Antzerkia, eskola
Jaime Valverde
ehaze.eus, 2024-05-14
“Sarri min ematen du akordatzeak”

Titulua: Sarri min ematen du akordatzeak. Testuak: Joseba Sarrionandia. Zuzendaritza: Igor Martin de Vidales Navarro. Partaideak (Ibarrekolanda BHI eta Tartanga LHko ikasleak): June Aginaga, Unax Alcubilla, Izar Argaluza, Maren Arteta, Irene Benito, Unai Colina, Leire Corrales, Ainhize Egiguren, Xian Fernandez, Maddi Gaminde, Amets Goitia, Lara Guimaraes, Nora Juaristi, Hegoa Laka, Maddi Lasa, Julene Larrosa, Chantal Lacoste, Lur Lovelli, Andoni Magdaleno, Maitane Olano, Endika Palacios, Ainhize Perez, Javier Santana, Izaro Seoane eta Jare Torralba. Lekua: Gernikako Lizeo Antzokia. Eguna: 2024ko apirilaren 16a.

      Ez gintuzke harritu behar eskola antzerkiak gurean arreta gutxi erakartzeak. Azken finean, bazterreko arte baten bazterra izanda, kontrakoa gertatzea izango litzateke ezustekoa. Baina horrek ez du esan nahi arreta hori ez duela merezi. Gogoratu besterik ez dugu —eta uste dut komeni zaigula tartean hau gogoraraztea—, Antton Luku bera aritzen dela esparru honetan aspaldi erabaki kontziente baten kariaz. Arrazoi asko daude eskola antzerkiari begiratu bat emateko —profesionala ez izan arren edo, hain zuzen ere, profesionala ez izateagatik—, eta esku artean daukagun antzezlanean topatzen ditugu haietako gehienak.

      Proiektua Igor Martin de Vidales irakasleak zuzendu du, Ibarrekolanda nahiz Tartanga ikastetxeko ikasleen partaidetzarekin eta Joseba Sarrionandiaren idatzietan oinarrituta. Ibarrekolandak tradizio luzea du batxilergoko Musika eta Arte Eszenikoen adarra irakaskuntzan eta Tartangak ospea du, besteak beste, eskaintzen duen Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Produkzioko goi mailako moduluagatik. Biak ala biak erreferente dira euren arloetan Bizkaian, antzezlan honen kalitateak erakusten duen moduan.

      Dirudienez, egitasmoaren ideia iazko udaberrian sortu zen, Sarrionandiak Ibarrekolanda ikastetxeari bisita bat egin zionean. Orduan, elkarrizketa-omenaldi moduko bat antolatu zuen Martin de Vidalesek zenbait ikasleren laguntzarekin: idazlearen hainbat poema errezitatu zituzten eta Gernika izeneko koreografia erakutsi. Pieza labur horretan aktore-dantzariek bonbardaketaren irudikatzea egiten dute oso modu hunkigarrian, Ken Zazpiren izen bereko kantaren laguntzaz —Sarrionandiaren letrarekin sortutakoa—, eta Picasso-ren koadroko irudiak euren gorputz mugimenduekin gogora ekarriz. Dirudienez, Sarrionandia oso pozik geratu zen ikusitakoarekin eta elkarlanean aritzea adostu zuen Martin de Vidalesekin. Orduz geroztik, antzezlana haziz joan zen: Sarrionandiaren testu gehiago txertatu eta estruktura dramatikoa garatu egin zen 50 minutu inguruko luzera izan arte. Bidean, Tartanga ikastetxea proiektura batu zen ekoizpenaren alde teknikoa bere ikasle zenbaiten esku utzita. Hainbat emanaldi egin ondoren, —tartean Loraldia jaialdian eta Barakaldoko Clara Campoamorren—, eta harrera beroa nahiz laudorio asko jaso ostean, Sarri min ematen du akordatzeak antzezlana Gernika Lizeora heldu zen apirilaren 16an bi saio egiteko, goizekoa ikasleentzat eta arratsaldekoa publiko zabalarentzat. Goizekoa ikusteko aukera izan nuen eta oso sentsazio ezin hobeak utzi zizkidan.

      Ikuskizunak ibilbide emozional eta literarioa eskaintzen du Sarrionandiaren testu paradigmatiko batzuen zehar. Idazleak berak erabili izan duen Ulisesen figura lemazain hartuta, sustraiak, deserria, itsasoa edo hizkuntza bezalako herrialde kontzeptual-sinbolikoetara eramaten gaitu. Erritmo bizia da, eszena labur eta trantsizio azkarrez osatua baitago; errezitatutako poemak dantza koreografia ikusgarriekin eta a capella egindako zenbait kanta hunkigarrirekin tartekatzen dira, Ibarrekolandako ikasleen trebetasun anitzen erakusle. Espazio eszenikoaren atzean, Tartangako ikasleek itxura profesionalarekin sortutako bideo txundigarriak proiektatzen dira: eszena bakoitzari sakontasuna emateaz gain, bertso gako batzuen hitzak irakurtzeko aukera ematen digute, Sarriren poemak belarriekin ez ezik, begiekin ere jaso ditzagun.

