Dogma 95 antzokian
Agus Perez
Berria, 2023-10-10
“Festen”

Zuzendaritza: Maria Goirizelaia eta Eider Zaballa. Itzulpena: Kepa Errasti. Eszenografia: Jose Luis Raymond. Interpreteak: Loli Astoreka, Aitor Borobia, Kepa Errasti, Olatz Ganboa, Nagore Gonzalez, Ione Irazabal, Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza eta Egoitz Sanchez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 6a.

      Dogma delako estiloa Danimarkan hasi zen 1995ean Lars von Trier eta Thomas Vinterberg zinemagileen ekimenez. Ohiko zineaz aspertuta omen zeuden, eta di-da batean idatzi zuten manifestuak azkar hartu zuen indarra. Funtsean, aldarrikatzen zena —artifizio guztietatik ihes egitea eta benetakotasuna bilatzea—, Hirugarren Munduko zineman praktikatu da betidanik, ze erremedio, baina europar nartzisismoaren eraginez, gurea balitz bezala saldu zuten ideia. Mugimenduak ez zuen asko iraun, baina tartean film eder batzuk munduratu ziren, eta haietariko lehena Thomas Vinterbergen Festen (Ospakizuna) izan zen.

      Orain, Arriaga antzokiaren ekoizpenez ikusi dugu haren egokitzapen bikaina, antzoki nazional bati dagozkion sen artistikoak eta baliabideek lagunduta. Ulertzekoa denez, zaila da film famatu bati teatroaren lanabesekin aurre egitea, zinearen mamu ahalguztiduna beti dagoelako presente horrelako proiektuak abiatzean, baina kasu honetan behintzat ondo egin diote aurre demari.

      Alde guztietatik begiratuta, erabakigarriak eta egokiak izan dira taularatzerako hartu diren hautuak: hasteko eta behin, sendia ez da filmean bezala mahaiaren bueltan eseri, eta horrek dinamismo handiagoa eman dio eszenaratzeari; gero, besaulki patioko lehen lerroen ordez, terraza moduko bat atondu dute, bertan eszena labur batzuk ikusleengandik hurbil antzezteko; eta gainera, kamerari batek filmatu du guztia, eta dekoratuaren horma nagusian proiektatu diren irudiak baliagarriak izan dira antzezleen aurpegiak hurbiletik ikusteko eta jauregiko beste leku batzuetan gertatzen zena jakiteko. Izan ere, jatorrizko filmean ospakizunera etorriak ziren gonbidatuen gelak gauza askoren lekuko izan ziren. Amaitzeko, neskato batek jokatu du, bikain jokatu ere, bere buruaz beste egin zuen arreba bikiaren rola.

      Nik, behintzat, beti dauzkat nire zalantzak umeak edo gaztetxoak halako gai gogorreko antzezlanetan sartzearen inguruan, eta nire buruari galdetzen diot ea ez ote zen posible haren presentzia beste era batean gauzatzea. Baina antzezle-taldeaz ari garela, agian tanto nagusia aktoreen hautaketa izan da: Mikel Martinez eta Egoitz Sanchez sendotasun osoz aritu dira aita eta seme salatariaren roletan, eta beste guztiek txukun gorpuztu dituzte egokitu zaizkien pertsonaiak. Ordea, amaiera aldeko sexu-eszena kolektiboa ez zait pertinentea iruditu, baina bere karga teatrala eduki du eszenaratzearen aldetik, eta bukaeran faltan izan dut aitak semeari filmean ziotsona: “Ondo borrokatu zara, seme” —”Ondo egina, seme”, diotso orain—, bizitzak eta aitatasunak horrelako kontraesan mingarriak eta azaldu ezinak dauzkatelako.