Konpainia: Hika Teatroa. Dramaturgia eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga. Zuzendari laguntzailea: Miren Gojenola. Antzezleak: Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran, Iñake Irastorza. Tokia: Gazteszena aretoa, Donostia. Eguna: urriaren 25a.
Baten bati entzun nion behin denok dugula ama bat, ez du inporta zein animalia zaren. Baina badago ama izateko hamaika modu, egoeraren unibertsaltasunean. Era berean, emakume guztiok gara alaba. Emakumeok gure istorioak kontatzen hasi garenetik, gai hau literaturara, zinemara, antzerkira eta beste esparru askotara eraman izan dugu. Baina oraindik ez dugu aski.
Hika Teatroak 35 urte betetzen dituen honetan, Agurtzane Intxaurragak bere ibilbideari ohore egiten dion Zorretan obra estreinatu berri du Donostian, pasa den ostiralean. Amatasunaren, zaintzaren eta maitasunaren inguruko lekukotasun intimo, ausart eta ederra eskaini digu; edukiari bezainbeste, estiloari erreparatuz: poesiaz blai baitago oraina, iragana eta etorkizuna nahasten dituen istorioa, obsesioz koadrodun gorbataren bila dabilen gizona, pijama erantzi nahi ez duen emakume eroa, uluka ari den ama bat.
“Tragikomedia absurdo eta poetiko” gisa deskribatu du obra Intxaurragak, zeina dramaturgoa, antzerki zein dantza zuzendaria eta aktorea den. Euskal eszenako puntako antzezleak izan ditu bidelagun: Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastorza, zeintzuek haien interpretazioekin testua goratu duten. Lantaldeak eskarmentua eta garaikidetasuna uztartu ditu, euskal teatroari maila pribilegiatu bat aitortuz.
Edukiaren sakontasunari beldurrik, lotsarik eta gupidarik gabe heldu diote, erraietako minari men eginez, orroka. Baina maisutasunez ekarri digute, segidan, bizitzan urteek bakarrik ekartzen duten arintasuna; azken finean finituak garenaren ebidentzia, ekaitzaren ondorengo argitasuna. Jakinduria horren guztiaren barruan, umorea, noski, ezin falta. Ikusleari desio diodana, niri eragin didaten bidaia bera: antzokitik orroka, algaraka eta uluka ateratzea.