      Badago, dena den, hitzez harantzago doan poetikotasun bat, antzezleek euren gorputzekin tarteka osatzen dituzten konposizio liluragarrietan. Adibidez, aktoreak lurrean bizkarrez belauniko itsaso leun eta kulunkari bat irudikatzen dutenean, edo espazio eszenikoan estrategikoki kokatuta, arraunean aurrera ezarian-ezarian doan txalupa bat islatzen dutenean, Ines Osinagaren Txalupa abestia koroan kantatu bitartean. Momentu hauek guztiek esperientzia teatrala biziki eraginkorra bihurtzeaz aparte, beharrezko kontrapisua eskaintzen diote poemen errezitatzeari. Izan ere, nire uste apalean, poesia antzerkian pisutsuegi gerta daiteke maiz, dramaturgia mamitsu batek —kasu honetan lortu den bezala— eutsi ezean.

      Aberastasun horrek ez dio publikoari une batez aspertzen uzten, eta poliki-poliki, zentzuaren piezak badoaz bata bestearen ondoan kokatzen. Eszenek gai desberdinak ukitzen dituztenez eta oihartzun poetikoak bazter anitzetatik datozenez, ez dago interpretazio bakarra ateratzerik; nork bere berezko bidaia osatuko du ikusitakoak barruan pizten dizkion emozioekin, baina uste dut badagoela antzeman daitekeen ildo nagusi bat. Horri dagokionez, erraza da Sarri eta Ulises identifikatzeko tentazioan erortzea, idazle iurretarraren bizipenek mito izaera eskuratu dutelako gure kulturan, baina obra honen Ulises Kavafis-en erara irakurri behar dugulakoan nago —gogora dezagun Sarrionandiarentzat erreferentziazko autorea dela—; hots, proposatzen zaigun bidaia norberarena da, nork bere berezko Itaka eskuratu artekoa, poeta greziarrak bere Ithaka olerki ezagunean iradokitzen zuen moduan.

      Edozelan ere, nostalgia eta memoria motorra badiren arren, obra ez da malenkonia antzuan geratzen; antzezle gazteengandik ernetzen den freskotasun eta bizi-indarrak lagundurik, hala nola etorkizunera begira dauden eszena zenbaiti esker, memoria eta geroa modu orekatuan kateatzen dira taula gainean. Adibidez, iraultza utopiko bat irudikatzen duten eszenan, non aktoreek matxinada poetiko bat proposatzen duten orain eta hemen lortu nahi dituzten ametsekin.

      Hain zuzen ere, esango nuke Ulisesen bidaia indibidualaz aparte, herri bidaia moduan ere irakur daitekeela obra. Memoriaren txalupa honek bisitatzen dituen parajeak, Gernikaren bonbardaketa bereziki, gure herri identitatea osatzen duten une paradigmatikoak dira. Orobat, ibilbidearen soinu banda diren Sarriren poemak gure ondare biziaren adibide funtsezkoak dira. Eta horrek guztiak iradokitzen du Itakaraino egin beharreko bidaia garrantzitsu, ezinbesteko hori, herri moduan egiten ari garela baita ere; hizkuntza diglosia eta burujabetza falta gure erbeste behartuaren sinbolo dira, igaro behar ditugun Eszila eta Karibdis, eta helduak garenok kostaldea oraindik urrun ikusten badugu ere, gazteengan dugu itxaropena noizbait uharte prometatura helduko —bueltatuko— garela.

      Bukaeran, arestian deskribatutako Gernika koreografiak obraren momentu gorenera eramaten gaitu, baina oraingo honetan Ken Zazpik berriki eginiko Gernikan, Gazan bertsioa entzuten dugularik. Horrela, Gernikaren bonbardaketaren oroitzapena eguneratu egiten da Gazako sarraskiarekin loturik, eta berez hunkigarria den momentuak indar berezia eskuratzen du, aktore gazteen erabateko inplikazioak bultzatuta.

      Sarri min ematen du akordatzeak, beraz, obra borobila dugu, eta apika profesionalen akabera ez badu ere, badauka, trukean, horrek eskura ezin dituen freskotasuna eta ilusioa. Bereziki gomendagarria deritzot ikasleei erakusteko antzerkizaletasuna sustatzeko asmoz. Uste dut badituela, izatez, horretarako beharrezkoak diren osagai gehienak: erritmo bizia, diziplinartekotasuna, proposamen dramatiko ikusgarria, oinarri literario sendoa, momentu hunkigarriak eta ikasleentzat gertutasuna eskaintzen duen antzezle talde aparta.