Konpainia:Amahiru. Zuzendaritza: Joxerra Fachado. Testua: Iñaki Cid. Antzezleak: Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi, Iñaki Cid. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, Club aretoa. Eguna: Martxoak 29.
Ezagutzen ez duzun talde baten antzezlana ikustera joan eta lan horrek duen kalitatea mirestekoa izateak poz handia ekartzen digu ikusleoi. Alaitasun berezi moduko bat, aurkikuntza beragatik, baina, baita ere, sortzaile gazteak izaki, hurrengo piezei izate sendoagoa aurreikusten diegulako, antzerkigintzan alegiazko etorkizun irmoa, alegia.
Sorpresa Donostian izan da, Amahiru konpainiaren eskutik, Joxerra Fachadoren zuzendaritzapean. Aretoan eskainitako bi funtzioak mukuru bete dituzte, sarrerak agortuta. Hotsa zebilen hirian zerbait ona zetorrela, eta hala izan da. Publikoa kontent joan da, txalo beroak eskaini ondoren.
Bi pieza labur eskaini dizkigute bata bestearen segidan. Proposamen eszenografikoak hiru aktoreen lan orekatsuan du sostengua. Atrezzorako elementu gutxi erabili dituzte, baina modu eraginkorrean; musikan, antzezleen kantuak besterik ez da izan; eta jantzi aldaketa sinple bat egin dute pieza batetik bestera. Ideia bat izan dezazuen: A panaderia-ren estiloko dramaturgia eskaini digute, mimoa, clowna eta antzezpen naturalista nahasten dituena, erritmo azkarrekoa, trantsizio onak egiten dituena, publikoa konplize bilakatzen duena. A! eta, herenegun behintzat, fitxa artistikoan aipatzen ez diren argiak oso era egokian erabili zituzten.
Komedia eskaini digute, gaurko sentsibilitatetik idatzia. Lehenbiziko piezan, bikote irekia hirukote iraunkor bihurtzen dela ikusi dugu. Argumentu mailan askoz konplexuagoa den bigarren zatian, protagonistek haurdunaldi subrogatua hizpide izan dute Iñaki Ciden testuan. Gaurko harremanetan kezkabide ditugun gaiak, bistan da, baina kutsu didaktikorik gabe. Antzezleak, eroso, publikoa bezain ondo pasatzen ari zirela antzematen zen. Antzerkiaren poza, errepresentazioa jolas moduan ulertzen dutenen adibidea dugu Duzhe gaizki.
Dagoeneko orainaldi gaztea zareten horiei, bide luzea izan dezazuela, belaunaldi aldaketak dakartzan ekarpenak gauza daitezen, oholtzan gehiagotan behar zaituzte-eta publikoak. Zuek eta zuek bezalako taldeak zein bakarlariak mimo handiagoz, hobeto zaindu beharrekoak zarete, gure antzerkigintzan etorkizuna anitza izatea nahi bada behintzat!