Asmo onak, molde “epikoan”
Hasier Rekondo
Deia, 2024-11-30

Liburua: Hau ez da gerra bat

Egilea: Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2024

      Alfonso Sastrek argi utzi zigun Bertold Brecht-en “antzerki epikoak” ez zuela zerikusirik epikotasunarekin. Hortaz, egile alemaniarrak asmatu epikaz ari garenean “ez da “egunerokotasunaren” kontrako epika bat, baizik eta “antzerki dramatikoaren” kontzeptu klasikoaren aurka, Aristotelesen errepresentazio egitura eta moldeen aurka baino; aktoreek istorio bat kontatzen duten antzerkia alegia, ez da istorio hori antzeztuko era dramatikoan. Bada, epikotasuna aktoreen ahotik emango den narrazioari dagokio. Halaber, hirugarren bidetzat jotzen zuen Hondarribian hil zen antzerkigile madrildarrak “abangoardiako antzerkia”, hau da, nolabaiteko jarrera libertarioa agertzen zuena formei dagokienez, jarrera nihilista edukiari dagokionez, hortaz, abangoardiak ez du esan nahi aktoreak publikoaren artetik agertzea edo antzezle-ikusle horma zeharkatzea.

      Moldeak molde, eta Brecht-en jarrera politiko marxistaz harago, azterketa teoriko horien guztiez gain, nago kalitatea, edukiek piztu dezaketen interesa, elkarrizketen lanketa eta irakurlearen edo ikuslearen interesa pizteko gaitasuna balioztatu behar direla, asmo onek ez baitute literatura edo antzerkia on egiten.

      “Hau ez da gerra bat” antzerki-lan honetan, zein era berean triptiko baten lehen “bala” baitzen (“Hau gerra bat da” eta “Bunker”, hitzaurrean Irati Agirrezkuenagak idatzitakoari jarraiki) Mikel Ayllonek idatzitakoak, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren baitan, Brecht-en proposamenaren moldeak erabiltzen ditu nagusiki, halere, lanak agertzen duen ikuspegi nihilista kontuan izanda, baditu abangoardiako antzerkiaren ezaugarriak ere. Alta bada, antzezlanak dituen “arazo” nagusiak jorratutako gaia, asmo onekoa izanagatik, arras jorratua izan dela da. Eta, esango nuke, lanak aurrera egin ahala geroz eta astunagoak egiten direla etengabe errepikatzen diren gerraren aurkako diatribak. Gerraren zentzugabekeria enegarrenez errepikatzea ez baitu narrazio epikoa interesgarriago bihurtzen.

      Ugariak dira gerraren zentzugabekeriaren gainean jardun duten literatur lanak eta horren gainean zerbait idatzi nahi denean, agian ez dut eskatzen halabeharrez zerbait berri idaztea baina sortzailearen eskutik sortutako zerbait erakargarriagoa eta interesgarriagoa irakurri nahi nuke, topiko oso ahituetara etengabe jo beharrean. Zaila da zenbatzea zenbat aldiz esaten duten pertsonaiek “gerra honek ez dauka zentzurik” edo horrelakoren bat antzezlan osoan zehar. Ondo ondutako zerbait pasarte “filosofikoz” harago, ez dut horrelakorik nabarmentzen asmo xaloz mukuru aurkezten den lan honetan.

      Hiru pertsonaiek egituratzen dute lan honen diskurtsoa: Lei-k eta Zan-ek gerran eta bakean bikote-harremana kosta ahala kosta mantendu nahi izango dute, denbora-espazioan galdu egiten den harreman ezindu horrek beste gerra konbentzionalago bat garatuko du: maitasun-gorrotoa. Supermerkatu batean ezagutu zirela nabarmentzat harrigarria egiten da era berean. Hirugarren pertsonaia Magenta dugu, agindu guztiak bete besterik egiten ez duen gerra guztietako soldadua, zer izango lirateke gerrak aginduak betetzen duten soldadurik gabe. Eta zer izango ginateke gu asmo onik gabe?