Konpainia: Goitibera. Laguntzailea: Beheko Larraine. Zuzendaritza: Itziar Fragua. Zuzendari laguntzailea: Miren Tirapu. Musika-aholkularitza: Jon Urrutia. Kontuz abestia: Afonia. Jantziak: Zaloa Basaldua. Eszenografia: Ander Basaldua. Bitartekaritza: Ander Basaldua, Ibai Etxezarraga, Saioa Iribarren. Bideoa: Zazpi t’erdi. Antzezleak: Ander Basaldua, Saioa Iribarren, Gaizka Chamizo / Oier Zuñiga. Lekua: Larrabetzuko eskolako kanpoaldea. Eguna: Maiatzak 31.
Kontuz! Uda atarian daukagu, eguraldiak horren berririk ematen ez digun arren, eta udan lanak datoz, antzezlanak. Haietariko gehienak kale-antzerkiaren arlokoak izango dira, eta euskarazkoetan Goitibera konpainiaren Eraitsi SL hau izango da zalantza barik onenetako bat.
Larrabetzuko patioan atondutako aulkiak ez dira nahikoak izan bertaratutako guztiak jesartzeko, eta, beste aulki orga bat ekartzeaz gain, ume ugarien gurasoetariko batek konbentzitu ditu ikusle txikiak behegainean esertzeko, «zuek ez duzue sarrerarik ordaindu, ezta?» argudio bikainarekin.
Laster ailegatu da beharginen furgoneta, eta handik jaitsi orduko hasi dira eraisketarako materialak deskargatzen, perimetroa markatzen eta segurtasun arauak azaltzen. Umeek beren eskola bota behar zutela entzun dutenean sekulakoa izan da euren protesta —gora herri-eskola, bide batez esanda—, baina, arazo txiki baten ondorioz, egin beharreko eraiste-lanak atzeratu eta beste zeregin askotan eman dute denbora, nonbaiten ahaztutako dinamita kartutxoak agertu diren arte.
Argumentu singlea, beraz, kale-antzerki orori dagokion erakoa, baina arte mota horretan badaude egiteko manera diferenteak eta ezinbestekoak diren elementuak: emanaldiak ezin du testu pisutsurik eduki, baina testuak emango dio zentzua ekintzari; normalean dena izango da umorea, baina une batean edo bestean txertaturiko gogoetek —Saioa Iribarrenen pentsamenduak, adibidez— sakontasuna emango diote guztiari; ikusleen parte-hartzea funtsezkoa izango da, baina horretarako abilidade handia behar da, ez umerik ez gurasorik ez mintzeko.
Puntu horietan guztietan asmatu dute, ondo asmatu ere, eta horretarako baldintza batzuen elkarketa jazo behar da, ezinbestean, lan honetan jazo den moduan: inspirazio sortzailea, prestakuntza pertsonala, ikusleekiko hurbiltasun adeitsua eta, beste ezeren gainetik, ondo pasatzeko —eta pasarazteko— gogoa, antzezleengan nabaria zena eta ikusleak atoan kutsatu duena.
Amaitzeko, ohar pare bat. Bata: emanaldi honetan eta ekainekoetan Gaizka Chamizo handiak ordezkatu(ko) du Oier Zuñigari dagokion pertsonaia. Bestea: sorkuntza hau posible izan da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekari esker, eta, gainera, esku-hartze artistiko interesgarriak egin dituzte Errenteriako Legamia bekari esker, bai esandako herrian bai Hernanin.