Iragan ostiraletik, abian da Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 24. aldia, abuztuaren 6ra arte. Bigarren aldiz, Ane Pikazak eta Maria Goirizelaiak zuzendu dute, parekidetasuna eta “egiteko modu berriak” lehenetsita.
Antzerkia bidaiatzeko manera bat dela uste du Ane Pikazak (Bilbo, 1984). “Beste mundu eta ikuspuntu batzuetara bidaiatzekoa”. Eta, bidaiatzea maite duenez, ederki daki egunotan non gelditu: Erriberrin (Nafarroa). Ostiralean hasi zen Erriberriko 24. Antzerki Jaialdia, eta abuztuaren 6an bukatuko da. Tafallan, Beiren eta San Martin Unxen ere izanen dira emanaldiak —azken horretan, aurrenekoz—. 2021etik, Pikaza eta Maria Goirizelaia dira zuzendariak. Elkarrekin ondu dute antzerkiz, musikaz, dantzaz eta zirkuz jositako egitaraua.
Jaialdiak irauten duen bitartean, nolakoa da giroa Erriberrin?
Mugimendua nabaritzen da. Igartzen da nola dabilen jendea joan-etorrian, ikuskizun batetik bestera, tabernak nola betetzen diren... Oso giro polita izaten da.
Bigarrenez zuzendu duzue jaialdia. Orain arte, zer moduzkoa izan da aurtengo esperientzia?
Ona. Aurrekoa baino hobea, eta uste dut aurrerantzean ere hobetuz joango dela. Herria eta jaialdia gehiago ezagutzeak asko laguntzen du.
Harreman estua izan ohi duzue erriberritarrekin?
Bai, eta lotura aspaldikoa da. Aurtengoa 24. aldia da, baina aurretik ere egin ziren bestelako jaialdi batzuk. Batetik, nabarmentzekoa da herriak jaialdian ematen duen zerbitzua, eta, bestetik, jaialdian badira propio mediazioa sustatzeko zenbait ekintza; adibidez, gazteentzako tailerrak eta asteburuetan Nafarroako konpainietako artistekin egiten diren topaketak.
22 ikuskizun antolatu dituzue, eta 39 emanaldi izanen dira guztira. Nolakoa da eskaintza?
Programazioa gizarteari lotuta dago: parekidetasunari begiratzen dio, baita inklusibitateari, jasangarritasunari, belaunaldi ezberdinei, Nafarroako konpainiei eta dramaturgia berriei ere. Begi bat jartzen du egiteko modu berrietan. Esango nuke badela askatasunari eta hausnarketari egindako kantu bat. Edo deialdi bat, aurtengo leloak dioen bezala: Etorkizuna orain da. Orain pentsatu behar dugu dauzkagun arazoetan, orain mahaigaineratu. Gaur hartzen ditugun erabakiek sortzen baitute etorkizuna. Dena den, gozamenetik ere egin daiteke hori guztia.
Horrek zer esan nahi du?
Hausnarketaz ari garenean, ez dugu esan nahi Erriberriko jaialdia astuna dela. Adibidez, egitarauan bada obra bat maskulinitate berriei buruzkoa, oso kode alaietan egina: Man up. Argi izan behar da egiteko moduak ez dutela zerikusirik gaiekin; gai serio asko landu daitezke oso modu hurbilean.
Izan ere, kritikotasuna pizteko ere balio dezake antzerkiak.
Zalantza barik. Bakoitzak berea pentsatzea erraza da. Geure tokitik mugitzea da zaila, eta antzerkiak ezin hobeto egiten du hori.
22 ikuskizunetatik hamahiru emakumeek sortuak, idatziak edo zuzenduak dira. Industriako ohiko kopuruen isla fidela da?
Ez. Mariak eta biok mundua ikusteko dugun modua da. Neurri handi batean, proiektu hau aurkeztu genuenean, gure mundu utopikoa aurkeztu genuen berez; zer gustatuko litzaigukeen izatea eta zer uste dugun dela beharrezkoa arte eszenikoen programazio batean. Hasiera-hasieratik, argi geneukan parekidetasuna marra gorri bat zela, eta ez modu oportunistan edo azkenaldian beharrezko ikusi dugulako. Horrekin lotuta, jende askok galdetzen digu: “Aurten ere horrekin?”.
