Hika Teatroa lan berriarekin dator. “Zorretan” obrak gaur egun jendartean zentralitatea hartzen ari den gaia darama eszenara: zaintza. Agurtzane Intxaurragak ezohiko ikuspuntua dakar antzezlanean. Zer gertatzen da zu zaindu zaituztenez arduratu nahi duzunean baina ezgai sentitzen zarenean? Ezustez betetako obra ondu du konpainiak, mingotsetik eta gozotik duena. Eszenan: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran.
Beldurra
“Berari hainbeste eman diote, bera ez dela gai hori bueltan emateko... Hau da gure protagonistaren beldurra. Erabakitzen du hori onartu eta ulertaraztea. Eta behar bada horregatik egongo da beti zorretan. Sentsazio hori dauka”.
Modu naturalean etorri zitzaion gaia. Zaintza. “Ez zen izan erabaki kontzientea izan. Erraietatik idatziko testua da. Zaintzarena gai unibertsala da. Kasu honetan beste ikuspuntu bat adierazi nahi izan dut. Zaintzarako ezintasuna ez da bakarrik denborarik ez izatea. Izan daiteke ez asmatzea nola zaindu. Badira pertsona batzuk oso zainduak sentitzen direnak eta era berean sentitzen dutenak ez dakitela zaintzen. Berari hainbeste eman diote, bera ez dela gai hori bueltan emateko... Hau da gure protagonistaren beldurra. Erabakitzen du hori onartu eta ulertaraztea. Eta beharbada horregatik egongo da beti zorretan. Sentipen hori dauka”, azaldu du Agurtzane Intxaurragak (Orozko, 1966).
“Gizarte honen gabezia” da zaintza, antzerki zuzendariaren hitzetan. “Arazo estrukturala da. Beti egon da emakumeon gain, eta orain uzten ari gara emakume kanpotarrengan. Eromena da. Jende gero eta nagusiagoa dago eta indibidualismoa erraldoia da. Hori da sistema honek eskatzen dizuna, elkarren artean konpetitzea. Ni neu auzolanean hezia izan naiz, eta antzerkia zerbait bada kolektiboa da. Mina ematen dit kolektiboan horrenbesteko eraginik ez egotea. Gu militanteak izan gara. Ez diot militantziagatik egin behar denik, baizik sentitzeagatik ondokoa, auzokoa, familiakoa, laguna... Eta galtzen ari gara. ‘Pentsatu zugan’ da denbora guztian jasotzen dugun mezua. Honek gabezia emozional ikaragarria sortzen digu. Ondorioak ikusten ari gara, gero eta altuagoa da gaixotasun mentalen ratioa, suizidioarena, bakardadearena... Eta bizi omen gara komunikazioaren garaian teknologia berriekin”, esan du.
Ez da gaia lantzen duen lehen aldia. “Arantxa Iturbek eta biok aspaldi hitz egin genuen zaintzaz ‘Aitarekin bidaian’ lanean”, gogoratu du.
Maitasuna da obra honetan landutako beste gaietako bat. Elkar maite duen bikotea du protagonista. “Emakume protagonistak, bere ezintasunaren barruan, zenbat maite dituen ingurukoak! Agian ez daki adierazten. Islatu dudana ez da harreman toxikoa, hortik aldendu nahi nuen”, dio. Amatasunak ere badu pisua. Ama ez izatearen nahiak, zehazki. “Protagonistak ez du ama izan nahi, baina ez du horretaz hitz egin nahi”, argitu du. Eta beldurrak. “Okerrena pentsatuz ari gara beti. Baina obrak uzten du hortik aldentzen, umoretik”, adierazi du Intxaurragak.
Bost egonaldi
Zuzendaritzaz eta dramaturgiaz arduratu da Hikaren lan berrian. Ondoan izan du, zuzendaritzan laguntzen, Miren Gojenola. Ostiral eta larunbat honetan ikusiko du argia antzezlanak Donostiako Gazteszenan. Apiriletik hona bost egonaldi egin dituzte lana ontze bidean. Errenteria, Eibar, Bilbo —bi tokitan—, Igorre eta Gazteszena izan dira geralekuak. “2017an herrietara joateko erabakia hartu genuen, bertan sortze prozesua egin eta ahal dela bertako komunitatearekin lantzea. Bada komunitatea egiteko eta Hika ezagutarazteko modu bat. Esfortzu handia eskatzen du. Askoz errazagoa da areto bat alokatu eta dena bertan egitea. Ekoizpen aldetik lan gehiago eskatzen du, antzoki bakoitzarekin egutegia lotu behar duzulako”.
Aktoreen bila hasi eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaranengana jo du. “Luxua izaten ari da, eurak ere oso gustura aritu dira lanean. Sormen prozesua ederra izaten da sentitzen duzunean inbestigatzen ari zarela, probatzen, askatasuna ematen, arriskatzen... Eta oraingoan horixe gertatu da. Ekipoak ilusionatuta jarraitzen duela ikustea zoragarria da”, nabarmendu du, pozik.
