Indarrean da jada Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arte eszenikoen sektoreko lehen lan ituna. Arautu gabe izan dituzte lan baldintzak urteetan. Lanbidea duintzeko bidean aurrerapauso bat dela azpimarratu dute eragile nagusiek.
Marko bat jarri die lan egiteko baldintzei, muga bat orain arte halakorik ez zuen eremu zabalari: agertoki bat sortzeko moduei. Arte eszenikoen sektorean diharduten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako profesionalek arau jakin batzuen arabera jardun beharko dute aurrerantzean. Uztailaz geroztik, indarrean baita lan baldintzak erregulatzen dituen sektoreko lan hitzarmena. Urteetan arautu gabe egon ondoren, itunak aurrenekoz zehazten ditu industria horretan diharduten enpresen eta langileen arteko lan harremanak. Lanbidea duintzeko bidean beste urrats bat izatea, hori dute erronka.
“Mugarri bat” da lan ituna, Agurtzane Intxaurragaren iritziz, uste baitu “behingoz” sektorea erregulatzeko aukera emango duela: “Lan itun honen muina hori da: poltsa berean sartuko gaitu denok azkenean, eta inork ezingo du etikoki edo legezbaldintza horietatik aparte lan egin”. Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteko ordezkaria da Intxaurraga, eta, azpimarratu duenez, lanbidearen aldeko aldarri bat ere bada akordioa oinarrian: “Ez gaitu gu bakarrik lotzen; gizarteari begira ere, lan hitzarmen bat izateak ematen dio sektoreari halako pisu bat edo seriotasun bat: gu ere sektore ekonomikoa gara”.
Alizia Otxoa EAB Euskal Aktoreen Batasuna elkarteko idazkari nagusiaren iritziz, “aurrerapauso bat” da lan ituna. Baina gogorarazi du “gutxieneko hitzarmena” dela, akordioan jasota daudenak baino lan baldintza eta soldata hobeak baitituzte aktoreek kasurik gehienetan: “Pozgarria da behingoz lan hitzarmen bat izatea, orain arte derrigorrean bete beharrekoa ez zen eta aholku gisa funtzionatzen zuen akordio bat baikenuen. Baina ez dugu nahi orain kontrako bidean erabiltzea”.
2014ko akordioa oinarri
Otxoak hizpide duen akordioa dago arte eszenikoen lan itunaren oinarrian, hain zuzen ere. Hamar urtez negoziatzen aritu ondoren, gutxieneko lan baldintzak adostu zituzten Eskenak eta EABk 2014an. Itunak ez zuen lege babesik, ordea, eta soilik bi elkarte horien arteko lan harremanak arautzen zituen. Baina “historikotzat” jo zuten bi aldeek orduan, eta orain ere iritzi diote sektorearentzat “erreferentzia” izan dela urte askotan.
Harrezkero, “su txikian” aritu dira Eskena eta EAB lan ituna “egosten”, Intxaurragak azaldu duenez. Bi elkarteek adostu dituzte akordioaren oinarriak, nahiz eta sektoreko gainerako eragileen ekarpenak ere jaso dituzten. Horien artean daude, besteak beste, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea, Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea eta EZE Euskal Zirku Elkartea. Behin oinarri nagusiak hitzartu ondoren, sektoreko mahaiak onartu zuen hitzarmena. Bertan parte hartu zuten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek.
Lan hitzarmenak 2014ko akordioak jasotzen zituen puntu ia berberak biltzen ditu. Arautzen ditu lan kontratu motak, lanbide kategoriak, gehienez zenbat orduz egin dezaketen lan jarraian, zenbat egunez, zenbat atseden egokitzen den bakoitzean, entseguen iraupena, aldagai bakoitzaren araberako gutxieneko soldatak eta dietak, ekoizpen eszenikoa filmatzeko baldintzak, ordezkaritza eskubideak... “Uste dut oso osatuta dagoen lan hitzarmena dela; guztiok atera ginen pozik”, adierazi du Intxaurragak.
Esaterako, helduentzako obra batean protagonistaren rola jokatzen duen aktore batek 205 euro kobratuko ditu funtzioko. Eta sei orduko entsegu batengatik 57,50 euro. Ordainsari horiek KPI kontsumo prezioen indizearen arabera eguneratuko dira, gainera. Hori da berrikuntzarik nabarmenetako bat 2014ko akordioarekin alderatuta. Eragileek aitortu dute punturik “zailenetakoa” izan zela akordioa erdiesteko orduan, eta, konpainiek kezka batzuk agertu badituzte ere, erosteko ahalmena ez galtzeak egonkortasun ekonomikoa bermatuko duela azpimarratu dute alde guztiek.