Eta zer erantzuten diezu horiei?
Esaten diegu: “Bai, aurten ere bai, eta datorren urtean, eta guk parte hartzen dugun proiektu guztietan”. Epe luzera begiratu behar dugu. Gainera, gure inguruan ikusten genuen askoz errazagoa dela gizonezkoen proiektuak jasotzea, emakumeenak baino. Bestalde, zuzendaritza artistikoan ere askoz gutxiago gara andreak. Uste dugu eman direla aurrerapausoak, baina, datuei begiratuz, ondorioak argiak dira: ez dago parekidetasunik, eta, egon dadin, halako proiektuak behar dira. Hemen, obren %50 emakumezkoenak izango dira beti, gutxienez.
Iaz izan zen lehen aldiz euskarazko obra bat egitarau ofizialean. Aurten ere badago, baina bakarra da, berriz ere: Lore More taldearen Trapu zikinak. Zergatik ez gehiago?
Iaz, euskarazkoa haurrentzako ikuskizun bat izan zen, Tafallan. Aurten, euskarazko ikuskizuna askotariko ikusleentzat da, eta Erriberrin egingo da, uste baitugu hala jende gehiago bertaratuko dela. Ikuskizun bakarra dago, baina egonaldietako bat euskaraz egiten ari dira, Mikele Urrozen eta Lucia Ezkerren Mendia. Badago gorakada, beraz.
Sarrerak ekainaren 9tik dira salgai. Zer moduz saltzen ari dira?
Oso ondo. Uztailaren 23koak [gaurkoak] gutxiago saldu dira, hauteskundeengatik, baina agian horrek esan nahi du jendeak hausnarketarako gorde duela eguna. Esango nieke Erriberrin oso plan aproposa dutela gogoetarako: Lucia Mirandaren Casa obra. Etxebizitzari buruzko aldarrikapena egiten du. Beraz, etorri.
Emanaldi batzuk doakoak dira. Alderdi ekonomikoak asko mugatzen du ikusle kopurua?
Eragiten du, eta ezin dugu ez ikusiarena egin. Gainera, ulertu behar dugu jende guztia ez dagoela arte eszenikoei lotuta, daukan adina daukala ere. Behintzat, badira emanaldi batzuk leku itxietatik atera eta kalera irteteko. Hori bada modu bat antzerkia publikoago egiteko, eta agian horrela lortuko da batzuek esatea: “Hor barruan zer gertatzen da?”.
Zer xarma du kaleko antzerkiak?
Oso polita da ikustea adin guztietako jendea leku berean; gainera, zer gutxitan gertatzen den hori! Ze, dirudienez, sistema saiatu da gizartea adinka banatzen, eta lortu du.
Zaletasunean, arrakala handia dago gazte eta helduen artean?
Baietz uste dut. Aipatu ohi da badagoela belaunaldi galdu bat. Nerabezarotik heldutasunerako bidean badaude batzuk oso lotura estua dutenak eta beste batzuk beste lehentasun batzuk dituztenak, urrundu egiten direnak. Naturala da. Kontua da ez dagoela antzerki mota jakin bat helduentzat, eta beste bat gazteentzat. Gure egitekoa lan onak erakustea da, bereizkeriarik gabe.
Jaialdiaren irizpideen arabera, beste bi aldi zuzentzeko aukera duzue; betiere, hala nahi izanez gero. Hori da asmoa?
Balorazioa egiten da urtetik urtera, eta horren arabera erabaki. Mariak eta biok hala nahi genuke, baina, bestalde, ikusi beharko da hauteskundeetan zer gertatzen den. Dena alda daiteke.
Zuzendari izanik, izaten duzu jaialdiaz gozatzeko astirik?
Bai. Antzerkiak gaitasun berezi bat baitu: argia itzali eta ikuskizuna hasten denean, zeure buruari uzten badiozu, erraz murgiltzen zara beste mundu batean.