Zuzendariak: B. Ruiz, L. Ricart eta A. Intxaurraga. Aktoreak: K. Uranga, R. Agirre, A. Aierbe, M. Rubio eta A. Pikaza. Beatboxer: I. Vergara. Gasteszena, Donostia, 2015-03-07.
Hika teatroa, Kabia eta Pabiloi 6 elkartu dira proiektu hau ekoizteko. Aukeratu duten testua, Roland Schimmelpfennig-ek idatzia, bereziki onirikoa dugu. Istorio bat baino gehiago, egoera bat da erakutsi nahi zaiguna, hain zuzen ere, gau arabiarrari egozten zaion eite sentsual eta fantastikoa.
Apartamentu-eraikin batean elkartzen diren bost pertsonaien bidaia pertsonal eta onirikoen zehar garatzen da obra. Bakoitzak bere ekintzak narratzen ditu, nahita hipnotiko eta errepikakorra izan nahi duen estilo batez. Pertsonaien ekintzak paraleloan garatzen dira zenbait momentutan elkarreragin eta berriro bereizteko. Estruktura dramatiko horrek orkestra baten joleak balira bezala jokatzera daramatza aktoreak, eta ikusgarria suertatzen da emaitza.
Ametsa, oroimena eta desioa bosten buruetan nahasten dira errealitateko kontaktua behin eta berriro galtzen delarik. Ikuslea ere, ohiko eskema arrazionaletatik aldendu eta amets fantastiko eta bitxi honetara erakartzen da. Iker Vergarak ahotsarekin egiten dituen soinu efektu bikainek atmosfera osatzen laguntzen dute.
Aktoreek eginiko lan txukunean bermatuta, hiru zuzendariek testuak behar duen giro nahasi, ametsezko eta sentsuala lortzen asmatu dute. Eta obra bitxi hau taularatzeak eskatzen duen ausardiaz gain, estimatzekoa da artefaktu dramatikoari pieza guztien armoniak ematen dion akabera zaindu eta itxurazkoa.