Iņaki Cidek eta Pantzo Hirigaraik irabazi dute Cafe Bar Bilbao sariketa
Markos Tedin-Uriburu Castro
Berria, 2024-01-19

Iñaki Cid donostiarrak Arropa zuria obrari esker irabazi du, eta Pantzo Hirigarai baigorriarrak Dolua obrari esker.

      “Gidoigileak bultzatzeko asmoz” jaio zen Cafe Bar Bilbao Antzerki saria, orain dela 21 urte, Mikel Martinez aktore eta antolatzailearen hitzetan. Urtero bezala, antzerkigintzan gidoiak zer garrantzi duen azpimarratu du, eta azaldu du idazleei “laguntza emateko” sortu zutela proiektua. 31 gidoi aurkeztu dituzte aurtengo edizioan: hamar euskaraz, eta 21 erdaraz. Aurkeztutako lanen “kalitate handia dela eta”, hiru saridun izan ditu XXI. edizioak. Euskarazko atalean, Iñaki Cid donostiarrak eta Pantzo Hirigarai baigorriarrak jaso dute saria, Arropa zuria eta Dolua lanei esker, hurrenez hurren. Gaztelaniazko atalean, Teruelgo Braulo Cortez Diaz izan da irabazlea, Diario de desdichas lanarekin. Gai bat eta bera izan dute lan saridunek: hirurek dolua landu dute.

      Amek egunero keinu txikien bidez transmititzen duten jakinduria galtzeko beldurrari buruzko antzerkia da Arropa Zuria. Lan honetan, doluak garrantzi handia du. “Nik badaukat ama, eskerrak, baina badaukat beldur hori ere, biharko egunean, ama galtzen baldin badut, informazio hori guztia galduko dudala”, azaldu du Cidek. Ez da irabazten duen lehenengo lehiaketa: 2022an Donostiako Kutxa literatura saria irabazi zuen, Behin batean Loiolan antzezlanari esker.

      Bizpahiru trilogia osatzen duen lanetako bat da Dolua, euskarazko ataleko beste sariduna. Antzezlan horretan, hiru lagun bueltatzen dira beste lagun baten hiletatik, eta, bidean, beste bizitzarik ba ote dagoen eztabaidatzen dute. Bitartean, ez dira konturatzen hil berri den laguna haien artean dagoela. Hirigaraik kontatu du zergatik idatzi duen gidoia: “Gure taldeko lagun batek senide bat galdu zuen, eta eskatu zidan heriotzaren gaiaz zerbait idazteko”. Baigorriarrak hiru aldiz irabazi du Donostia hiria saria.

      Cortes Diaz 2000. urtearen inguruan heldu zen Bilbora, kazetaritza ikastera, eta, geroztik, Euskal Herrian bizi da. Egun, Barakaldoko Arimaktoreko taldeko kidea da, eta Pabiloi 6 taldearekin zenbait antzezlan egin ditu. Diario de desdichas lan sarituan, itxialdian gertatzen den historia bat kontatu du, eta irrealitatearen gaia jorratu du, baita doluarena ere. Hau du jaso duen lehenengo saria, eta biziki eskertu die antolatzaileei: “Horrelako ekimenek laguntza handia ematen digute”.

 

      Zer datorren

      Martinezek gaurko sariketan iragarri duenez, otsailaren 29an euskarazko ataleko lan sarituen irakurketa dramatizatua egingo dute Cafe Bar Bilbaon, Lautan Hiru jaialdian. Sarituek 750 euroko laguntza jasoko dute.