Barruko gaitzak
Jaime Valverde
Gara, 2014-03-12
“Pankreas”

Tartean Teatroa. Lekua eta eguna: Bilbo (Arriaga Antzokia), 2014-03-12. Testua: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria.

      Organo delikatua dugu pankreasa. Gorputzaren barruko tolesetan omen dauden horietako bat da, ez dakigu ongi zertarako balio ote duen, eta hobe, beharbada, berataz entzuten ez badugu bizitza osoan; medikuak aipatuz gero, gaitzen bat dagoelako izango baita segurki.

      Barrunbe deseroso horretan sartu da Tartean Teatro taldea, bertsoz paraturiko testu batekin, eta ikusmin handia sorturik Arriaga Antzokiko estreinaldian; Donostia Antzerki Saria irabazi berri duen taldeari dagokion legez.

      Telleriak berak aitortu duenez, erronka gisa hartu du testua bertsoz idaztea, —mendizaleek Himalaya igotzea bezala, bere hitzetan—, eta baiki esan daiteke gailurra egin duela horretan; nahiz eta, niri neuri, bertsoaren berezko hanpadura arraroa egin zaidan une batzuetan.

      Edozelan ere, hirukoteak komediarako duen trebetasunak bigarren maila batean uzten du bertsoaren kontua. Eszenografia soil, txukun eta aseptiko batean, oso planteamendu erakargarri batetik abiatzen da lana: hots, pertsonaia baten ahalegina suizidatzeko erabakia duen lagunak suizidatzeko data aurrera dezan, hirugarren batek premiazko duen pankreas transplantea ahalbidetzeko. Hortik aurrera obraren tentsioa egokiro doa gorantz, istorioaren korapiloa umore beltz onenaren eremuan endredatu ahala. Estruktura dramatikoak zein aktoreen jarduerak komediaren eskakizun oro betetzen dituzte, eta emaitza gozagarria da publikoarentzat.

      Telleriak eta lagunek berriro erakutsi dute genero honen mekanismoak maisuki menperatzen dituztela, baita komediaren bihotza izaten dena ere; alegia, gizakiaren ahuleziak topatu eta erakusteari dagokiona. Izan ere, “Pankreas”-ek seinalatzen dizkigu, entzun nahiko ez genukeen mediku hark bezala, barruan gordeta izan ohi ditugun gaitzak: gure ahuleziak eta gezurrak, gure asmo zintzoen azpian maiz ezkutatzen diren helburu makurrak. Gogorarazten digu, sendagarria den barre algara sortzeaz batera, toles askoko jendea garela.