Afrikatik Europara, Ozetatik igarota
Edurne Begiristain
Berria, 2024-09-08

Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren antzerkirako moldaketa entseatzen aritu da Artedrama konpainia Garaion Sorgingunean, Ozetan. Balderen istorioa “zaindu” nahi dutela azaldu du Lipusek. Urriaren 24an estreinatuko dute, Bilbon.

      Oholtza gainean zurezko eta tamaina askotariko hainbat kutxa han-hemenka, haien inguruan flotagailu beltzak, koloretako oihalak eta zaku zuriak barreiaturik. Aurrealdean, gidoia eskuetan hartuta, alboz etzanda dago Sambou Diavy aktorea. “Bagoaz!”, oihu egin du Ander Lipus antzerki zuzendariak. Hasi da entsegua, eta Ibrahima Balderen ahotsean mintzatuko da Diavy aurrerantzean. Miñan liburuko protagonistarenean, alegia. “Tangerren lehen gaua geltoki batean pasatu nuen, banku batean”. Aljeria atzean utzi eta Maroko igaro nahian da Balde antzezlaneko une horretan; baina Ujdatik Tangerrera bide luzea da oinez egiteko, eta eskuineko hanka makal izanik, autobusez egin du bidaia. Tangerreko autobus geltokian eman du gaua, eta biharamuneko lehen orduan hurbildu zaio afrikar bat. Mikel Kaye aktorea ari da haren rolean: “E! Hemen zu eta ni bezalakoak basoan bizi dira”, esan dio. “Zatoz nirekin!”. Lurretik jaiki da Diavy, eta lagunaren ondoan jarri, harekin batera basora igo zela azaldu bitartean, ramadan garaian: “Non nago?”. Kaye: “Begira, hau Boli Kosta da, eta hori Nigeria...”. “Itxaron!”, entzun da aretoaren atzealdetik orduan. “Zatoz nirekin basora esaten baduzu, zergatik esan behar duzu gero basora igo zinela? Ez da behar. Kendu egingo dugu, fuera hori!”, erabaki du Lipusek. Gidoian egindako aldaketa gustuko duela iradoki du Philippe Ducou koreografo eta zuzendari laguntzaileak buruarekin. “Ok!”.

      Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburuaren (Susa, 2019) antzerkirako moldaketaren entseguak egiten aritu dira Artedrama konpainiakoak Ozetako (Araba) Garaion Sorgigunean, lau egunez. Hilaren 2tik 5era egonaldia egin du lantaldeak han, Ander Lipus antzerkigile eta Artedramako kidearen zuzendaritzapean, eta lanari azken ukituak ematen aritu dira. Lipus bera aktore ariko da taula gainean, Sambou Diavy, Eihara Fernandez de Larrea eta Mikel Kaye aktoreekin batera. Philippe Ducou koreografoaren laguntza izan dute egonaldian.

      Miñan lanaren estreinaldia urriaren 24an izango da, Bilboko Arriaga antzokian— 24an, 25ean eta 26an eskainiko dituzte saioak, euskaraz—, baina aurrez egonaldi gehiago egingo dituzte. Ozetaren ondoren, eta Durangon (Bizkaia) jantziekin, argiekin eta musikarekin saio batzuk egin ostean, Luhuson (Lapurdi) hiru asteko egonaldia egingo du lantaldeak— irailaren 30etik urriaren 17ra— eta Manex Fuchs aktore zuzendariarekin batera arituko dira estreinaldiaren aurreko azken entseguak egiten. “Aktore lanetan sakontzeko aukera emango digu Fuchsek”, azaldu du Lipusek. Izan ere, interpretazio lanari bere tokia emanik ere, Ozetako egonaldian eszenen antolaketari eta egituraketari erreparatu diete batez ere. Hiru zatitan banatuta dago Arzallusen eta Balderen liburua, eta hala taularatuko dute obra Artedramakoek ere. “Lehen eta bigarren zatia gogoratu genituen atzo —astelehena— eta hirugarrena muntatzen ari gara orain, ez baitugu oso argi bukaera nola egin”.