Sektorearen “errealitatera” egokitzeko, adostu dute uztailaren 1ean egitea eguneraketa hori, urtarrilaren 1ean egin beharrean. Izan ere, kontratazioak bost edo sei hilabete lehenago egiten dira gehienetan. Modu horretan, “errealagoa” izango da inflazioaren eragina neurtzeko.
Hitzarmena 2025eko ekainaren 30era arte egongo da indarrean. Behin epe hori amaitzen denean, indarrean jarraituko du, harik eta ordezkatuko duen beste bat onartu arte. “Bi urteko epea daukagu funtzionatzen duen edo ez ikusteko, eta gure aldetik ekarpenak eta proposamenak biltzeko. Goiz da oraindik ezer esateko; etxea atontzen ari gara”, esan du Otxoak.
Diziplina oro ikusarazteko
Beste berritasunetako bat zera da: antzerkia, dantza, zirkua, kaleko artea... Ekintza eszeniko guztiei eragingo die hitzarmenak oraingoan. “Lehen, eskaintza oso bereizita egoten zen diziplinen artean, baina hibridazioa ikaragarria da orain. Jendea proiektu baten inguruan biltzen da”, arrazoitu du Intxaurragak. “Beraz, erregulazioa bera izango da guztientzat”. Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, 400 enpresa kontratatzaile eta mila interprete inguru dira.
Hain zuzen ere, hitzarmenak dantzaren kolektiboa “ikusgarriago egiten” eta “profesionalizatzen” lagunduko duela uste du Aritz Lopezek, Larrua dantza konpainiako kideak eta ADDE elkarteko batzordekideak. “Beste diziplina batzuekin alderatuta, dantzarena itzalean dagoen azpisektorea da. Antzerkiaren aldean, gutxiago programatzen da, esaterako. Horrek lehia are gehiago estutzen du, eta konpainia askok prezioak nabarmen jaisten dituzte kontratazioak erakartzeko. Lan baldintza kaskarrekin ordaintzen dugu guk hori gero”.
Bada, lan ituna “garrantzitsua” izatez gain, “aurrerapauso handi bat” dela nabarmendu du Lopezek. Haren hitzetan, dantzariak “babesteko” balioko du, eta konpainiei ere lagungarri izango zaiela iritzi dio, “batez ere, erakundeen aurrean eta prezioei dagokienez”. Izan ere, elkarteak bazuen lehendik ere “gida moduko bat”, lan baldintzen ingurukoa. “Guretzako justuak ziren prezioak zehazten zituen, edo entseguen iraupenak zenbatekoa izan behar zuen”. Baina hura ere ez zen loteslea. “Marko legal bat jarriko dio horri itunak orain”.
Pandemia inflexio puntua izan zen sektorearentzat ildo horretan, Lopezen ustez. “Jarrerak hurbiltzen” eta “komunikazio leiho berriak zabaltzen” lagundu baitzuen. Eta horrek aurrez urteetan egindako lanari behar zuen bultzada eman zion. Bat datoz horretan gainerako eragileak ere. Edonola ere, ohartarazi dute, lan hitzarmena ezinbesteko urratsa izan bada ere, sektorean dihardutenen lan baldintzak urrun daudela oraindik izan beharko luketenengatik. “Bide luzea gelditzen da oraindik egiteko”.
Gakoak
Arte eszenikoen lan hitzarmenak hamabost puntu ditu denera. Hona hemen gako horietako batzuk:
Eragina. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte eszenikoetako profesional guztiei eragiten die lan hitzarmenak, interpreteei nahiz enpresei. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kulturaren Behatokiaren arabera, 400 enpresa eta mila langile inguru lirateke.
Indarraldia. Lan ituna bi urtez egongo da indarrean, hots, 2025eko ekainaren 30era arte. Epe hori amaitutakoan, luzatu egingo da aldi hori, hitzarmena gaurkotu edo beste bat adostu arte.
Entseguak. Gehienezko iraupena zehaztu da: sei ordu egunean (36 ordu astean). Lan jardun horien gutxieneko ordainsaria Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera eguneratuko da.
Emanaldiak. Emanaldi arteko gutxieneko atseden tarteak zehaztu dira (ordubete, egun berean diren bi saioren artean; eta hamabi ordukoa, saioak elkarren segidako egunetan direnean). Baita eguneko gehieneko saio kopurua ere: bederatzi (iraupenaren arabera gutxiago izan daitezke).
Soldatak. Lanbide kategoriaren araberako gutxieneko ordainsariak ezarri dira. KPIaren arabera eguneratuko dira, nahiz eta berrikuspena urtearen erdian egingo den, eta ez urte amaieran, kontratazioetan eragin ez dezan.
Ez aplikatzeko klausula. Enpresaren batek ituna aplikatu nahi ez badu, ezingo du alde bakarrez erabaki: langileen baimenarekin egin ahalko du soilik.