“Spoken word” izeneko zuzeneko poesia formaturako idatzitako testuak ez ezik, Telleriak Adrian de los Ojos eta Maider Lopez musikariekin batera sortutako kantak ere biltzen ditu liburuak. Elkar argitaletxeak eta Tartean Teatroak eman dute argitara.
“Musikari buruzko liburu bat da. Disko-liburu bat da, baina ez du diskorik. Audio liburu bat da. Ez dakit. Kantak ditu”. Azalpen sigi-sagatsu horrekin aurkeztu du Patxo Telleria antzerkigileak Ai, gure juaneteak lana, Bilbok Bira guneko agertokira igo ahala. Eszenarako pieza modura estreinatu zuen pieza martxoan, Bilboko Loraldia jaialdian, eta, hamaika emanaldi egin ostean, liburu formatuan ere eman dute orain argitara Elkar argitaletxeak eta Tartean Teatroak. Mikel Laboaren hamabi abesti ditu lanak oinarrian, eta kanta horiek Telleriari piztutako gogoetak dakartza testuak. Horrekin batera, ordea, kanten bertsioak eta Telleriaren hitzaldiak entzuteko aukera ere eskaintzen du liburuak, QR kode batzuen bidez. Eta horregatik egin dute aurkezpena agertokian. Eta horregatik, beraz, Telleriaren zalantzazko aurkezpen hori. “Antzerkitik badauka zerbait, baina badauka musika ekitaldi batetik eta literatur lan batetik ere”.
Liburua kaleratu ostean ere, emanaldiekin jarraitzeko asmoa du Telleriak. Bilbok Bira antzokian izango da astelehenean, esaterako, eta Azkainen (Lapurdi) ekainaren 22an. Eta liburu dendetan ez ezik, emanaldietan bertan ere jarriko dute salgai liburua.
Laboarenganako miresmenarekin batera, harengandiko distantzia moduko bat ere aipatu du Telleriak, proiektuaren hasiera azaltzerakoan. “Nik garai batean mila bider kantatu nituen kanta horiek. Oraindik ere euskaraz ez nekienean ikasi nituen Laboaren kantak, eta, beraz, hainbesteraino daude nire barruan iltzatuta. Baina ikusten nuen ni aldatu naizela eta mundua ere aldatu dela, eta ikusten nuen kanta horiek berridazteko aukera ematen zidala horrek”.
Mundu anglo-saxoiko spoken word izeneko poesia moldean topatu zituen horretarako tresnak. Neurri librean eta nagusiki zuzenean irakurtzeko idatzitako poesia mota errimatu bat da berez, eta “esaniko hitza” izena asmatu du Telleriak hura izendatzeko. Onartu duenez, bazuen lehenago ere estilo horretan zerbait egiteko gogoa. “Bestalde, momentu batean, baneukan gogoa lehendabiziko aldiz nire bizitzan material gisa ni jartzeko ere. Hau da, nitaz hitz egiteko”. Eta horregatik aipatu du “biluzte bat” izan dela.
Talde lana
Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariekin batera taularatzen du saioa Telleriak. Eta lan hau ere “talde lana” izan dela nabarmendu du horregatik. Jokin Oregi izan du zuzendari artistikoa, eta Mikel Martinez antzerkigileak egindako oharrak ere eskertu ditu aurkezpenean.
Hain justu, Laboaren kanta baten tituluaren berrinterpretazioa da Telleriaren liburuaren titulua ere. Joxan Artzeren poema bat zuen oinarri Laboaren kantak, eta Nere juaneteak du izenburu. Baina jatorrizko bertsioaren singular hori plural bilakatu du Telleriak bere lanerako. “Nik gogoratzen dut kanta hau noiz idatzi zen eta zer kontestutan. Oligarkiaren aurkako manifestu bat da. Garai hartan horrela ulertzen genuen etsaia: puro batekin eta xistera batekin zebilen gizon bat zen etsaia, hori zelako oligarka, eta guk haren kontra borrokatu behar genuen. Baina niri denborak erakutsi dit munduaren injustizia horretan xisteradunak ez direla hipokrita bakarrak, eta guk ere gure erantzukizuna izan dugula munduaren norabidean. Horregatik, ziria kanpoan sartu beharrean, atzamarra neure begian sartu dut, geure begian”.
