Testua: Xabin Fernandez. Zuzendaritza: Aitziber Garmendia. Antzezleak: Xabin Fernandez, Intza Alkain. Ekoizpena: Txalo Produkzioak. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: azaroak 28.
Legorretatik dator notizia, diagnostiko bat izan dela, eta ez edonolakoa. 1.500 biztanle inguruko herrian —Wikipedia dixit— bertako semea den Xabin Fernandezi giza immunoeskasiaren birusa (GIB) detektatu zioten boluntario gisa odola ematera joan zenean. Fernandezek ez zuen horrelako ezustekorik espero, eta depresioak eta antsietateak jota pasatu zituen hainbat urte. Anonimotasuna gordetzea ezinezkoa den herri txiki batekoa izanik, ez da harritzekoa. Gainera, bisitatu zuen lehenbiziko sendagileak ez kontatzeko aholkatu zion. Beraz, isiltasuna urte luzeetan. Hala ere, ezkutuan luzaz gordetako egia mingarriak nonbaitetik atera behar, eta, kasu honetan, zoritxarreko albistea jaso eta hamar urtera, bizipen horiek antzezlan konfesional moduan onduta eskaini dizkigu.
Bi pertsonaia daude eszenatokian: Fernandez bera eta birusa. Azken horren rolean, ikusleen miresmena irabazten ari den Intza Alkainen antzezpena goraipatu beharrekoa dugu. Ondo moldatzen da Fernandezekin, ez dio protagonismoa kentzen, nahiz eta teatralki teknika garatuagokoa izan. Bikote egokia osatzen dute Aitziber Garmendiaren zuzendaritzapean.
Umorez bilduta dator testua; publikoaren konplizitatea lagun izateko asmoz idatzia dago, eta, batez ere, hausnarketa egin dezagun hiesari buruz. Zergatik dago —oraindik ere— sekretuen kaiolan? Positibo izateak zergatik segitzen du estigmatizaturik? Galdera horiek direla-eta egiten du Fernandezek biluzte ariketa, aitortza, armairu irtete pedagogiko osasungarri bat.
Eszenografikoki sotila da gorri-beltzeko muntatzea: oholtzaren erdian, kaiolak ahalbidetzen du barru-kanpo dikotomia, preso ala libre sentitzearen antonimia; finean, ezkutaleku garden bat da, non aktoreak sartu-irtenean ibili diren etengabe. Antzezlanak erritmo arinari eusten dio zati musikatuek lagunduta. Gay iruditeria hainbat keinuz ere hornitzen da, hala nola Queen taldearen We Will Rock You melodia edota Gloria Gaynorren I Will Survive kanta. Pop kulturari egindako begi-keinua ditugu kontakizuna eten duten telebistako lehiaketak ere. Amaiera aldera, bukaera borobiltzeko zailtasunak ikusi ditugu, baina hala ere, erraz ulertzen da benetakotasunez helarazi diguten mezua. Hernanin, kasurako, edota Legorretan.