Oilar maitekorra
Agus Perez
Berria, 2024-10-22
“Marmarra”

Konpainia: Atx Teatroa. Egilea: Jon Gerediaga / Atx Teatroa. Zuzendaritza: Atx Teatroa. Zuzendari laguntzailea: Gabriel Ocina. Musika: Aitor Abio. Eszenografia: Atx Diseinu eta Sorkuntza. Atrezzoa: Naiara Beistegi. Antzezleak: Aitor Etxarte, Alazne Astorga, Estibaliz Villa, Garazi Etxaburu, Mirian K. Martxante, Sandra F. Agirre, Sandra Tejero. Lekua: Arrigorriagako Lonbo aretoa. Eguna: Urriak 18.

      Arrigorriagako Lonbo aretoan ikusi dugu Atx Teatroaren Marmarra-ren estreinaldia. Arrigorriagako euskaltzaleez gain, nabaria zen aretoan antzerkizale ezagunen presentzia, eta horrek berotasuna eta kutsu berezia eman dizkio emanaldiari.

      Besaulkia hartu dugunean, oihala ez zegoen itxita, eta han ikusi dugu eszenografia metalikoa, oso Iñaki Ziarrustarena benetan. Eskumako aldean, oilategi abstraktua, handik jardun duelako Garazi Etxaburuk —Dantzaz konpainian hezia eta orain bere ibilbide profesionalari emana— oilarraren rolean nagusiki. Arrain irudimentsu bat ere izan da ezkerreko aldean bere urmael surrealistan, Sandra Fdz. Agirrek bikain jokatuta.

      Gainontzeko bostek —ederto haiek ere— erdiko egiturako familiaren muina osatu dute, eta esandako animaliak izan dira sendiaren pentsamenduen ezinbesteko kontrapuntua, abereak eta piztiak tresna ahalmentsua direlako gizakion portaerak, beldurrak eta nahiak irudikatzeko. Jon Gerediagaren testuan ere jokatzen dute animaliek rol emankor hori, baina ez literalki Samaniego arabarraren alegietan bezala, era subliminalean baizik, denen esaldi ustez zentzugabeetan txertatuta edo familiako kideen pentsamendu errepikakor eta apal-apaletan ezkutaturik.

      Elkarrizketarik gabeko eszenaratzea dugu, antzezle bakoitzak bere barne munduari atxikita agertzen zaigu eta guztien artean osatu da emankizunaren argumentua. Pentsamendu arrazional elaboratuak bainoago emozio singleak, oinarrizko sentimenduak adierazi dira: naturaren kontaktuan bizitzeko nahia, betiko etxea leku seguru bezala, oilarra maitasun toxikoaren sinbolo lez, aspaldiko kantek ekarritako zirrara… Hala ere, zerumugan dute noizbehinkako marmarraren mehatxu gero eta nabarmenagoa.

      Intelektual jarrita, berba egin genezake Sartreren existentzialismoaz, Artauden krudelkeriaren teatroaz, Meierholden biomekanikaz edota Kantorren antzerki hilaz —hasierako panpina itxurako antzezleak gogoan—, horietatik guztietatik edan dutelako Ziarrustak eta Gerediagak. Baina nahiago dut ikusle izan eta emanaldian zehar ikusi ditugun irudi plastiko ahalmentsuak eta umore estrainioko pasarteak gogoratu. Amaitutakoan burrunba itzela sortu dute antzerkiaren ar biziberritua tripetan zeramaten ikusleen txaloek eta oihuek.