan ere, ez dakigu nora garamatzan. Badakigu une batzuetan argitxoak ikusiko direla -jarraitu du-. Hainbat sari irabazi zituen ‘Mambrú’-k. Estreinatu genuenean berria zen hain gai gogorra lantzea familientzako lan batean. Heriotzaren bat ikusten da agertokian. Nahiz tratamendua poetikoa eta fina izan, oso polita ikusteko, bazen gaiaren egokitasuna zalantzan jarri zuenik. Denborak esan digu arrazoia geneukala apustua egitean eta haurrek lasai eta ondo ikusten dute”.

      Familia osoari zuzendutako lanak sortzen dituzte. “Hasieran helduentzat egiten genuen antzerkia. Laugarren obra kalekoa izan zen eta, noski, parean edonor egokitu daiteke, ume zein heldu. Haurrei jarri genien fokua hurrengo beste proiektu batean, baina ez ginen gustura geratu, infantila geratu zen gure gusturako. Orain familia osoarentzako lanak egiten ditugu. Umeak gurasoekin etortzen direnez, denei zuzendutako ikuskizuna egitea da gure helburua, guztiek ondo pasa dezaten, bestela gurasoak aspertu egiten dira-eta. Mezua duten lanak dira gureak. Gurasoek eta haurrek elkarrekin ikus dezakete eta ondoren hitz egin dezakete ikusi dutenaz. Zer ulertu duten, zer ez… Minbiziaz, doluaz edo amodioaz hitz egiteko aukera eman nahi diegu. Aberasgarria da bi aldeentzat. Hori da gure poztasuna”, esan du.

 

      Zenbakiak

      Kultur programazioaren gai korapilatsuari heldu diogu. Zenbakiek agintzen dute askotan. “Programatzailearen nortasunaren eta askatasunaren araberakoa da. Udal bakoitzak jakingo du zein kultura eskaini nahi dion herriari. Denetarik eta ikusle ororentzat ala bakarrik modan dagoena aktorea telebistan agertu delako, esaterako. Edo obra berriak bakarrik nahi dituzte. Kalitateaz ari gara ala zertaz ari gara? Udaletxe batzuetan jende asko etortzea bilatzen dute. Kultura ezin da izan dirua ateratzeko. Eskaintzak zabala izan behar du eta zaindu egin behar da ikuslea”.

      Beraien esperientziatik ari da. “Gertatu izan zaigu asteburu berean obra berarekin herri batean 100 pertsonarentzat eta bestean 400-500 ikusleren aurrean aritzea. Eta ez dago hainbeste kilometro batetik bestera. Zer nolako aldea… Gestio kulturala da gakoa. Nabaritu egiten da eta ikusleriak erantzun egiten du”, dio.

      Lehen telebista eta irrati bidez ezagutarazten ziren kulturgileak. “Euskal Herrian antzerkiak maila oso altua du, hainbat talde daude oso onak, beteranoak, ez hain zaharrak eta oso gazteak. Jendea gero eta prestatuago dago eta gauza interesgarriak egiten dira gero eta gehiago. Baina Euskal Herria dena da. Kultur programazioa ez da hain handia. Urte osoko programazioak ez du ematen denok presentzia izateko. Eta birak egiteko. Orain sare sozialetan agertzen ez bazara, ez zaituzte ezagutzen. Sarean sartzea gero eta zailagoa da talde berrientzat. Ezin dute aurkeztu beraien lana. Nola emango dute beren burua ezagutzera ezin badute eskaini beraien lana?”, bota du.

 

      Erosotasuna

      “Badira apoltronatuta dauden programatzaileak. Erosoa da festibal pare batera joan, eta han ikusitakoarekin Euskal Herriko talde kopurua betetzea. Zu joan zaitezke zure proposamenarekin, baina urtea beteta dauka jada eta ezin zara sartu”, jarraitu du. Kulturaren balorazioa dago horren azpian? Aisialdi bezala bakarrik hartzen dira arte eszenikoak? “Horixe da gakoa. Kultura, hizkuntza eta kirola sail berean egonda hasieratik hasten gara txarto. Kirolak aurrekontuaren erdia baino gehiago eramaten du, zuzenean. Nahiz ez izan Bilbo eta Athletic. Herri guztietan gertatzen da gauza bera. Ez da hausnarketarik egiten kultur gestioan hartu beharreko norabideaz. Antzokia badaukazu, urte hasieran markatutako ikusle-zenbakiak bete eta listo. Berdin zaie. Pena da, aisialdi moduan ikusten dutelako. Galdutzat eman dezakegu antzerkia kulturarekin lotzea. Pandemia ostean jendeak kalean egon nahi du, ez du antzokira sartu nahi. ‘Barruan geratzen banaiz betirako?’ Beldurra daukagu. Eskolei zuzendutako emanaldirik ere ez dago orain. Eta ez dakit erru osoa pandemiak daukan. Kultura esku pribatuetan geratu da”.

      40 urte irautearen sekretua zein da? “Gure lana sortzea da eta zintzoak izan gara. Ilusioa eta egiten dugunarekin disfrutatzea. Egiten dakiguna programatzaileei, kritikariei eta ikusleei gustatu zaie. Eta horrek indarra eman digu aurrera jarraitzeko. Eskertzekoa da, publikoarengatik egiten baitugu lana”.