Geratuak gara goizaren erdian Durangoko salmenta postuan EHAZEren txiringitoa muntatzeko. Gazte nintzelarik, bigarren pleistozenoaren amaieran, pintada bat ikusi nuen gris eskalako tonu guztien erakusgarri zen Bilbo hartan. “Teatro, vago” (Antzerkia, alferra). Testuak ez zeraman komarik —antza, nire zuzentzaile sena garai haietatik datorkit— baina, bere laburrean, arrasto sakona utzi zidan. Nork esango lioke orduko troglodita hari bere mezu sakontasunez blaituak urteak, hamarkadak eta mende aldaketa bat eta guzti zeharkatuko zituela oraingo lerroburuaren inspirazioa eta guzti izatera ailegatu arte?
Beraz, alferrontzi garbiak izanik, goizaren erdian geratuak gara, ohetik goizegi jaiki behar ez izateko eta badakigulako salmenta postuaren dekorazioa atontzeko bi ordu inguru behar ditugula, zenbait urtetako eskarmentuak eta honezkero idatzita ditugun argibide-orriak dioskunez. Hori bai, aurreko egunean jaitsi ditugu ganbaran gordeta ditugun kaxak, barrak, kartoizko fokuak eta tresneria guztia, eta goizetik goiz (hamarrak aldera edo) autoa hartu dugu. Urteko kultur zeremonia handian geure lekua defendatzera goaz.
Behin salmenta postuaren dekorazioa amaituta, eta dagokion puntualtasun osoarekin, gure Lemazain Handia —kariñoz esan ohi diot— agertu da itsaspeko kobazulo batean gordeta zituen liburu kaxa guztiez hornitua eta, gure harridurarako, salmahai gaineko balizko hauts geruza kentzeari ekin dio liburuak atontzen hasi baino lehen. Kotoiaren froga!!! Eta gu perfekzionista sendaezinak ginelakoan! Orduan ikusi dugu liburuak gauza sakratutzat hartzea noraino hel daitekeen, eta gu desertuko hondar aleak baino txikiagoak sentitu gara erritual ohoragarri horren aurrean.
Aurten, gainera, sagrario berri bat daukagu gure liturgiarako, DA! egunetan batuko dugun dirua merezi duen adorazioarekin gordetzeko: kaxa metalikoa da, beltza —diruak kolore serioa eskatzen du—, sendo-sendoa, giltza eta guzti daukana, billeteetako konpartimentuak ere badituena. Eta zabaltzean erretilu berezi bat dauka txanponetako hutsune erdizirkularrekin hornitua, haien balio nominalaren arabera sailkatuta gera daitezen. Bermeon esaten den legez, luxu eta banidadie!
Kutxa itxuroso horren alboan txanponak antolatzeko baliatzen genuen plastikozko euskarria —sei Petit Suisse zekarren bandejatxoa— alboratuta geratu da betiko. Bere perimetroan zeraman zinta isolatzaile orlegi eta horiak apaingarri tristea baino ez da orain eta etxera bueltan eraman dugu harentzako kontsolamendurik aurkitu gabe. “Progresoa da, lagun, aurrerakuntza! Denbora berriei egokitu beharra! Orain zuk deskantsua hartu, merezi duzu eta!” Baina ez, berak berdin jarraitu du Bilbora arte, burumakur, agian Petit Suisse-ak bere ontzitxoetan zeramatzan aro haietaz harro. Nork esango dio orain, edukiontzi horira botatzerakoan, birziklatzearen paradisura joango dela eta agian beste objektu batean berraragituko dela, geuk ere halako txorakerietan jada ez badugu sinisten? Izan ere, berraragitzea birziklatzea baino sinesgarria egiten zaigu aspalditik.
Eta gero etorri dira txandak. Zelan ez, horretarako muntatu dugu hau guziau azken finean. Txanda batean edo bestean Josu Zubia oñatiarrarekin (ni ere erdi txantxiku naiz) eta Eneritz Artetxerekin egon gara solasaldi mamitsuetan sartuta, baina lehendabizikoan Patricia Urrutia aurkitu, Ekin eta Joka liburuaz hizketan hasi eta berak anekdota polit bat azaldu digu: Bilboko areto ezagun batean rara avis bezala programatu zuten Hozkailua. Badator arduraduna bi antzezleak aurkeztera eta dio, “Zuekin, Hozkailua, Ander Lipusekin eta…, eta…”. Bakarrik Patricia Urrutiaren izena ikasi behar zuen —suposatzen da Ander Lipusena bazekiela—, baina ezta hori ere!