Aktoreak
“Iñake hasieratik garbi nuen. Berak amarena egiten du. Aldi berean ahuldade puntu ikaragarria eta maitagarria ematen du eta oso gogorra eta zuzena ere izan daiteke. Gero Miren etorri zen. Laguna dut, oso okupatuta dago; eta testuak ukitu egin zuenez, erraza izan zen bere parte hartzea. Azkena Jabi izan zen. ‘Hitzak’ ikuskizunean elkarrekin lan egindakoak ginen. ‘Ez da izango berriro gizon maltratadore bat jokatzeko?’, galdetu zidan. ‘Ez, justu kontrakoa da. Gizon maitagarria da’, erantzun nion. Eta baiezkoa eman zidan”, kontatu du.
Zuzentzea zein idaztea. Ezin banatu. “Idazten dudanean, zuzentzen aritzen naiz era berean. Zaila egiten zait zuzendari eta idazle alorrak desberdintzea. Estilo jakin bat dut gustukoa. Kontzeptuala, naturalismotik urrundu egiten dena, fisizidadea, mugimendua, arkitektura koreografikoa...”, adierazi du.
Soinuak presentzia garrantzitsua du “Zorretan” lanean. “Begietatik bakarrik ez, istorioa belarrietatik ere sartzea bilatu dugu. Podcast modukoak prestatu ditugu. Idazketatik halaxe zetorren”.
Sorpresak
Ezustez beteriko antzezlana da. “Obrak badauka gauza bat polita, Mirenek horixe esaten zidan. Uste duzu dena ulertzen ari zarela eta bat-batean kolpe bat dago. Eta esaten duzu: ‘Hau ez da nik ulertuta neukana’. Iruditzen zait hau dela obraren erakargarritasuna bat. Nik askotan jokatu dut trama puzzle modura aurkeztuz —(‘La Tarara’n edo ‘Koadernoa zuri’n—, baina hemen ez. Publikoa ez da galduta egongo, hasieratik edukiko du dena ulertzen ari den sentsazioa. Jolas absurdoak ere badaude, eta deskolokatu egiten du ikuslea. Garbi neukan hasieratik publikoari aktibo egoteko eskatuko niola”, ohartarazi du.
Baditu une gogorrak eta gozoak, tartekatuz doaz. “Ez da obra pisutsua, freskoa da. Baditu bere momentu sakonak eta poetikoak. Ikuslea gonbidatzen dut disfrutatzera. Plazera izango da hiru aktoreak eszenan ikustea. Niretzat plazera da nire testua defendatzen ikustea, sinesten dutelako nire testuan”. Badauka beste geruza bat lurrari lotutakoa. “Beharra neukan horretaz hitz egiteko. Pertsonak lurrari lotuta gaude, nahiz ez duen ematen, badirudi makinari lotuta gaudela. Emakume honek non ditu oinak? Lurrean ditu”, esan du. Intxaurraga beraren bizipenak ikus daitezke, baserrian jaioa baita bera, nahiz Donostian, hirian, bizitzen daramatzan hamarkada luzeak.
Heriotza eta bizitza elkartuta. “Lurra jaiotza eta heriotza da, biak. Bizitzaz hitz egiten dugu eta heriotza ere azaltzen da. Heriotza bada zerbait, amaitzen denean ere. Dolua dago. Ez da fisikoa bakarrik”.
Hiru hamarkadako bidea
Hika antzerki konpainiak 35 urteko bidea egin du. Intxaurragarentzat bere bizitzako proiektua da. Hasierako garaietatik berak bakarrik jarraitzen du taldean. “Hika kolektibo moduan hasi zen. Nahiz orain konpainian bazkide bakarra izan, saiatu naiz lankideekin talde sentsazioa mantentzen, beste taldeekin saretzen, dantzarekin batez ere, eta zirkuarekin ere bai”.
Beldurrak uxatu eta pausua aurrera eman du obra zerotik sortzean. Bakarrik idatzi du oraingoan. “Nork bere buruarekin pudore handiagoa izaten du. Ingurukoei testua pasatu nien, haiek animatu ninduten eta aurrera egitea erabaki nuen. Konpainian hasieratik nago eta zer hobeto 35 urte hauek ospatzeko neure testua taularatzea? Ospakizunekin bukatzeko modu bikaina da”, esan du irribarrea aurpegian.
“Nire buruari idazteko aukera eman diot, 35 urte hauek eman didaten eskarmentutik. Zuzendari, dramaturgo, ekoizle... alor desberdinetako esperientziarekin. Betiere nigandik ateratako testua idatziz. Beti jartzen duzu zure bizitzatik zerbait, baina zure erraietatik atera behar duzu, istorioa fikzioa izan arren. Nik behintzat hala sentitu dut idazterakoan”, jarraitu du.
Etengabeko ikasketa. “Saiatu naiz ez geratzen egiten dakidan horretan. Sormenak bizirik egoteko ezin du izan beti berdina. Konfort gunetik atera eta berritzen saiatu naiz. Hikaren sormena bizirik dago eta bizi dituen garaietara egokitu du. Oso inportantea da. Antzerkia bada bizi ditugun garaiak ulertzeko tresna. Nik sentitzen dut Hika bizirik dagoela. Gero jendeak esango du”, esanez amaitu du.