Mikel Ayllonek eta Pablo Barriok idatzitako “Hau ez da gerra bat” eta Pablo Barrioren “2074” lanak 24. eta 25. aleak dira, hurrenez hurren .
Antzerkia plazara eramateagatik “pozik”, are gehiago lan batek “obra bat baino gehiago” barnebiltzen dituenean, Ganbilak ospakizunerako data borobila gainditu du astearte honetan aurkeztu diren bildumako 24 eta 25. aleekin, Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategiaren “Hau ez da gerra bat” eta Pablo Barrioren “2074” lanak hurrenez hurren. Bien bitartez, Oier Guillan, Ganbila bildumako editoreak esan bezala, euskal antzerkiaren “argazki garaikide bat” plazaratzea izan da asmoa eta, horretarako, “literaturara eta plazara antzerkia idazten ari den jendearen ahotsak” bildu dituzte.
Lehena “antzezlan itxurako hiru bala” dira, “Bunker”, “Hau ez da gerra bat” eta “Hau gerra bat da”, “lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak” bezala definitu dituztenak eta Ayllonek esan bezala helburu oso argia dutenak. “Artearen bitartez gerra bat bizi gerra gehiagorik bizi behar ez izateko”. Antzerkiaren panoraman hartutako bide hori goraipatu du Guillanek, ez soilik edukietan, prozesuko pauso bakoitzean ere nabari baitaiteke.
“Hau ez da gerra bat” lana Ayllonek sinatzen badu ere hitzartzean argi utzi zuen hainbatetan lan kolektiboa dela eta harekin alboan izan dituen Irati Agirreazkuenaga eta Igor Arzuaga zein inguruan bildu direnak “funtsezkoak”. Lehenak sinatzen du “Bunker” hitzaurrea, “ekarpenaren kokatze ideologikoa” eta bigarrenak azala ere diseinatu du.
Piszifaktoria Ideien Laborategia 2015ean sortu zen aurkezpenean esan bezala “zeresana genuela pentsatzen genuelako eta euskarazko antzerkigintzak bultzada bat” behar zuela iritzita. “Entzuna diet Sarrionandiak Saizarbitoria, Urretabizkaia, Lasa eta beste askori euskal literatura modernizatzeagatik hasi zirela idazten. Guk lengoaia moderno bat ekarri nahi dugu, hizkuntzarekin lotua ere baina ez soilik”. Ordutik formatu ezberdineko piezak, lehenik txikiagoak eta “testuari lotuagoak” eta denbora pasa ahala “ausartzen, pentsatzen, berritzen” joan dira. Horren isla da “Hau ez da gerra bat”, “gerrari buruzko triptikoa”.
Aurkeztutako liburuaren ideia duela zazpi urte otu zitzaien, baina bidea ez da batere erraza izan, Ayllonek oroitu duenez. “Milaka ate publiko jo genituen laguntza eskatzeko, baina denak itxi zizkiguten”. Hala, besteak beste, ekimena “gordinegia” izan zitekeelakoan, beste bide bat asmatu zuten, lehenik “Hau ez da gerra bat” eman zuena emaitza bezala eta ostean “Bunker”. “Lehenean badirudi maitasunaz edo giza harremanez hitz egiten duela, baina gertukoagoak diren kasuak aitzakia hartuta benetan gerraz ari da”. Bigarrena “hitzaurre” moduko bat izan zela oroitu du, “esan gabe geratu zirenetan sakontzeko”.
Kolektibotasun ideia ere oso agerikoa da Pablo Barrioren “2074” lan distopikoan. Testuak etorkizun posible bat deskribatzen du, egileak “zoritxarrez oso posible” ikusten duena hau “egunero” egiten baita. Era berean, onartu du inork ez dakiela nolakoa izango den, baina literaturak eta, beraz, antzerkiak, “aurreikusteko modua” ematen duela. Antzezlanaren markoa Erdi Aro berri bat da, ez orduko errege-erregina edo enperadoreekin, baina bai “mota horretako ordenamenduarekin, behintzat guri dagokigun munduaren zatiarekin, Lehen Mundua deitua”.
Halako “tonu absurdotik eta fikziotik” Euskal Herriari begiradatxo bat da obra, azken hamarkadatan gertatutakoari errepasoa eginda. Izan ere, balizko etorkizunera luzatutako begirada gaurko gizartearen ispilu bilakatzen da, orainerako gogoetagai. Hala, alderatu du Erdi Aroaren amaiera, Industria Iraultzaren eskutik heldu zena, gizarteak egun bizi duen iraultza digitalarekin. “Orduan antolamenduak aldatu eta estatu nazioak sortu ziren; orain aldatu dira eta bestelako egitura politikoak, boterearen banaketak, ekarriko ditu. Estatu nazioak disolbatu egingo dira eta ahaide nagusiek jokatzen zuten papera korporazioek jokatuko dute, eskubideen iturria dirua edo jabetza izango da”. Aukera horren adibide modura jarri du osasungintzan izan den pribatizazioa.
Hala, fokua “noraezean, inora bidaiatu gabe” ari den lagun talde batean jartzen du Barriok. Hauen definizio eta jarreretan La Zaranda taldearen eragina argia dela azaldu du egileak eta arma garrantzitsuenak “umorea, hizkuntzarekin jolasak eta begirada nostalgikoa” direla. Nolabait herri antzerkiari jarraipena emanda ikuslearentzat “identifikagarriak, entrañableak” izan daitezkeen pertsonaiak sortu ditu, irakurle guztiak “interpelatuak” sentiaraziz.
Gaizka Sarasola editoreak Barriok maiz hartutako lana eskertu dio, antzerkirako testuak etengabe idazten baititu “inolako antzerki talderi bideratu gabe edo norbaitek antzeztuko dituen jakin gabe”. Era berean, nabarmendu du egilearen ohiko inplikazio politikoa islatzen duela “2074” obra distopikoak, “komunitate baterako kezka edo ardura”, baina egungo kezkak abiapuntu izanda.