Bezeroen artean atentzioa eman digute batzuek. Matrimonio bat eguerdi batean hurbildu eta liburuak argazkietan hartzen hasi da. Azalpena: 17 urteko semeak antzerkia ikasi nahi du eta beraiek argazkiak bidali ahala, berak, “…bai, hori erosi; ez, hori ez”. Mundiala! Biok eskertu digute, bihotzez, emandako informazioa, aitak bereziki. Ez dago dena galduta! Halako batean neska gazte bat etorri da, sortze-prozesuetan oso interesatuta: Eneritz Artetxeren Karanbola Hirukoitza eta Dejabukoen Arrastoak erosi ditu, nik egin diodan Ainara Gurrutxagaren dramaturgia oharren propagandak erakarrita.
Tarte zuri batean Jon Koldo Vazquezek ekarri du bere bizi-poza gure salmahaira eta beste batzuetan Lipusen Antzerkiaren labirintoan egin dut aurrera, Lali Atx Teatroko Naiarekin —beti izango da Atx Teatrokoa— eta bere mutilarekin azken urteko hutsunea berreskuratzen zuen bitartean. Arratsalde berean Goitibera Teatroko Saioa Iribarren eta Ander Basalduak bisitatu gaituzte (txandaren bat ere bete dute), baina beste batean Iparraldeko salmenta postuetara hurbildu naiz eta Maiatz-enekoan Txomin Hegirekin egin dut topo, urtero lez egia esan, eta berak urtero lez esan dit liburu batzuk dituela buruan eta nik urtero lez animatu dut idazten, eta berak Chimères konpainiaren egoera gorabeheratsuaz hitz egin dit, baina itxaropentsu oraingo honetan, akordio bat negoziatzen daudelako hango administrazioarekin.
Aurkezpen batzuetara ere joan naiz. Gotzon Barandiaran eta Maddi Sara Goikoetxea Juanena izan dira lehenak, eta ezagunak ditudan arren ni Goikoetxea pertsonalki agurtzearren azaldu naiz, azken urte erditik hona Arantzazu Fernandezekin eta gurekin batera osatzen duelako Berriako kritika lan-taldea, eta orain arte bilera telematikoetan bakarrik neukan haren berri. Lipusen liburuaren aurkezpena ere entzun dut gogoz, eta ona iruditu zait berak zer esan ez zekiela entzutea eta lehen galderari erantzuteko hogeita bost minutu erabili izana. Hiruretan animatuena Benetan Be taldeak atera duen CDaren aurkezpena izan da. Kontzertu ederra eman dute horren harira eta Urrutiak bere talentu eta sinpatia agorrezinaz poltsikoratu ditu bai umeak bai helduak, haietariko bi izan ezik: titia amarengandik hartzen zegoen jaio ia berria eta berarentzat ere titi eske etorri zaion justu-justu ibiltzen zekien beste ume ibiltari bat.
Desmuntatze ordua ailegatu da azkenean, eta kaxak berriz betetzen ari ginela agurtu ditugu Ander Fernandez eta Idoia Hernandez ‘Hatxe’ musikariak. Ander Fernandez, gu bezala, Les Bobé Bobé talde gasteiztarraren emanalditik zetorren —San Agustin aretoan eman dute Txilin hotsak— eta han poztu nau beste bezero batek nik emandako gomendioa bete zuela ikusteak. Kontent geratu da gizona hara joan izanaz, eta guretzat ere pozgarria izan da lanaren azken emanaldian egotea, jada beste bitan ikusia genuen arren. Ordea, oharkabean joan zaigu Jon Ander Urrestiren Eukaliptus-en emanaldia. Pena! Baina seguruenik Aulestin ikusiko dugu.
Behin edo behin, Lorentxa Saragueta kazetaria ere ikusi dugu EKEren izenean Iparraldekoen segimendua eginez, baina arratsaldeak beste irudi polit bat utzi digu, Joseba Sarrionandiak Aititaren betaurrekoak liburua besapean zuela Oier Guillanekin mostradore aurrean hizketan egon denean. Argazkiak atera dizkiet, zelan ez —batez ere nire liburuari ospea eta arrandia eman nahian, je, je—, baina Guillanek esan dit ez zutela argazkia aterako. Mundu honetan ez dago justiziarik. Eskerrak gure plastikozko erretilu zaharraren irudia gorde dugun!