 

      Moldaketak, une oro

      Ginea jaioterria atzean utzi, eta anaia gaztearen bila Europarako bidaia hasi zuen Ibrahima Balderen egiazko historiaren ñabardura txikienak antzerkira ahalik eta modu fidelenean eramatea ez da lan erraza. Erronka itzela dela onartu du Lipusek: “Liburua antzerkira egokitzea lan handia da; zer gauza kontatu eta zer ez, hor dago koska. Dena ezin baita oholtzara eraman, obrak bost ordu iraungo luke bestela”. Ordu eta erdi inguru iraungo du Artedramaren antzezlanak.

      Migratzaileek maiz sufritu behar duten odisea gogorra bistaratu zuten Arzallusek eta Baldek liburuan, Balderen beraren bizitza ardatz harturik. Afrikatik Europarako bidean, basamortua eta Mediterraneoa zeharkatu zituen; pasatzaile, Polizia eta bahitzaileekin topo egin, eta denetariko sufrikarioak pairatu zituen: mina, gosea, eta egarria. Emozio horiek denak eszenara eramateko prozesua ere zaila dela nabarmendu du Lipusek, Baldarena ez delako fikziozko istorio bat: “Benetako istorio bat da, eta hori zaindu nahi izan dugu”.

      Liburuaren antzerkirako egokitzapena Timberlake Wertenbakerrek egin zuen 2021ean (Little Brother: an odyssey to Europe), baina, pandemia tarteko, ezin izan zuen Ingalaterran taularatu. Gerora, Lipusek hartu zuen euskarazko bertsioa oholtzaratzeko erronka, eta Wertenbakerrekin elkarlanean moldatu zuen testua. Ozetan eta Azpeitian (Gipuzkoa) egindako egonaldietan ez, baina aurretik egindako beste entseguetan parte hartu du Wertenbakerrek, eta, beraz, lau eskutara egin ahal izan dituzte aldaketak: “Eta moldatzen jarraitzen dugu, hamaika bertsio ezberdin egin ditugu. Moztu, kendu, aldatu...”, erantsi du Lipusek. Ozetako egonaldian, adibidez, hainbat egokitzapen egin dizkio gidoiari Artedramako zuzendariak, eta han bertan jakinarazi dizkio lantaldeari. Wertenbakerrena ez da izan konpainiak obra ontzeko izan duen laguntza bakarra: Arzallus ere bidelagun dute, eta aholkulari ibiltzen da liburuaren moldaketan egiten dituzten egokitzapen guztietan.

      Lipusentzat berria da liburu bat antzerkira eramateko prozesua. Lehen aldia izateak eman ohi duen bertigoaren gainetik, baina, poza eta gogoa nagusi dira konpainiako zuzendariarengan, baita prozesuan topatu dituen zailtasunei aurre egiteko ere. Kontatu du ez zaiola samurra egin, esaterako, Arzallusek eta Baldek liburuan erabilitako “poetikari” eustea, baina gogotsu ari direla: “Ametsek hitzez nola kontatzen duen ikaragarri ederra da, eta gure erronka da hitz horiek ekintzara eramatea”. Ekintzak “marrazteko” prozesua bi planotan egiten ari dira Artedramakoak: batetik, Diabyk narratzailearen lana egiten duenean, Balderen istorioa lehen pertsonan kontatzen dio antzokiari; eta, bestetik, eszena baten parte bilakatzen denean, narratzaile lana utzi eta aktore gisa jarduten du.

