Lekua: Donostia, Antzoki Zaharra. Eguna: Urtarrilak 25. Autoreak: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa.
Ramon Agirre eta Inazio Tolosa errepidean ditugu berriz, “Xentimorik gabe” obran aurkeztu zizkiguten Ray eta Nik pertsonaiak berreskuratuta eta orduan proposatu formatu komiko-musikalari jarraipena emanda.
Taula askoko artista bi hauek euskal kantagintzaren historia ero baten kontaketa egiten dute, munduan zeharreko bidaietan pilaturiko pasadizo xelebreekin tartekatuz. Road movie teatralaren itxura hartzen du obrak denetarik egiten omen dakiten bi zirtolari hauen esku. Bi orkestra-gizon, euskal imajinario musikalarekin bihurrikeriak egiteko orkestratuak.
Naturaltasuna eta konplizitatea lortzeko duten erraztasunaz, publikoa bidaia-lagun bilakatzen da hasierako unetik; eta egoera barregarriak ezerezetik sortzeko duten gaitasunaz, parodia da bide nostalgikotik daramatzan ibilgailua. Ez dok hamairu-tik Beatles-era, San Petersburgotik Siziliara, ingelesezko abestien bertsio burugabeak eta hizkuntza arrotzetan solas zentzugabeak dira ibilbidearen geralekuak.
Antzezlanaren helburua xumea bezain duina da: jendea entretenitu, barrea eragin eta aspaldiko abestiak —eta batailak— gogoraraztea. Eta nahiz eta nire ustez ikuskizunak distantzia laburretan irabazi beharko lukeen —azken finean, Ray eta Nik pertsonaien berezko ekosistema taberna dela dirudi—, Antzoki Zaharreko publikoa altzarazi eta kantaraztea lortu zuten larunbatean, gorantza doan erritmo bati esker
Batek ezin dio barreari eutsi Mikel Laboa, Lourdes Iriondo edo Xabier Lete bezalako jendeaz egindako imitazioen aurrean, ikono horiek oroimenean duten solemnitateak pizten baitu Tolosak. Izan ere, iraganeko kontuak hobeak izan ez ezik, komikoagoak ere badira, gaurtik begiratuta.