Telleriak azaldu duenez, liburuan eta emanaldian badira “biluzte pertsonalagoa” proposatzen duten bertsio batzuk, eta badira “biluzte ideologikoagoa” proposatzen duten beste batzuk ere —aberastasunaren banaketaz aritzeko baliatzen duen Izarren hautsa, kasurako—. Eta, hain justu, lanari titulua ematen dion Ai, gure juaneteak kantarena da diskoko irakurketarik garratzenetako bat.
Artzeren estiloan eta, Telleriak esan bezala, ziria barrurantz itzulita mintzo da Telleria bertan. “Zapalketa gorriaren erailketa biluziaren aitzinean, Gatako Lur muturreko hondartza batean, esate baterako Las Negras, San Jose edo Agua Amargan, ondo merezitako oporraldiak pasatzen ari garen bitartean, hondoraturiko patera bateko naufrago erdi biluziak gure aurre-aurrean kostaldera iristeko borroka etsian ari direlarik, entzungo diguzue ELKARTASUNA hitza aipatzen”.
Txoria txori abestiarena da Telleriak aipatutako bertsio “intimoago” horietako bat. Egileak gogoratu duenez, “mila aldiz” kantatu baitu berak ere kantu hori, baina ez zaio erabat eroso egiten egun. “Azken boladan, ez dakit zergatik, kanta desafinatuta iristen zait belarrira”, onartu du. Eta, hain justu, esaldi horren ostean, abestiaren melodia ezaguna jotzen hasi dira musikariak aurkezpenean, baina, tarteka, apropos teklak erratuz, eta denboraz kanpo joz, desafinatuta. Bukatu, eta baietz esan die Telleriak, atzamar lodia gora: “Joder, oilo ipurdia”.
Eta irribarrearen ondoren hasi da aitortza zerrenda, musika malenkoniatsuak lagundurik.
“Ebaki eizkidazu hegoak, ebaki berehala,/ baina inork jakin ez dezala./ Huraxe izango da gure sekretu birtuala,/ gure bekatu mortala./ Ez dut hegan egin nahi, hauxe da egia makala,/ baina ez kontatu inori, ene konplize leiala.// Esango dugu ezezagun batek traizioz moztu zizkidala/ etsai batek, gauez, lo nintzala,/ errua nirea ez dala,/ mutilazioaz jabetu nintzala/ esnatu ahala,/ bestela egingo nukeela erasotik libratzeko eginahala”.
Komediante petoa
Ez da, edonola ere, Telleriak musika eta literatura uztartuz kaleratutako lehen lana. 2017an ere, euskal kantagintzaren tradizioa oinarri zuen Ez Dok Hiru antzezlana ere kaleratu zuten elkarrekin Elkar argitaletxeak eta Tartean Teatroak.
Poza azaldu du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak bigarren lan hau kaleratu ahal izateagatik. Haren hitzetan, “markaz kanpokoa” baita Telleria. “Errenazimentuko gizona dela esan behar nuen, baina komediante eta titiritero peto-petoa da. Badaki musika, antzezten, zuzentzen, gidoigile zoragarria da, badaki filmak ere egiten”.
Erreferenteei buruz gogoeta egiteko ere baliatu du aukera Mendigurenek, bestalde. “Herri bat, nazio bat egiten du erreferentzia sorta komun bat edukitzeak. Horrek egiten du posible kultura bat. Laboa oraingo gazteentzat ez dakit, baina adin bat dugunontzat hala izan da, erreferentzia konpartitu bat. Baina kultura bat biziko bada, ezinbestekoa da erreferentzia kultural horiek izatea, baina baita tradizio horri traizio egitea ere. Eta bietatik eskaintzen digu obra honek. Erreferentzia hori konpartitzea, eta harekin jolas egitea”.