Taldea: Metrokoadroka Kolektiboa eta JB Pedradas. Zuzendaritza: Pako Revueltas. Testua: Oier Guillan. Aktorea: Jabi Barandiaran. Estetika: Idoia Beratarbide.
Zerk desberdintzen ditu biziduna eta bizigabea? Zein da gorputz batean bizitzari dagokion aierua? Zer da bizitzari benetakotasuna ematen diona? Ostegunean BAD jaialdia hasi zen Metrokoadroka Kolektiboaren azken proiektuarekin, “Salto” izenekoa.
Gela soil batean mahaia, zenbait maniki-buru, eta pertsonaia bakarraren mundu obsesibo eta distortsionatua. Oier Guillan-en testuak, “Butch Cassidy and the Sundance Kid” pelikularekin egiten dituen lotura tematikoekin, eta planteatzen dituen zalantza existentzialekin, oinarri poetiko bikaina hedatzen du eszenan, Jabi Barandiarani egoera ezin hobea eskainiz, honek karaktere uherrak dituen berezko gaitasuna martxan jar dezan.
Hala ere, antzezpenak aurrera egin ahala, argazkian zerbait mugituta dagoelako sentsazioa sortzen zaio bati. Normalean eszena eta publikoa jaten dituen aktore horrengan, zerbait desberdin antzematen da, zarataren bat atzetik.
Horretan gabiltzala, obrak karta bakar batean egiten du bere apustu osoa, gordin eta zorrotz, eta lagunarekin elkarri begiratu ondoren, antzokitik ateratzen da bat, zalantzak ugaritzen zaizkiola: zelan hartu behar da hori? Zer dela eta jokaldi arriskatu hori? Ez ote zuen planteamendu berak, iraupen laburrago batekin, indartsuagoa izango?
Eta kritika idatzi orduko, zalantza gehiago sortzen dira, baina oraingoan, jada, piezak kokatzeko. Posible da aktore batek egindako antzezpenaren azpian komunikazio ildo ezkutu bat txertatzea? Jokatzeko moduari azaleko itxura bat eman eta barnekoari beste bat? Esaten denaren hondarrean, beste zerbait esan? Azalaren azpian oihartzun karrankari baina esanguratsu bat ezarri?
“Salto”-rekin taldea ez da ingurumaritan geratu, eta amildegira egin du jauzi ausarki. Bide batez, oso proposamen interesgarria plazaratu du, meta-teatroarekin jolasten dena eta ikuslearen baitan hausnarketarako hondar iraunkorra uzten duena. Galdera bat antzerkiari buruzkoa. Galdera horietako bat, norbaitek noizbait planteatu beharra zuena.