Sortze prozesuen probalekua
Agus Perez
ehaze.eus, 2023-11-23
Arte Hartze zikloa

Artistak edo kolektiboak: Maite Aizpurua, Idoia Hernandez ‘Hatxe’, Metrokoadroka. Lekua: Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Laudio). Eguna: Azaroaren 19a.

      Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak egitarau polita prestatu du Arte Hartze zikloko aurtengo laugarren emankizunean, Errenteriako hiru talde edo artista gonbidatuta. Egitarau hirukoitza izan da, betiko moduan giro hurbil eta atseginean bilduta, lokalera hurbildu diren euskaldunen gozamenerako.

      Gaualdiaren lehen emankizuna Maite Aizpuruaren antzerki-testu batzuen irakurketa izan da. Forever du izena beste batzuen laguntzaz prestatzen eta zuzentzen ari den produktu eszenikoa, eta laguntasunaren gaia izango du ardatz. Sortze-prozesuaren hasierako fasean dagoen proiektu honek tanto polit batzuekin jaio da Gipuzkoako Foru Aldundiaren egile saria eta Laudioko Ekintzen Faktoriaren sormen-beka jaso ostean. Aizpuruak berak dioenez, “heteroarautik kanpo gure bizitzak bizitzen saiatzen garenon arazoak, frakasoak eta kezkak nola planteatu” da lanaren xedeetariko bat. Era berean, “sareak nola sortu” izango da antzezlanaren beste gako bat, eta gaurkoa bezalako ekitaldiak erantzun posibleetariko bat izan daiteke. Testua Intza Alkain eta Mejillon Tigre kolektiboarekin ari da ontzen, eta gaurko irakurketan Idoia Hernandez ‘Hatxe’ musikariaren laguntza izan du lehen atalean.

      Izan ere, ‘Hatxe’-rena izan da protagonismoa bigarren zatian. Panpina hautsien dantza deitzen da bere proiektu berria, eta angelu zuzenean atondutako bi teklaturen laguntzaz hamar bat kanta intimista bezain indartzaile aurkeztu digu. Abestien hitzak Elia Millanenak dira kasu gehienetan —beste batzuetan, Peru Galbeterenak—, eta gu-guztiok geratu gara haien poesian eta Hatxeren konposizioetan eta ahotsean harrapatuta. Haiek guztiak iruditu zaizkigu delikatuak, iradokitzaileak eta abangoardia artistikoan bete-betean kokatuak, eta ordu erdi pasatxoko emanaldia leuntasun handiz igaro da, gure izpirituak luma ikusezin batek ferekatu izan balitu bezala.

      Egitarauari amaiera emateko Artxibo biluzia aurkeztu Metrokoadroka kolektiboak Marina Suarez Ortiz de Zarateren eta Oier Guillanen zuzendaritzapean, Idoia Beratarbide zuzendari artistikoa dela. Proiektuak Jose Mari Torrealdai beka jaso du aurten eta, hain zuzen ere, Torrealdaik Euskaldunon Egunkariaren itxieraren kontura bere etxean jasandako miaketa eta artxiboen bahiketa du abiapuntu, berak orduan esandako hitzak gogoratuz: “Biluzik utzi naute, ez fisikoki baina bai intelektualki”.

      Taula gainean Intza Alkain eta Javi Barandiaran ikusi ditugu, eszenatoki soil baina funtzional batean eta atzeko pantailan hainbat irudi iradokitzailek lagundu diote testuari. Antzezleen hitzetan, “konferentzia antzeztua” aurkeztu digute, hasiera batean behintzat, baina emanaldia aurrera joan ahala beste molde batzuetarantz aldatu dira, ekintza fisikoei, irudien erabilera metaforikoari eta gorputzen biluztasunari balio eszeniko nabarmena emanez.

      Gaualdiko beste lan biak bezala, sortze-prozesuan dago Metrokoadrokaren azken lan hau ere. Beraz, probaleku bezala funtzionatu du Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak, artista eta konpainiei aukera emanez beren lanak benetako ikusleen aurrean erakusteko eta haien iritziak eta erantzuna era hurbilean eta zuzenean jasotzeko. Zalantzarik gabe, balio gehitua da Aiaraldeko ekimen kulturalerako eta, zer esanik ez, jaiotze bidean dauden proiektu artistikoetarako.