 

      Errealitate bat bistaratzeko

      Hiru hilabete eman ditu Baldek Tangerren, izuturik, Poliziak harrapatuko ote duen. Europara heltzeko programa batean sartu nahi du, zodiak batean, baina gutxienez 3.000 euro eskatzen dizkiote. Merkeagoak dira programak Nadorren, eta hango basoetan sei hilabete igaroko ditu. Egun batean, Poliziak basoa inguratuko du, eguneko arroza prestatzen ari diren bitartean, eta denak korrika aterako dira. “Doge-doge! Polizia, goazen!”, oihu egin du Kayek, berriz ere eszenan murgilduta. Batetik bestera mugitzen hasi dira Diaby, Lipus, Fernandez de Larrea eta Kaye oholtzan. Eszena moztu du Ducouk, eta emozio eta mugimendu gehiago eskatu die aktoreei: “Always moving, don’t stop never” (Beti mugimenduan, ez gelditu inoiz), esan die. Ducouk behin baino gehiagotan eten ditu entseguak aktoreei argibideak emateko eta haien interpretazioak zuzentzeko. Lipusek ere bai.

      Fernandez de Larrea marmita batean kozinatzen ari den neska marokoarraren lanak egiten aritu da, eta “biziago” mugitzeko edo marmita beste toki batean jartzeko iradoki diote Ducouk eta Lipusek. Aktore lanak egiten dituen lehen aldia du, eta umiltasunez onartzen ditu bere lanari egiten dizkioten zuzenketak. “Ikasketa prozesu bat da niretzat, esperientzia berri bat”, aitortu du. Obran amaren rola egiten du, eta beste txiki asko ere bai. Eskolan irakurri zuen Miñan liburua, eta “barru-barruan iltzatuta” geratu zitzaion Balderen istorioa; orain, esperientzia latz hori taula gainera eraman ahal izateagatik “zortekoa” dela dio.

      Liburuan kontatzen diren gertakizunak ez zaizkie arrotzak hiru aktore gazteei. Kayek maiz entzun izan ditu etxean gisako esperientziak, hori bizi izan baitute familiaren inguruko lagun askok: “Ibrahimaren istorioa ezagutzen nuen, berea eta bera bezalako beste hamaikarena ere bai”. Uste du Afrikatik Europarako bidea egiten duten migranteen bizipen latzak azaleratzeko modua emango duela antzezlanak, eta alde horretatik “aukera” gisa ikusten du.

      Diabyk, berriz, ez zuen liburua ezagutzen, baina aise identifikatu zen kontakizunarekin, haren aitak antzeko bizipenak izan zituelako. Hortaz, gustura ari da antzezlana egiten eta protagonistaren azalean jartzen, nahiz eta aitortu duen aktore gisa horixe bera egiten ari zaiola zailen. “Baldek bizi izan zuen errealitatea gorpuztea da nekezena, haren bizitza nire azalean jartzea”. Liburua oholtza gaineko hizkuntzara eramateko prozesuaz mintzatu da Kaye: “Gure lanak ekintzetara lotuak daude, oso txikiak dira, eta asko daude, eta asmatu behar dugu kontatzeko dugun hori ekintza guztietara bideratzen”.

      Basoan dela, programak saltzera joan den Bahry pasatzailea da orain Lipus. Bi marokoarrekin igo da basora, eta Balderengana hurbildu da: “Ez daukat programarik zuretzat, baina badaukat beste zerbait”. “A bon, zer?”, erantzun dio Diabyk. “Nahi baduzu nire etxera etor zaitezke, hurrengo programa prestatu arte”, Lipusek. Hortxe eten du entsegua Artedramako zuzendariak: “Bada, hemen utziko dugu. Hau da marka! Ia goiz batean muntatu dugu hirugarren zatia!”, oihu egin du pozarren. Algaraka hasi dira gainerakoak. Bazkaltzeko ordua du lantaldeak, arratsaldeko entseguari ekin aurretik. Lan txukuna egiten ari diren sentipena du Lipusek, eta nahiko gustura dago: “Asko kostata, baina ari gara amaiera ikusten”.