Josune Velez de Mendizabalek, Ane Gebarak eta Jason Guerrak osatzen dute Les Bobé Bobé antzerki-konpainia arabarra. Antzerki fisikoa eta absurdoa egiten dute, euskaraz. Konpainiaren sorreraz, han eta hemen eskaintzen ari diren antzezlanez eta etorkizuneko proiektuez galdetu diegu. Erantzunak, noski, Bobé estiloan eman dizkigute.
Antzerkiaren munduan eskarmentudunak zarete Les Bobé Bobé osatzen duzuen hiru lagunak. Nola aurkeztuko zenukete zuen burua? Zein dira zuetako bakoitzaren zeregin nagusiak konpainiaren baitan?
Bi emakume eta buruhauste bat gara, hiru satelite espazio bera partekatzen. Urte askotarako!
Sorkuntza kolektiboa egiten dugu elkarrekin, baina konpainia batean denetarik egin behar da. Alegia, aparteko zereginak hain atseginak ez direnean elkarbanatzen ditugu.
Honela aurkezten dugu gure burua: Jason Guerra, 0.3 fakturazioa egiten eta basamortuan ura aurkitzen aditua; Josune Velez de Mendizabal, katxeta negoziatzeko zein ogi zaharra deskontuarekin lortzeko gai; eta Ane Gebara, superdotatua ezertan ez, Bobé edozertan.
Zenbait urtez bakoitza bere aldetik ibili ondoren, halako batean, Les Bobé Bobé sortu zenuten, “mundua spametik eta asperduratik salbatzeko”. Euskaraz. Zer da, zehazki, Les Bobé Bobé? Zein dira konpainiaren ezaugarri nabarmenenak? Eta zer da Bobé ukitua?
Lehen ikuskizunaren ondoren konpainia sortzeari ekin eta hiru lagun absurdok erabaki zuten izena da Les Bobé Bobé. Umore-mota bera genuela konturatu ginen. Funtzionatzen zuen. Guk ondo pasatzen dugu, eta publikoak ere oso ondo hartzen ditu gure lanak.
Antzerki fisikoa, absurdoa, euskaraz, gazte eta helduentzat eta bi emakumezko aktoreren arteko kimika paregabearekin. Horiexek gure ezaugarri nabarmenak.
Bobé ukitua glamour hutsa da, berezkoa duguna. Hasieran oharkabean pasatzen zaizun ezaugarri bat da, baina, bai, horrelakoak gara.
“Gazte sortzaileak” beka eskuratuta, 2019an eta 2020ko pandemian zehar eman zenioten forma Eta kittorik ez! ikuskizunari, eta urte berean estreinatu zenuten. Nondik sortu zen ideia? Zer kontatu nahi izan zenuten aurreneko lan hartan? Zer-nolako ikuskizuna da?
Giza harremanen mugak izan genituen abiapuntu. Hortik, eta gure ezaugarri fisikoak oso antzekoak zirenez, ahizpa bikien arteko erlazioaren nondik norakoari heldu genion. Jolasa izan zen oinarria, jolas-ariketak, publikoak erraz identifikatzen zituenak, eta horien bitartez emozioak lantzen genituen, maitasunaren eta gorrotoaren arteko muga non zegoen kolokan jarriz.
Publikoaren erantzuna ikusita, 2022an, (H)ondoko gela estreinatu zenuten, Lola del Rigodon inspektore zahar herrena eta Susana Hotkins ikertzaile hasiberri, eder eta anbiziotsua protagonista dituen thrillerra. Hainbat gairi buelta emateko eta hausnarketarako bide gisa baliatu nahi izan zenuten umore beltza?
Inspektore- eta detektibe-rolak historikoki gizonek jokatu izan dituzte. Eta horietaz ere barre egin nahi genuen: isilune luzeak, kafe amaigabeak, erretzaile sutsuak sor dezakeen interes eta nazka puntu hori, laneko erlazio berrien hierarkiak... Jokoa ematen duen gaia da thrillerra. Denok dugulako buruan imajinario hori. Gainera, bi emakumeren gorputzetan kutsu maskulinoa azaleratzeak badauka absurdo eta kritika puntu bat.
Tartean, Metrokoadroka Kolektiboarekin topo egin, eta Tranpola taldearekin batera, Txilin hotsak sortu zenuten, 2020an Principal Antzokiaren Off Lokal deialdian hautatu eta estreinatutako antzezlan laburra. Zein da kontatzen duzuen istorioa? Nolakoa izan zen sortze-prozesua? Zer abantaila edo zailtasun ditu era horretako ikuskizun batek luzeagoekin alderatuta? Oso ezberdinak al dira, gero, lan horiek erakusteko zirkuituak?
