“Miñan”, egia eta gizatasuna oholtzan migratzaileei buruzko gezurren erdian
Maider Iantzi Goienetxe
Gara, 2024-10-16

Ibrahima Baldek ahoz kontatu zuen lehenbizi, Amets Arzallusek eskuz idatzi gero, eta Artedramak antzeztuko du orain, ostiral honetan Luhuson hasita. Hagitz gogorra izanagatik, baikorra den benetako istorio hau kontu eta mimo handiz helarazteko zodiak polit bat eraiki du 20-25 laguneko taldeak. Ander Lipus zuzendariak aurkezpenean adierazi zuenez, erronka handia izan da, baina pozik daude hartutako erabakiekin eta bidearekin.

 

      Musikaz ere bai

      Gorka Urbizuk abesti bat aterako du laster “Miñan”-en inguruan eta antzezlanaren aurrerapenean aurkeztu dute haren zatitxo bat. Bera ere izan da entseguetan. “Ikaragarri ederra da Ibrahimak ahoz, Ametsek idatziz, guk antzeztuz eta berak musikaz kontatzea”, erran zuen Lipusek.

      Artedramak antzerkira eraman du Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako “Miñan” liburua, eta jendetsua eta berezia izan zen atzo Sarako leizean egindako prentsaurrekoa; Ander Lipus zuzendari eta aktoreak azaldu bezala, herri honek badu mugaren sinbolismo hori. Gainera, bertan elkartu zen talde askotarikoan indarra eta konplizitatea sumatzen zen.

      2019an Susarekin plazaratu zen ginearraren bizitzaren kronikak biziki hunkitu zuen markinarra, baina artean ez zuen antzezlan bilakatzeko asmorik. Geroago ezagutu zuen Timberlake Wertenbaker, Saran laketutako dramagile ingelesa. “Little brother” itzulpena egina zuen, eta Londresen antzezlan bat sortzekotan zirela kontatu zion. Pandemia zela-eta bertan behera gelditu zen asmo hori, eta hor piztu zitzaion Lipusi Euskal Herrian saiatzeko gogoa.

      “Zorionez, gero eta koloretsuagoa da gure herria; beltz euskaldunak baditugu, baita aktore oso onak ere”. Hala jarri zen harremanetan Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye-rekin, Zumaia, Gebara eta Ermuko aktore gazteekin. Wertenbakerri proposatu zion elkarlanean aritzea, eta ondoren Arzallusi. Baietzak jasota, 20-25 pertsonako taldea eraikitzeko bidea ireki zen, “jendeari migratzaileen tragedia hau iristea helburu”.

 

      Ibrahimaren zauria eta haria

      Hendaiako idazleak eskua dardaraz idatzi zuen liburua, istorio bortitza delako. “Antzerkian hitza ez ezik gorputza ere jartzen da eta kezka nuen nola erakutsiko zen Ibrahimaren zauri hori eta hari hori. Haria da Ibrahimak nola kontatzen duen, nola askatzen duen eta nola josten duen. Bere artea”. Liburua leitzean dardara hori sentitzen du oraindik, eta antzerkia ikustean begietan sentituko duelakoan dago.

      “Ibrahimarekin hitz egin nuen. Berak aurrera egin zuen, eta orduan nik ere bai”. Pozarren dago orain, konfiantzarekin eta esker onarekin.

      Wertenbakerrek liburua irakurri eta berehala nahi izan zuen antzerki bat egin. “Hunkigarria da, gogorra, baina baikorra. Ibrahimaren arimak badu zerbait. Plazer handia izan da aktoreekin aritzea ere, oso onak dira”.

      Philippe Ducou izan da zuzendari laguntzailea eta koreografoa, aktoreen gorputza marraztu duena eta dantza eraiki duena, nahiz eta euskara ez ulertu. Ateak ireki ditu, Ibrahimaren barne mugimendua ikusteko.

      Manex Fuchs aktore zuzendari eta Axut kolektiboko partaide lartzabaldarrak obra bihar ikasleen aitzinean estreinatuko dutela erran zuen. Antzokian, berriz, etzi, Luhuson. “Halako ikusmina sortu duen istorio bat, Artedramak antzerkira ekarria, eraikitzeko erraza izan daitekeela pentsa dezake norbaitek, baina ez da. Gure itsasontzia aski artisautzaz egina da. Harituz egitasmoa sortu dugu eta horren baitan emanen dugu ‘Miñan’”.

      Aktoreek paper ugari antzezten dituzte. Kaye, besteak beste, Miñan da. Aldarrikatu zuenez, “oso une egokian heldu da antzezlana: migratzaileen inguruan zabaldutako gezur eta deshumanizazioen erdian, oholtzan gorpuztuko dugulako egia eta gizatasun pixka bat”. Irazusta ere gozatzen ari da duela urtebete pasatxo hasi zuten sorkuntza prozesu honetan. “Oso polita izaten ari da” bertzeak bertze ama eta Ismail txikia antzezten dituen aktore hasiberri honentzat. Diabyk egiten du Ibrahimaren papera eta “gogo handia” du erakusteko eta obrarekin bidaia abiatzeko.

      Balde Madrilen bizi da eta ezin izan zen aurkezpenera etorri, baina Bilboko emanaldian izanen da.