Yolanda izeneko neskatilak itsasoa lehenengoz ikusteko helburuarekin bere jaioterritik kostara egiten duen bidaia kontatuz hasten gara, baina, bat-batean, gure asmo artistikoak agertzen dira eszenatokian, eta istorioak aldarrikapen kutsua hartzen du. Sormen-prozesua Metrokoadrokako Oier Guillanekin eta Jabi Barandiaranekin egin genuen; euren kanpo-begirada lagungarri izan genuen denbora guztian. Oso dibertigarria izan zen, eta prozesuan sortutako umore absurdoa ikuskizunean oso ondo antzeman daiteke.
Pieza laburrak berez esplosiboagoak direla esan daiteke, hau da, kontatu beharrekoa kondentsatuago dago; luzeagoek beste tenpo bat daukate. Horrek sorkuntza-epeetan ere eragina du.
Eta zirkuituei dagokienez, bai, oso ezberdinak dira. Pieza laburrak non-nahi egin daitezke; ohiko antzokirik ez dagoen tokietara heltzen gara, baita institutu eta eskoletara ere.
Iazko azaroan “Umorea eta metxak” antzerki-tailerra gidatu zenuten, Zuian. Nola jaso zuen jendeak? Zertarako balio dute era horretako jarduerek?
Zuian eta beste hainbat herritan egin genituen tailerrak eta emanaldiak: Oionen, Berantevillan, Agurainen eta Lagranen. Kultura-emanaldiak ohikoak ez diren lekuetara antzerkia eramatea zen gure helburu nagusia.
Publiko gazte eta helduari zuzenduta zeuden tailerrak, eta, batzuetan guretzako denbora ateratzea kostatzen bazitzaigun ere, tarte politak sortu ziren herri guztietan. Jendeak asko eskertu zuen hurbildu izana, eta elkarrekin egoteko eta barre egiteko tartea beti da atsegina.
Esan behar dugu herri guztietako tortillak probatu genituela, eta argi ikusi genuen Araba bananduta dagoela: tipularekin eta tipula gabe. Hori bai, ardoa, Arabako Errioxakoa!
Les Bobé Bobé konpainiaz harago, zuetako bakoitzak beste proiektu batzuk ditu. Zein dira une honetan martxan dituzuenak? Nola egiten duzue proiektu horiek eta Les Bobé Bobé-renak batera aurrera eramateko?
Gaur egun Google Calendar-en apuntatzen dugu noiz joan behar garen komunera; beraz, amankomuneko tarte libreak zuriz daudenak izaten dira.
Jason La Monstrenka aretoan egoten da erratza pasatzen, eta antzerki fisikoko tailerrak ere ematen ditu. Umorez zipriztintzen ditu ikasle guztiak. Kuxkuxeatzeko: https://humoresensutinta.com.
Ane ipuinaren eta antzerkiaren artean bizi da. Furgoneta maletaz, ipuinez eta katxarroz beteta izaten du beti badaezpada, azken momentuko deiren bat jasoko balu ere.
Josune plazaz plaza dabil, bai antzerkiaren bitartez proiektu Bobéekin zein bestelako taldeekin (esaterako, Ogiak hizketan baleki ikuskizunean ari da, Mamiak kolektiboarekin), bai aurkezle-lanetan ere (kazetaritzan eskarmentua duenez, formal eta serio egoteko gai ere bada).
Orain, egonaldi artistiko batean zaudete hirurok elkarrekin. Zer ari zarete prestatzen? Zer aurreratu dezakezue?
Orain, momentu honetan, idazten ari gara. Garaion Sorgingunean gaude sorkuntza-egonaldian. Asko ari gara hitz egiten, baina zer esaten dugun batzuetan ez dugu argi. Zuei ez zaizue gertatzen?
Mundua ulertezina den garai hauetan, bi emakumeri zerbait ulerterraza, zentzuduna eta koherentea eskatzen zaien momentuan, hekatonbe artistikoaren eztanda sortzen da: Boom grrrrr pum pam fliiiiis! Txof... Hitzak ez du balio jada. Gu Dada u Lala gara!
Martxoaren 10ean, Bilboko Loraldia jaialdiaren baitan, Dala u Lala estreinatuko dugu La Fundición espazioan. Bazatozte, agurtu, asko gustatzen baitzaigu jende berria ezagutzea.